Hainbat ekitaldi eta protesta izango da bihar herrian, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean

Maialen Etxaniz 2020ko aza. 24a, 20:26

Goizean, Genero problematika hezkuntzan hitzaldia eskainiko dute IAko kideek Gaztetxean, eta ondoren elkarretaratzea egingo dute anbulatorio aurrean. Arratsaldean jarraituko dute deialdiek. Urola Erdiko Itaiak kontzentrazioa egingo du 18:00etan plazan. Ondoren, 19:00etan hasita, ekitaldia egingo du Basanderiek asanblada feministak plazan. Herriko hainbat emakumek parte hartuko dute ekitaldian. 

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da bihar, azaroak 25, eta beste urte batez hainbat ekitaldi antolatu dituzte Azpeitian indarkeria matxistaren aurkako egunerako.

Azpeitiko Ikasle Abertzaleek (IA) antolatuta, hitzaldia eta elkarretaratzea izango dira goizean zehar. 10:00etan hasita, IAko kideek Genero problematika hezkuntzan hitzaldia eskainiko dute Gaztetxean. Behin hitzaldia amaituta, elkarretaratzea egingo dute 12:00etan anbulatorio aurrean, Bizitza biolentoen aurrean, ikasle antolakuntza! lelopean. 

Arratsaldean jarraituko dute Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunerako antolatutako hitzorduek. Itaia emakumeen antolakunde sozialistak deituta, elkarretaratzea egingo dute 18:00etan plazan, Indarkeria matxistaren aurka, gaitasun sozialistak antolatu! lelopean. Elkarretaratze horrekin itxiko ditu Itaiak Azaroaren 25aren bueltan antolatutako jardunaldiak

Basanderiek asanblada feministako kideek urteroko ohiturari eutsi eta elkarretaratzea zein ekitaldia egingo dituzte 19:00etan hasita Azpeitiko plazan, Emakumeon aurkako indarkeriarekin amaitu! lelo hartuta. Bertan herriko hainbat emakumek parte hartuko dutela aurreratu du asanblada feministak, eta deialdian parte hartzera animatu ditu herritarrak. Azpeitiko Pentsiodunen Plataformak bat egin du asanblada feministaren deialdiarekin, eta elkarretaratzean izango dira bertako kideak. Ernaik ere bat egin du deialdiarekin, eta Udal Gobernuak ere Basanderiekek deitutako elkarretaratzera joateko deia egin die herritarrei.

Basanderiekek azaldu duenez, biharkoa "menpean hartu eta zapaltzen gaituen gizarte kapitalista, arrazista, transfobo eta heteropatriarkala salatzeko eguna" da, eta gaineratu du "zapalkuntza horiek guztiak modu sistematikoan zein zeharkakoan" ematen direla. "Indarkeriak, gure bizitza osoan zehar baldintzatzen gaitu, besteak beste, genero rolak ezarriz, ahulago garela sinetsaraziz, espazio publikoetatik desplazatuz, gure gorputzen inguruko erabakiak hartzea saihestuz, zaintzaren inguruko jakintzak hezkuntza formaletik alboratuz eta abar.

Bestetik, beldurra ere ezartzen digute; izan ere, badirudi indarkeria jasatearen errudunak ere emakumeak garela eta erabaki askeak hartzeari uko egin behar diogula gure burua babesteko; jazarriak, bortxatuak eta erailak gara", adierazi du talde feministak.. Horren aurrean, antolatzea garrantzitsua dela azpimarratu dute Basanderiekeko kideek: "Emakumeon* aurkako indarkeriarekin amaitzeko konpromiso irmoa hartzen dugu, eta horretarako beharrezkoa da gure egunerokotasuneko indarkeria identifikatu eta  baztertzea, zapaltzen gaituzten egiturak errotik iraultzea". Irakurketa osorik, hemen.