Hodei Tena: "Lagun Onakekin egin dudan ibilbidea zoragarria eta erabat positiboa izan da"

Hodei Tena, Garmendipen jokatutako partida batean. (Utzitakoa)

22 urte egin ditu Hodei Tenak (Azpeitia, 1986) Lagun Onak futbol taldean. 12 urterekin murgildu zen klubean, eta orduz geroztik, denetarik bizi izan du Lagun Onakekin. 17 urte zituela debutatu zuen Azpeitiko taldearekin Espainiako Hirugarren Mailan, eta azken urteotan Lagun Onakeko kapitaina izan da. Urte luzeetako ibilbidearen ostean, futbola uztea erabaki du. Lagun Onak futbol taldean egindako ibilbideaz eta ikasitakoaz solastu da Tena Uztarria.eus-ekin. 

Zer dela eta erabaki duzu orain futbola uztea?

Dedikazio handia eskatzen du futbolak, eta aita izan ostean, ez dut sobera denborarik. Umearekin egoteko ere denbora gutxi dut. Finean, familiari dedikazio eta denbora gehiago eskaintzeko utzi dut futbola.  

Zenbat urte egin dituzu Lagun Onaken? Inoiz pentsatu al zenuen lehenago lagatzerik?

Ez, orain arte ez dut horretan pentsatu. Tira, iaz hasi nintzen aurrenekoz zalantzan jartzen futbolean jarraitu behar al nuen edo ez. Izan ere, gure haurra iazko denboraldiaren amaieran jaio zen, eta ez nekien futbolarekin jarraitzeko gai izango al nintzen. Zalantzak izan genituen arren, azkenean egoera eramangarria izan zitekeela pentsatu genuen, eta futbolarekin jarraitzea erabaki nuen. Aurten, ordea, bestelakoa da egoera. Dagoeneko probatu dugu zer den guraso izatea, eta ikusi dugu zenbat denbora eskatzen duen.

Horrenbeste urte klub bakarrean. Gutxik lortuko dute hori, ezta?

22 urte egin ditut Lagun Onaken. 12 urte nituela hasi nintzen, infantil mailan, eta 34 urterekin utzi dut. Atera kontuak, urte mordoxka da hori, ia bizitza osoa. Ez da erraza horrenbeste urte futbolean aritzea, batez ere gu ez garelako futboletik bizi. Lana egiten dugu, eta horrek asko baldintzatzen du jokalariek futbolean aritzeko izan ditzaketen baldintzak. Hau da, baliteke lanagatik entrenamenduetara ezin joatea edo partidak ezin jokatzea. Horrek asko baldintzatzen du jokalari baten jarduna, eta ni zorteduna izan naiz, ez baitut arazorik izan zentzu horretan. Oso gustura aritu naiz, eta baldintza egokiak izan ditut beti. Gainera, lesio gutxi izan ditut urte hauetan.

Nola oroitzen dituzu hastapenak? 

Beti izan naiz futbolzalea. Amak beti kontatu du txikitan baloiarekin egiten nuela lo ohean. 12 urterekin hasi nintzen Lagun Onaken, eta aurreneko egunarekin ondo oroitzen naiz. Taldearen aurkezpena zen, eta jende ugari joaten zen hitzordura. Izan ere, garai hartan gauzak ez ziren orain bezala. Orduan infantiletan ezin zen nahi beste talde atera; talde bakarra osatzen zen. Jende asko gelditzen zen taldetik kanpo. Ni, zorionez, hartu egin ninduten, eta handik aurrera etapaz etapa aritu naiz. Infantiletetatik kadetetara, eta horrela, pixkanaka, lehen taldera iritsi arte.

Urte politak eta gogorrak biziko zenituen klubean. Zein dira dituzun oroitzapenik ederrenak?

Etapa bakoitza izan da berezia, baina badira ahaztuko ez ditudan momentu batzuk. Egoera politak beti gogoratzen dira, esaterako, liga irabazi genuen urtea. Duela lauzpabost denboraldi Espainiako Bigarren B Mailako igoera faserako sailkatu gineneko oroitzapen ederrak ditut. Horiez gain, Lagun Onakekin Espainiako Hirugarren Mailan jokatu nuen lehen urteko oroitzapen oso onak ditut. Orduan 17 urte nituen, eta taldea ez zegoen unerik onenean; zuloan geunden. Baina asko borrokatu ostean, mailari eutsi genion.    

Eta unerik garratzenak?

Egia esan, urte guzti hauetan ez dut momentu txarrik bizi izan klubean, nahiz eta une batzuk gogorragoak izan diren. Esaterako, gogorra egiten zitzaidan taldekide gazteek, Azpeitiko gazteek, arrazoi ezberdinak tarteko kluba uzteko erabakia hartzen zutela ikustea. Izan ere, ikusten nuen batzuek bazutela etorkizuna Lagun Onaken. Gazteak taldetik joaten ziren une horiek gogorrak izaten ziren niretzat.

Taldekide askorekin elkarbanatu duzu zelaia. Erraza al da horrenbeste pertsonekin ondo konektatzea zelaian?

Giro ona da Lagun Onakeko aldagelaren ezaugarri nagusienetako bat. Beti ondo eraman izan gara gure artean. Taldean azpeitiar ugari egon izan gara beti, eta, esango nuke, horrek ere laguntzen duela. Bitxikeria bat: Orain dela egun batzuk beste futbol talde bateko jokalari batekin egon nintzen hizketan. Haien taldea ere nahiko larri ibili da azken denboraldian, gure antzera. Eta jokalari hark galdetzen zidan zer moduz moldatzen ginen taldekideok, beraiek ez zutela talde izaera edo girorik. Erantzun nion gu ederki moldatzen ginela, eta nahiz eta egoera zailean egon, ondo eramaten genuela egoera, giro onean.  

Lagun Onaken igarotako urte hauetan guztietan entrenatzaile asko igaroko zen klubetik. Ba al dago zuretzat berezia izan den entrenatzailerik? 

Aitor Zulaika berezia da niretzat. 17 urterekin aukera eman zidan lehen taldean jokatzeko. Nigan sinetsi zuen, eta asko irakatsi dit. Lagun Onaken entrenatzaile aritu zenean gaztea zen, gertukoa, eta jokalariok taldeko beste bat gehiago bezala ikusten genuen.

Zer moduzko zaleak ditu Lagun Onakek? Antzeman al duzu zaleen berotasuna?

Bai, eta batez ere azken urte hauetan. Izan ere, badira urte batzuk kantinan egoten diren zaleek Barraondo taldea sortu zutela. Haiek zalaparta pixka bat ateratzen dute, eta giro hori asko antzematen da zelaian gaudenean. Etxetik kanpo jokatzen diren partidetara ere joaten dira,  gehienetan bost-hamar lagun inguru, eta giro ona jartzen dute. Oso futbolzaleak dira. Denboraldian zehar afariak ere egiten ditugu haiekin, beraien soziedadean jartzen digute afaria, eta ederki pasatzen dugu. 

2019an 75 urte bete zituen Lagun Onakek, eta urte guztian zehar hainbat ekimen egin zituen Futbola bihotzean, balioak zelaian lelopean. Zein dira Lagun Onakek erakutsitako balioak?

Apaltasuna, umiltasuna eta lana. Horiexek azpimarratuko nituzke. Liga irabazi genuen urtean hori zen gure leloa: apaltasuna, umiltasuna eta lana. Uste dut hiru ezaugarri horiek direla klubaren bereizgarri nagusienak; batez ere umiltasuna eta lana. Beste talde batzuekin alderatuta, Lagun Onakek oso diru iturri eta aurrekontu txikia du, eta horregatik da ezinbestekoa lan egitea. Lanik gabe zaila izango zen aurrera egitea.

Ibilbidearen balorazioa egiten hasita...

Balorazio oso ona egiten dut. Jende asko ezagutu dut, inorekin ez dut ezer txarrik izan. Lesio gutxi izan ditut, eta izan ditudanetan klubak asko errespetatu nau. Lagun Onakekin egin dudan ibilbidea zoragarria eta erabat positiboa izan da niretzat.

Nola ikusten duzu utzi berri duzun taldea?

Talde polita dela pentsatzen dut, nahiz eta azken denboraldian hainbat arrazoi tarteko zenbait partidetan asmatu ez dugun arren. Hiruzpalau jokalari berri ekarriz gero, talde oso polita geldituko delakoan nago. Entrenatzaileak ere jarraituko du hurrengo denboraldian, eta hori ere positiboa da, dagoeneko plantila ezagutzen baitu. Pentsatzen dut Lagun Onakek hiru-lau jokalari berri fitxatuz gero, oso denboraldi txukuna egingo duela.

Klubak sare sozialen bidez jakinarazi du "normaltasunera itzultzean" merezitako agurra egingo dizutela. Agurrerako prest al zaude?

Ez pentsa, ez naiz oso plazagizona (barreak). Niri denboraldiko azken partidan detailetxo bat jasotzea gustatuko litzaidake; zerbait xumea egitea. Ederra da jendeak zuk egindako lana aitortzea, baina ni ez naiz ekitaldi handietakoa. Gainera, ziur nago emozio ugariko unea izango dela, eta…

Orain arraroa izango da zure errutina, entrenamendu eta partidarik gabe...

Bai, gauzak egiteko denbora gehiago izatea espero dut. Hala ere, futbola ondo etortzen zitzaidan deskonektatzeko-eta. Zerbait bilatu beharko dut ordezko gisa. Dena den, badakit arraroa egingo zaidala, eta hasieran zaila izango dela pentsatzen dut. Izan ere, urte asko daramat ia astero entrenatzen, ia astero partidak jokatzen... Futbola faltan botako dudala ziur nago, baina espero dut pixkanaka-pixkanaka gaindituko dudala. 

Aurrerantzean, jarraituko al duzu Lagun Onaken jarduna?

Bai, noski. Semea besoetan hartuta Garmendipera ahal den guztitan joaten saiatuko gara.  

Mezu bat nahi duzunari: 

Amari eskerrak eman nahi dizkiot urte hauetan guztietan eman didan babesagatik; barruan dantzan izan dituen urduritasun guztiengatik, egunik hotzenean ere Garmendipera bertaratzeagatik... Txikitatik ama alboan izan dut, eta beti lagundu izan dit partida guztietata. Ondoan izan dut ibilbide guztian zehar. Ezinbesteko babesa izan zarelako: eskerrik asko, ama. 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide