Azaroaren 25ari lotuta Itaiak antolatutako hitzaldiak jende ugari bildu du

Maialen Etxaniz 2020ko aza. 22a, 10:28
Itaiak atzo, zapatua, Azpeitiako Gaztetxean eskainitako hitzaldia.

Urola Erdiko Itaia emakumeen antolakunde sozialistak azaroaren 25aren bueltan antolatutako jardunaldien bigarren eta azken hitzaldia eskaini zuten atzo Azpeitiko Gaztetxean. Joan zen astean “jai eredu kapitalista eta indarkeria matxista” izan zituen hizpide Itaiak Azkoitiko Elkargunean eskainitako solasaldian. Atzoko saioan, aldiz, “antolatzeak duen garrantziaz” aritu ziren. 17:00etan hasita, Indarkeria matxistari aurre egiteko antolakuntzaren beharra hitzaldia eskaini zuten Urola Erdiko Itaiako kideek, eta jende ugari bertaratu zen solasaldira.

Hasteko, “egunerokoan ematen diren biolentzia forma desberdinez” aritu ziren Itaiako kideak. Biolentzia forma horietan sakondu zuten ondoren, eta azpimarratu zuten “sistema kapitalista bere baitan biolentoa” dela. Itaiako kideen hitzetan, “zapalkuntzak beharrezkoak zaizkio kapitalari ahalik eta botere gehien akumulatzeko”. Horren harira, aipatu zuten “begien bistakoa” dela salbuespen egoerak nola eragin duen biolentziaren areagotzean. Behin biolentziaren ulerkera orokorraz hitz eginda, emakumeenganako biolentzian sakondu zuten.

Horren harira, indarkeria matxista eta, oro har, emakumeenganako “biolentzia sustatzen duten estatu aparatuen” inguruan aritu ziren. Itaiako kideen aburuz, emakumeenganako biolentzia hainbat eremutatik sustatzen da oraindik orain, eta horien adibide gisa jarri zituzten hezkuntza sistema, sexu merkatua, sistema judiziala eta komunikabideak, eta lau arlo horietan identifikatutako auziak izan zituzten hizpide. Zapalkuntzen aurrean antolatzeak duen garrantzia mahaigaineratu zuten ondoren, “ulertuta aldaketak ez direla erreformekin soilik lortuko”. Itaiako kideen iritzirako, “erreformak positiboak diren arren, aldaketak errotik eman behar dira, harreman ereduen gaineko hausnarketak emanez, horiek aldatzera begira gaitasun sozialistak antolatuz eta mekanismo zehatzak martxan jarriz”.

Horri lotuta, Itaiak proposatzen dituen lan esparruak eta erronkak izan zituzten hizpide atzokoan, eta aipatu zuten indarkeria matxistaren aurkako borroka horretan nahiz harreman ereduen gaineko auzian gizonezkoen parte hartzea ere "garrantzitsua" dela. 

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldiak bukatzeko, elkarretaratzea egingo du Itaiak azaroaren 25ean 18:00etan Azpeitiko plazan, Bizitza biolentoen aurrean gaitasun sozialistak antolatu lelopean.