Azaroaren 25aren harira, Basanderiek talde feministaren adierazpena eta deialdia

Erabiltzailearen aurpegia Basanderiek asanblada feminista. 2020ko aza. 24a, 14:45

Basanderiek talde feministak bihar, 19:00etan, plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, emakumeon aurkako indarkeriaren aurka antolatzeak garrantzia handia duela eta biolentzia gaur egungo egoeran isilean pasatu daitekela uste duelako. Ekitaldian Azpeitiko hainbat emakumek parte hartuko dute, indarkeriak sortzen duen sufrimendua maila indibidualetik haratago eraman eta kolektiboki ahalduntzea beharrezkoa delako.

Azaroaren 25a Emakumeon* Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dugu. Menpean hartu eta zapaltzen gaituzten gizarte kapitalista, arrazista, transfobo eta heteropatriarkala salatzeko eguna. Zapalkuntza guzti hauek, modu sistematikoan zein zeharkakoan ematen dira eta gaur, norberak bere buruari eta osatzen dugun gizarteari begiratzeko ordua dugu.

Egun bizi dugun pandemiak garbi utzi digu sistema emakumeon zapalkuntzaren gainean eraikita dagoela; izan ere, zaintza lanen prekarizazioak, ordaindua edo ez ordaindua den kasuetan, egoera jasanezin batera ekarri gaitu. Berriro ere, haurren eta helduen zaintza gure bizkar gainean ezarri digute emakumeoi eta horrez gain, konfinamendu garaitik hona, emakumeon aurkako indarkeriaren gorakada nabarmena izan da: lau hormen artean, isilpean eta inolako babesik gabe mehatxupean igaro behar izan dituztenak, bortxatutakoak eta indarkeria maila altuak jasan behar izan dituztenak. Lantegietan, emakumearen egoera eta zaintza kontuan hartu gabe kanporatuak izan direnak, umeen eta helduen zaintza gauzatzeko lanaldi partzialeta desplazatu dituztenak, garbitzaile, zaintzaile eta sektore feminizatuen esplotazioa... Azken hilebete hauetan, etxeetako biolentzia kasuek ere gorakada nabarmena izan dute, datuak oso larriak dira. Berriro ere, egoera honek, emakumea hamaika aldiz zapaldu du, eta ez da kasualitatea.

Idarkeriak, gure bizitza osoan zehar baldintzatzen gaitu, besteak beste, genero rolak ezarriz, ahulago garela sinetsaraziz, espazio publikoetatik desplazatuz, gure gorputzen inguruko erabakiak hartzea saihestuz, zaintzaren inguruko jakintzak hezkuntza formaletik alboratuz eta abar. Bestetik, beldurra ere ezartzen digute; izan ere, badirudi indarkeria jasatearen errudunak ere emakumeak garela eta erabaki askeak hartzeari uko egin behar diogula gure burua babesteko; jazarriak, bortxatuak eta erailak gara. 

Gainera, askotan gure sinesgarritasuna zalantzan jartzen da indarkeria kasuak deskribatzen ditugunean, emakume zoro batzuen kontua dela esanez. Sinesgarritasun falta horrek are gordinago egiten du egoera, errealitatea difuminatuz eta min psikologiko zein fisiko ugari sortuz. Horregatik guztiagatik, emakumeon* aurkako indarkeriarekin amaitzeko konpromiso irmoa hartzen dugu, eta horretarako beharrezkoa da gure egunerokotasuneko indarkeria identifikatu eta  baztertzea, zapaltzen gaituzten egiturak errotik iraultzea.

Amaitzeko, mobilizazioetan parte-hartzeko deia luzatu nahi dizuegu, eta gogoan izan nahi ditugu indarkeria jasan duten emakume guztiak, bereziki bidean galdu ditugunak. Bihar, asteazkena, 19:00etan egingo den elkarretaratzean parte hartzera animatu nahi zaituztegu.

Gora borroka feminista!