Ez dira zenbaki hutsak!

Erabiltzailearen aurpegia Ernai 2020ko aza. 25a, 13:00

Azken egunotan, gure kaleetan, 4, 11, 23 eta 106 zenbakiak ikusi ahal izan ditugu forma ezberdinetan. Askotan hildakoak zein gertakariak zenbaki batez errepresentatzen ditugu, baina zenbaki bakoitzaren atzean, pertsona bat, familia bat, bizipen bat, istorio bat dago. 

Ez dira zenbaki hutsak!

2003. urtetik hona, 106 emakume eta 11 haur erail ditu indarkeria matxistak. Horietatik 23 emakume 30 urte baino gazteagoak ziren. Aurtengoari erreparatuta, dagoeneko lau emakume izan dira erailak Euskal Herrian.

Aski da!

Gaur-gaurkoz, gurean dugun pandemiak, egoera lazgarriak utzi dizkigu. Alde batetik, laguntza deiak areagotu egin dira, eta bestetik, emakume* zein familia askok erasotsailearekin isolatuta egon beharra izan dute eta izaten jarraitzen dute, konfinamenduaren ondorioz.

Lotuta ditugu gorputzak, bizitzak eta herria. Egunetik egunera neska* gazteok jasaten ditugun zapalkuntzak geroz eta ageriagoak dira, zer esanik ez pandemiak azaleratu eta azeleratu dituen krisi anitzekin. Prekaritateak gurutzatuta ditugu gorputzak, eta zapalkuntzak egunetik egunera ageriagoak. 

COVID-19a geratze asmotan ezarritako azken neurrien ondorioz, gure sozializazio prozesua erabat mugatuta dago. Harreman pertsonalak deshumanizatu eta desegiten ahalegindu dira, eta gure espazioetatik desjabetzen. Espazioen pribatizazioa ari dira bultzatzen; gure kaleak, hezkuntza, osasungintza... pribatizatzen dituzte. Ezinbestekoak dira, ordea, espazio horiek guretzat; neska* gazte belaunaldi berriok feminismotik ari gara ahalduntzen, gure artean saretzeko eta boteretzeko ezinbestekoa da biltzea, elkarrekin hausnartzea, eztabaidatzea eta ekitea. 

Baina azken asteetan jasandako kriminalizazioa izugarria izan da, bi aldiz kriminalizatuak izan gara gainera, gazte bezala eta neska* gazte bezala. Kontrol soziala areagotu da, indar poliziala handitu, horrek dakarren guztiarekin. Beste behin, agerian geratu zaigu nolakoa den egun daukagun polizia eredua: maskulinoa, autoritarioa. Jardun politikoarekin etetea da haien helburuetako bat, gu geldiaraztea eta isilaraztea, eta horregatik kriminalizatu dute gure jardun feminista, elkar zaintza kriminalizatu duten bezalaxe.

Pandemiak berriro ere agerian utzi du burujabetza faltak zer dakarren. Gure buruen gain erabakitzeko beharra dugu, komunitatean erabakitzekoa. Izan ere, pandemia honen harira hartutako neurriak ez dira modu komunitarioan eta norantza eraikitzailean hartutakoak izan, aurkakoa baizik. Gainera, ez osasunari, ez zaintzari, ez zaio ulerkera integral bat eman. Ondorioz, ez dira modu osatuan tratatuak izan. 

Bizitzaren sostengagarritasuna jarri da zalantzan, emakumeok sostengatzen ditugun bizitzak, hain zuzen ere. Interdependenteak gara, ordea, eta elkar zaintzeari eta lan komunitarioari duen balioa eman behar diogu. Pandemia honek zerbait agerian utzi badu zera da: eraikitzen ari garen bizitza ereduak geroz eta independenteagoak, eta beraz, indibidualagoak direla. Eta hori zaintza lan indibidualizatuek sostengatzen dute; ez guk defendatzen dugun elkar zaintzak.

Neska* gazteok argi dugu, burujabetza feministak eraiki behar ditugu Euskal Herria feministara bidean. Eta horretarako, eguneroko lanean jarraitzea da bermea. Orainean egiten dugunak baldintzatzen du etorkizuna. Horregatik, orain dagokiguna ez da egoera pandemikoari erantzutea soilik, erantzun hauek eta orain zabaltzen den abagunea politika eraldatzaileen norantzan kokatu behar ditugu.

Bizitza bizigarriak nahi eta behar ditugu, eta guztion bizitzak kontuan hartzea. Bizitzak erdigunean diogunean, guztion bitzitzak sostengagarri egitearen inguruan hitz egiten ari gara, eta horretarako alternatiba bakarra burujabetza feminista da. Espazioz espazio, burujabetza feministak lortzen eta gure egiten jarraitu behar dugu. Estatu autoritarioen aurrean Mugimendu Feministak duen legitimitatea interlokutore gisa ematea exijitzen dugu, botere espazioetan ere badaukagulako zer esana eta zer egina. Boterea berreskuratzea dagokigu neska* gazteoi, eta boteretze hori autodefentsa feministaren bidez emango dugu. Denon bizitzak erdigunean jartzeko, neurri integralagoekin erantzuteko, osasuna eta zaintza pandemia egoeran edota pandemia egoeraz haratago herritar ororentzat bermatua izan dadin politikak hartzeko, Euskal Herriaren burujabetza prozesuan burujabetzak feministak izan daitezen.

Erantzukizun kolektiboak hartu behar ditugu, eta ongizate kolektiboetarako mekanismoak behar ditugu; izan ere, erantzukizunez jokatzea ez da neurriak bete eta etxera joatea soilik; inbertsio publikoak eta osasungintza indartzea ere bada gure ardura. Egoera honetan, horregatik da beharrezkoa kaleak hartzea, gure herriak eta herritarrak bizigarri egitea. Badugu gaitasuna alternatiba komunitarioak eraikitzeko, herri bezala pentsatzeko eta jarduteko, eta horretarako, ezinbestekoa da autodefentsa feminista eta neska* gazteon lana. Guk egunez egun, auzoz auzo, lanean jarraituko dugu.

Azkenik, dei egiten dugu gaur arratsadean Basanderiek talde feministak deitutako elkarretaratzean parte hartzera; 19:00etan izango da kontzentrazioa, plazan.

Gorputzak, bizitzak eta herria askatzeko, Neska* gazteok burujabetza feminista!