Oinatz Elustondo: "Futbola pasio bat izan da niretzat"

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 23a, 09:19
Oinatz Elustondo joan den denboraldiko Anaitasuna-Lagun Onak derbian, Txerloian. (Lagun Onak)

Lagun Onaken gizonen talde nagusiak Espainiako Hirugarren Mailako ligaren azkenaurreko partida jokatuko du gaur (18:00) Garmendipen, San Ignacioren kontra. Taldeko kapitainak, Oinatz Elustondok (Azpeitia, 1990), bere azken partida izango du etxean. 32 urte bete berri ditu, eta denboraldiaren amaierarekin batera esango dio agur futboleko ibilbideari, kirol horrek eman dionarekin beteta eta etxekoen babesa eskertuta.

Zenbat urte egin dituzu Lagun Onaken?

Eskola kirolean Ikasberrin jokatu ondoren, infantiletako lehen urtean, 12 urterekin, Lagun Onaken hasi nintzen. Urtebete eginda, Realak fitxatu ninduen. 19 urtera arte jokatu nuen Realean. Sansera iritsi nintzen, baina partida bakarra jokatu nuen, jubeniletan nengoela igo ninduten batean. Sanseko lehen urtean Lagun Onaken jokatu nuen urtebetez, Realak utzita. Hura amaituta, Realean esan zidaten ez zutela nirekin kontatzen, eta Portugaleten jokatu nuen beste urtebetez, han ere Hirugarren Mailan. Portugaleten denboraldia osatuta itzuli nintzen Lagun Onakera, eta 11 urte jarraian egin ditut hemen. Beraz, guztira hamabi urte egin ditut Lagun Onaken talde nagusian.

Eta Lagun Onaken kapitain, zenbat denbora?

Bi urte, iazkoa eta aurtengoa. [Hodei] Tena erretiratu zenean hartu nuen kapitaintza; kapitainordea nintzen, eta hark futbola utzi zuenean, niri eman zidaten ardura.

Nola oroitzen duzu Realean ez zenuela jarraituko jakin zenueneko unea?

Primeran oroitzen dut egun hura. Ez nuen espero ez jarraitzea, nahiko ondo ibili nintzen Lagun Onaken utzita jokatu nuen denboraldi hartan. Realak kontratua berrituko zidala uste nuen, eta kolpea egundokoa izan zen, gogotik egin nuen negar.  Baina amaiera gogorra izan arren, Realean pasatu nituen urteetako oso oroitzapen onak ditut. Hasieran zaila egiten da herritik irtetea eta jende berriarekin konfiantza hartzea; euskaraz bakarrik hitz egiten ibiltzetik, han leku askotako jendea elkartzen ginen han, errioxarrak, nafarrak... eta gaztelaniaz ere hitz egin behar. Lehen urtea zailxeagoa izan zen, baina gero lagunak egiten dituzu, eta oso ondo egon nintzen. Alde egitea kolpea izan zen, baina egon naizen beste taldeetan ere ondo egon naiz.

Realetik kanpo gelditu zinenean, espero al zenuen futbolean hainbeste urte jarraitzea?

Bai. Beti izan dut garbi nik futbolean jokatuko nuela; are gehiago, azkenean egin ditudanak baino urte gehiago egitea ere espero nuen. Futbola pasio bat izan da niretzat. Realetik kanpo gelditu nintzenean, garbi neukan han edo hemen jarraituko nuela nik futbolean lehiatzen. Inoiz ez zitzaidan bururatu 25 urterekin-edo uztea. Gerta daiteke eta gertatzen da lan kontuengatik nahi baino lehenago utzi behar izatea, baina niri ez zait halakorik tokatu, beti uztartu ahal izan ditut ondo lana eta entrenamenduak. Alde horretatik ez dut arazorik izan eta, azkenean, neuk erabaki dut noiz bukatu.

Noiz hartu zenuen uzteko erabakia? Erraza izan al da?

Joan den denboraldian, argi neukan beste urtebetez behintzat jarraitu nahi nuela; jende gutxirekin genbiltzan, eta jarraitzea nahi nuen. Gero, haurra izango genuela jakin nuenean, hor bai, erabaki nuen aurtengoa izango zela azkena. Denboraldi hasieran esan nuen jada ziurrenik hau izango nuela azkena, eta urtean zehar erabaki hori sendotuz joan naiz. Gurasotasunaz gain, fisikoki 23-24 urteko jendearen pare egoteko ere esfortzu handia egin behar da. Eta horrekin batera, azken hiru denboraldiak gogorrak izan zira, asko sufritu dugu mailari eusteko. Batean, pandemiarengatik libratu ginen; iaz, bukaeran sekulako bolada harrapatu eta zortzi partida jarraian irabazi genituelako; eta aurten ere antzera, azaroan eta abenduan oso gaizki ibili ginen, jaitsierako postuetan ibili gara. Zorionez, otsail aldera espabilatzen hasi ginen, martxoa eta apirila oso onak egin ditugu, eta denboraldia lasai bukatzeko aukera izan dugu behintzat.

Taldea Hirugarren Mailan utzita lasaiago joango zara, ala?

Bai, hala da. Alde horretatik, gustura nago. Taldea mailaz jaitsi ondoren utzi izan banu, okerrago sentituko nintzateke, ziur.

Zeuk esan bezala, mailari eusteko sufritzen ari da azken urteetan Lagun Onak.

Lagun Onak ez dago gaur egun Hirugarren Mailan aurrekontu handienak dituzten taldeen artean. Jokalariak fitxatzerakoan, diru aldetik ezin du lehiatu beste talde batzuekin; beste kontu batzuengatik konbentzitu behar izaten ditu jokalariak Azpeitira etortzeko. Lagun Onakek beti izan du izen ona talde langilea delako eta aldagelan giro oso ona duelako, eta nik esan dezaket hori horrela dela. Aipatutakoez gain, Azpeitiko futbol zelaia oso ederra da, gero eta zelai gutxiago gelditzen dira belar naturalarekin, eta Garmendipe normalean ondo zainduta egon izan da.

Hamabi urte egon naiz ni Lagun Onaken, urte horietan guztietan jokatu du taldeak Hirugarren Mailan. Hirugarren sailkatu ginen urte bat kenduta, besteetan sufritzea tokatu izan zaigu. Sailkapenaren erditik behera ibili izan gara aspaldiko urteetan, ohituta gaude nolabait horretara, baina egia da azken hiru urteotan nahi baino gehiago sufritu izan dugula. Horrek buruari eta egunerokoari eragiten dio; futbola bizi baduzu, akitu egiten zaitu.

Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?

Aurten nahiko talde ona osatu da. Jokalari oso onak etorri dira, maila altuagoetatik eta. Horrela mantenduz gero, uste dut aurrera begira nahiko talde ona geldituko litzatekeela. Pena da azpeitiar gutxi samar daudela.

Etxeko jokalariek zer pisu dute gaur egun Lagun Onaken?

Azken urteetan Hodei Tenak, Joanes Otamendik, Erik Aranburuk... taldea utzi dute. Jokalari beteranoak joan dira, orain ni ere banoa, eta gazteagoen esku gelditzen da taldea: Xabi Gereta, Iker Bastida, Egoitz Iraola... Bigarren taldea ere ondo dabil, mailaz igotzekotan. Talde nagusia baino bi maila beherago ari da lehiatzen, eta mailaz igotzeko aukera du; Gipuzkoan bigarren taldea maila horretan duen beste talderik ez dago, Real Union bakarrik. Horrek esan nahi du harrobia badagoela. Iruditzen zait badaudela jokalari interesgarri batzuk eta horiek jauzia eman beharko luketela; aukera eman beharko litzaieke, merezi dutelako, eta lehen taldean azpeitiar gehiago egoteko ere bai. Azkenean, etxeko jokalariek sortzen dute mugimendua herrian, horiek erakartzen dute jendea zelaira.

Kapitaintza esku onetan utziko al duzu?

Egia esan, nire atzetik ez dago taldean jarraian urte ikaragarri daramatzan inor. Sergio Barquero da urte gehien daramatzana, eta Xabi Gereta dago gero; hiruzpalau urte daramatzate biek taldean. Haiek izango dira kapitain berriak, eta beraz, bai, esku onetan geldituko da kapitaintza.

Garmendipen azken partida jokatuko duzu gaur. Nola irudikatzen duzu?

Egun berezia izango da niretzat, dudarik gabe. Garmendipera taldeko txandala jantzita, partidarako prest azken aldiz joatea...  Ez dakit momentuan kontziente izango naizen, partida bukatzen denean bai, agian. Pentsatzen dut egun hunkigarria izango dela 

Ligako azken partida, ordea, datorren astean jokatu du Lagun Onakek, Uritarraren zelaian. Hura ere jokatzeko asmoa izango duzu, ezta?

Bai, noski. Biak jokatuko ditut gustura, hemengoa eta hangoa, entrenatzaileak jartzen banau.

Zein da futbolarekin lotuta duzun oroitzapenik onena?

Avilesen kontra Bigarren B mailara igotzeko jokatu genuen play-offaren itzulerakoa. Hemen 1 eta 0 irabazi genuen, eta han 1 eta 0 galdu. Luzapena jokatuta, penalti jaurtiketetara iritsi ginen. Talde bakoitzak hamabi penalti bota genituen; Joanes Otamendik bi aldiz bota behar izan zuen, berak bota zuen lehendabizikoa, eta azkenean beste bat bota behar izan zuen. Sailkatzea lortu genuen, eta gogoan dut neuk kristoren partida jokatu nuela, baina penaltia huts egin nuen. Egundokoa izan zen. Azpeitiar mordo bat joan zen hara partida ikustera, zelaia ere berezia zen, hoteleko egonaldia... Futbolari profesional sentitu ginen egun hartan.

Joan den denboraldiko azken partida ere oso berezia izan zen. Lagun Onak inork aintzat hartzen ez zuenean, denek maila galduko genuela uste zutenean, zortzi partida jarraian irabazi, eta Garmendipen Somorrostroren kontra azken minutuan gola sartuta lortu genuen mailari eustea. Ikuslerik gabe jokatu behar izan genuen, baina izugarria izan zen azken partida hura bukatutakoan zelaian bertan bizi izan genuen festa, egundoko momentua izan zen.

Zer da zuretzat futbola?

Orain arte, nire bizitzan tarte garrantzitsuenetakoa bete duena. Txikitan pilotan ere ibiltzen nintzen, kirola betitik gustatu izan zait eta jarraituko dut kirola egiten, baina nire kirolik gustukoena futbola izan da beti. Gainera, futbola ez da futbola bakarrik: taldeko lagunarte hori, autobuseko bidaiak, afariak... dena. Eta zenbat jende ezagutzen duzun, bai zeure taldekoak, bai beste taldeetakoak. Oso aberasgarria da. Diziplina eta heziketa ere bada futbola, jendea errespetatzen ikasten duzu; lehiatu, bai, baina errespetuarekin, beti. Gauza handia da futbola niretzat.

Eta Lagun Onak, zer da zuretzat?

Nire taldea. Txikitatik izan naiz Realekoa, baina herriko taldea da Lagun Onak. Txikitan ere beti joaten ginen asteburuetan Garmendipera; BMtik pasatu, egundoko merendola erosi, eta Lagun Onak ikustera joaten ginen. Gure erreferenteak ziren han jokatzen zutenak. Eta, azkenean, neuk bukatu dut Lagun Onaken jokatzen. Hemendik aurrera, jarraituko dut ahal dudan guztietan Garmendipera joaten.

Agurraren unean, ba al duzu norbaitentzat mezurik?

Eskerrak eman nahi dizkiet etxekoei. Atte, ama, Ihintza, eta Maite eta June. Haiengatik izan ez balitz, ez nukeen futbolean hainbeste urtetan jokatzeko aukerarik izango. Gurasoek eraman eta ekarri izan naute futbolean jokatu ahal izateko; entrenamendutik etxera berandu iritsi, eta afaria ia beti prest. Asko erraztu didate dena. Murtzian Aguilasen kontra jokatu genuenean lehengusuek, osaba-izebak eta gurasoek eman zidaten sorpresa ere ez dut ahazten. Han azaldu ziren denak futbol zelaira, batere espero ez nuela. Uste dut unean bertan txarrerako eta dena eragin zidala ezustekoak, hunkitu egin nintzen. "Hauek naturalak al dira? Honaino etortzea, gu ikusteko", pentsatu nuen. Hurrengo eguna astelehena zen. Goizeko zortzirak aldera ailegatu ginen etxera. Bederatzietarako sartu behar nuen neuk lanera, lorik egin gabe ia. Eta aita ere han joan zen lanera, batere lorik egin gabe, gau osoa autobusean bizkarra oker-oker eginda pasatuta. Beraz, eskerrik asko etxeko guztiei, beraiek gabe ez litzateke-eta posible izango ibilbide hau guztia.