Lagun Onakek 1-0 irabazi dio Avilesi Bigarren B mailarako igoera faseko lehen partidan

Uztarria.eus 2016ko mai. 22a, 22:46
Lagun Onakeko jokalariak Erik Aranbururen gola ospatzen.

Erik Aranburuk sartu du neurketako gol bakarra, 55. minutuan. Itzulerakoa gaur zortzi, maiatzaren 29an, jokatuko dute Asturiasen. Hara joan nahi dutenentzat bidaia prestatzen ari dira.

Emaitza onarekin hasi du Lagun Onak futbol taldeak Espainiako Bigarren B mailarako igoera play-offa. 1-0 irabazi du Pablo Turrillasen taldeak gaur, igandea, Real Avilesen kontra Garmendipen, igoera faseko lehen kanporaketaren joaneko partidan. Erik Aranburu izan da goleatzailea; 55. minutuan iritsi da neurketa erabakiko zuen gola.

1.300 bat ikusle elkartu dira Garmendipen; tartean, Asturiastik etorri diren ehun bat jarraitzaile. Etxeko jokalariak nagusi ziren hamaikakoarekin zelairatuta, partida ona egin du Lagun Onakek. Agintea berea izan da minutu gehienetan eta, gol aukera garbi askorik gabeko neurketa izan den arren, aldea zabaltzeko abaguneak ere izan dituzte azpeitiarrek. Avilesek, berriz, lehen zatian izan du aukerarik garbiena. Bukaera aldera ere estutu dute bisitariek, baina Lagun Onakek merezitako abantaila hartuta bukatu du neurketa.

Avilesera joateko autobusa

Kanporaketan aurrea hartuta joango dira, beraz, azpeitiarrak Avilesera itzulerako partida jokatzera. Datorren igandean izango da, maiatzaren 29an, 17:00etan.

Eta gaur zortzi Lagun Onaki babesa ematera joan nahi dutenentzat bidaia prestatzen ari dira klubean. 40 laguneko gutxieneko multzoa osatuz gero, igande goizean bertan irtengo dira autobusean, anbulatorio aurretik, 08:30ean; itzulera, berriz, partida bukatutakoan. Joan nahi dutenek 25 euro ordaindu beharko dute, autobusa eta neurketarako sarrera barne. Izenak Garmendipeko bulegoan eman behar dira eta horretarako azken eguna osteguna izango da.