Lagun Onaken gizonen taldeak mailari eustea lortu du

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 30a, 09:30

Somorrostrori 2 eta 1 irabazi zion atzo Garmendipen, bat gutxiagorekin jokatzen ari zirela azken minutuan Ekhi Gonzalezek sartutako golari esker. Hiru puntu horiekin, liga bukatzeko bi jardunaldi falta direla, ziurra da Azpeitiko taldea sailkapeneko azken sei postuetatik salbu geldituko zela. 

Festa eta ospakizun giroa nagusi izan zen atzo Garmendipen Lagun Onakek eta Somorrostrok jokatutako partidaren amaieran. Etxeko taldeak berez morala goian uzten duen garaipen horietako bat lortu zuen, jokalari bat gutxiagorekin eta gaizki pasatzen ari zenean luzapeneko azken minutuan etorri zen gol bati esker. Horrez gain, ordea, aparteko balioa izan zuen atzoko garaipenak, hiru puntu horiekin Espainiako Hirugarren Mailari eustea lortu zuelako Lagun Onaken gizonen talde nagusiak.

Lehen zati parekatua golik gabe bukatuta, emozio eta gorabehera guztiak bigarren zatirako utzi zituzten Lagun Onakek eta Somorrostrok. Joanes Otamendik ateratako falta bat sareetan sartu zuen Sergio Barquerok etxekoak markagailuan aurretik jartzeko. 1 eta 0ekoak ez zion asko iraun Lagun Onaki, Somorrostrok laster berdindu baitzuen neurketa. Baina bizkaitarren gola ez zen izan berri txar bakarra Ander Avellanedak zuzentzen duen taldearentzat. Banakoa iritsi eta handik gutxira, Jakes Gurrutxagari txartel gorria atera zion epaileak, eta hamar jokalarirekin gelditu zen Lagun Onak. Hortik aurrera, sufritzea tokatu zitzaien azpeitiarrei. Sailkapenaren zuloan den Somorrostrok majo estutu zituen etxekoak. Lagun Onakek berdinketari eustea nahikoa zirudienean, ordea, Beñat Urangak baloia lapurtu, Ekhi Gonzalezi eman, eta horrek 2 eta 1ekoa sartu zuen, azpeitiarren artean zoramena piztuz. 93. minutua zen. Somorrostrok baloia zelai erditik atera eta berehala bukatu zen partida, eta hor iritsi zen Lagun Onakeko kide guztien pozaren eta ospakizunen bigarren eztanda, goiko bideoko laginean ikus daitekeenez.

Liga bukatzeko bi jardunaldi falta dira, Lagun Onakek 39 puntu ditu, eta mailari eusteko lehian ari direnen hamarreko multzoaren goikaldean da. Hamarreko multzo horretan, azken seirek maila galduko dute, baina atzoko hiru puntuei esker Azpeitiko taldeak badaki ez dela horien artean egongo. Ligako lehen zatian asko sufritu eta hiru garaipen bakarrik eskuratu zituen Lagun Onakek, atzetik ekin zion gero etorri zen mailari eusteko lehiari, baina zirt edo zart egiteko unea iristearekin batera goitik behera aldatu zen taldearen joera: ligako bigarren fase erabakiorrean, zortzi partida jokatu eta beste horrenbeste irabazi ditu Avellanedaren taldeak, azkena atzo, Somorrostrori.