Emakumeenganako indarkeriari aurre egiteko, orain arte hartutako konpromisoak berretsi ditu Udal Gobernuak

Julene Frantzesena 2020ko aza. 25a, 10:31

Udal Gobernuak adierazpena kaleratu du Azaroaren 25aren harira. Orain arte hartutako konpromisoak berretsi ditu erakundeak; besteak beste, emakumeen eskubideak arreta-prozesuaren erdigunean jartzeko, berdintasun programak egonkortzeko eta indartzeko zein gazteen artean indarkeriaren prebentzioa lantzeko programak indartzea. Herritarrei gaur arratsaldean Basanderiek talde feministak deitutako elkarretaratzera joateko dei egin die.

Honako hau da Udal Gobernuak Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna dela eta, kaleratu duen adierazpena:

"COVID-19aren pandemiak gure bizitza eta komunitateak kolokan jarri ditu, pertsona guztien osasunari, segurtasunari, ongizateari eta komunitate-bizitzari erronka handia jarriz. Mundua ulertzeko eta bertan egoteko dugun modua aldatzen ari da. Konfinamenduak, mugimendu-murrizketek eta harreman-mugek agerian utzi dituzte, beren gordintasun osoz, indarkeria matxista mota desberdinei aurre egiten ari diren emakumeen egoera oso ahulak.

Krisi-testuinguru guztiak, pandemia honekin gertatzen den bezala, indarkeria matxista ugaltzeko, biderkatzeko eta ugaritzeko haztegi bat dira. Indarkeria hori botere-harreman desorekatuen eta emakumeen aurkako diskriminazioaren adierazpen bat da, eta pairatzen ari garen krisi sanitarioaren, sozialaren eta ekonomikoaren ondorioz larriagotu egiten dira.

Pandemiak sortutako egoeran, arreta jarri behar dugu beren etxeetan, lanetan eta bizi-espazioetan bizirik irauteagatik indarkeriari aurre egiten ari diren emakumeengan eta neskengan. Gizartearen aitorpen eta elkartasun osoa merezi dute. Testuinguru horretan, isolamendua, babesgabetasuna eta ikusezintasuna saihesteko baldintza egokiak sortzeko lanean jarraitu behar dugu. Horregatik, aurten Euskal Herrian hildako lau emakumeak gogoratu nahi ditugu bereziki gaur: bi EAEn eta beste bi Iparraldean. Errealitate mingarri horrek gizarte gisa interpelatu egiten gaitu, lanean jarraitzeko eta mobilizatzeko konpromisoa hartzeko, horrela gerta ez dadin.

Hala ere, horrekin ez da nahikoa. Konpromiso politiko argia behar dugu, gizarteak erakundeei eskatzen baitie emakumeen aurkako indarkeria matxista lehentasun politiko bihur dezatela. Inoiz ez bezala zerbitzu publikoen eta erakundeen laguntza eta baliabide guztiak izateko, emakumeei beren askapen-, berreskuratze-, ahalduntze- eta autonomia-prozesuetan laguntzeko garaia da. Hori ezinbestekoa da emakumeek duintasunez eta segurtasunez bizitzea merezi dueen bizitzarako oinarrizko eskubidea berreskura dezaten. Behar-beharrezko baldintza da, gainera, gure herriak eta hiriak bizikidetza segururako, solidariorako eta berdinzalerako gune gisa indartu daitezen.

Herritarrengandik hurbil gaudenez, euskal udalok ahotsa jarri nahi diogu gure udalerriek emakumeekiko eta indarkeria matxistaren beste biktima batzuekiko duten elkartasunari. Gure erantzukizuna gure gain hartzen dugu, erakunde, kolektibo feminista eta emakumeen kolektibo, aditu eta gizarteko eragile guztiekin lankidetzan eta koordinatuta.

Horregatik guztiagatik, Azpeitiko Udalak honako konpromiso hauek berresten ditu:

  • Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzea, haien beharrak eta eskaerak entzunda eta aintzat hartuta, babeserako, arretarako, erreparaziorako eta berriz ez gertatzeko bermerako eskubidea bermatuko duten politika berriak diseinatzeko.
  • Azpeitiko Udaletik sustatzen diren berdintasun-programak egonkortu eta indartzea. Horretarako 2021. urteko aurrekontuetan baliabide ekonomiko eta pertsonalak indartuko ditugu.
  • Gazteen artean indarkeriaren prebentzioari laguntzeko programak indartzea, etorkizuneko indarkeria-egoerak eragozteko funtsezko tresnak direlako.
  • Harremonak programa garatzen jarraituko dugu herriko hezkuntza komunitate osoarekin elkarlanean.
  • Emakumeen ahalduntzea sustatuko dugu, eta horretarako, Emakumeen Txokoa erreferentziako gune gisa indartzen jarraituko dugu, bertako zerbitzuak eta baliabideak zabalduz. Horren adibide neska gazteen txokoa, gune informala eta abian jarri berri den aholkularitza juridikoa.

Halaber, herritarrei dei egiten diegu mugimendu feministak Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko eguna dela eta, gaur, azaroak 25, 19:00etan, Azpeitiko plazan egingo den kontzentraziora batzeko".