"Bidegorria ez da kapritxoa, behar bat da"

'Bidegorria orain' leloarekin hainbat pankarta jarri dute martxaren antolatzaileek. Urrestillako sarreran jarri dutena da argazkikoa.

Zapatuan egingo dute Azpeitia eta Urrestilla lotzeko bidegorria eskatuz oinezko martxa. 10:00etan abiatuko dira Urrestillatik eta 11:00ak aldera bukatuko da, Azpeitiko plazan. Parte hartu nahi duten azpeitiarrek autobusa izango dute 09:30ean anbulatorio aurrean; eta urrestildarrek 12:30ean, itzulerako.

2015eko udaberrian, aurreko agintaldian, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria egitea eta lanak joan den urte amaierako hastea hitzartu ondoren, agintaldi berriko Aldundiak asmo hori bertan behera utzi zuela jakin zuten urrestildarrek, ofizialki, urte honen hasieran. Bidegorria egiteko diru-partidarik ez du jarri Aldundiak 2016ko aurrekontuetan, eta agintaldi honetan proiektua martxan jartzea zaila dirudi.

Urrestillan bidegorriaren eskaera aspalditik datorren kontua da. Asmoa errealitate bihurtzeko zorian egon ondoren, urruti ikusten dute berriro, baina ez daude eskaera baztertzeko prest. Diputazioaren erabaki aldaketa zetorrela zabaltzen hasi zenean, sinadura bilketa egin zuten joan den urte amaieran. 900 sinadura inguru jaso eta, idatzi batekin batera, Aldundian aurkeztu zituzten. Urte erdia joan da eta erantzunik ez dute jaso oraindik: "Ezer ere ez, inork ez du erantzun. Ez guri eta ez Udalari, haiek esan digutenez".

Erantzun ezaren aurrean, mugitzen jarraitzea erabaki dute. Horrela, Zurrunbillue herri lantaldeak deituta, Bidegorria orain! leloarekin oinezko martxa antolatu dute. "Tentsioa mantentzea erabaki zen, epe motzeko inongo esperantzarik gabe bada ere", diote antolatzaileek. Zapatuan, ekainaren 18an, dute hitzordua; egun horretan Azpeitian egingo den Ingurumena Herritik Azokarekin bat egingo du martxak. 10:00etan abiatuko dira Urrestillatik eta 11:00ak aldera bukatuko da martxa, Azpeitiko plazan; han, egun horretarako prestatu duten idatzia irakurriko dute. "Denak gonbidatu" nahi dituzte parte hartzera, Urrestillakoak zein Azpeitikoak. Parte hartu nahi duten azpeitiarrek autobusa izango dute 09:30ean anbulatorio aurrean; eta urrestildarrek 12:30ean, itzulerako. Parte-hartzaileei soinean zerbait gorria eramateko eskatu diete.

Oinezkoentzako bide seguru bat

"Bidegorria ez da kapritxoa, behar bat da", azpimarratzen dute martxaren antolatzaileek, "oinez ezin delako ibili, bidea dagoen bezala eta dagoen trafikoarekin. Jendearentzat arriskutsua da, bai oinez dihoanarentzat eta bai kotxean dihoanarentzat". Segurtasun eta erosotasun falta horrek jendearen mugikortasuna baldintzatzen duela diote: "Azkenean, isleta batean bezala gaude, oso mugatuta; oso distantzia motzak egiteko ere, kotxea hartzea derrigorrezkoa bihurtu da". Bidegorririk ezean, "oinezkoentzako bide seguru bat eskatzen dugu, gutxienez. Edo espaloi zabal bat, besterik ez bada", diote.

Bidegorriaren eskaera Urrestillan sortu zen bere garaian, eta Urrestillatik abiatu dira oraingo mobilizazioa eta aldarrikapena ere. Baina zapatuko martxaren antolatzaileek behin eta berriz azpimarratzen dute, urrestildarrentzat ez ezik, azpeitiarrentzat ere azpiegitura garrantzitsua litzatekeela bidegorria. "Aukera ez dagoen momentutik zaila da, agian, beharraz jabetzea. Baina oinez zein bizikletaz ibiltzen den jendearentzat beste alternatiba bat izan daiteke: Urrestillara etorri, zerbait hartu nahi izanez gero eta buelta, Azkoitira joaten direnean bezala". Aisialdirako aukera, beraz, baina ez bakarrik: "Bdago jendea hemen lan egiten duena, eta ez dira gutxi. Eta horien artean badaude bizikleta erabiltzen dutenak ere".

Zapatuko martxa antolatzeko bilera ugari eta lan asko egin dute: baimenak eskatu, aseguruak ordaindu... Aurrera begira, berriz, "jarraitu egin beharko dela" argi daukate urrestildarrek, momentuz zehaztutako beste egitasmoarik ez duten arren. "Lanean jarraitu beharko dugu. Eta erantzunaren zai ere jarraitzen dugu. Diputazioak erantzun bat zor digula uste dugu, gutxienez. Konturatu daitezela hemen gaudela, beharra daukagula eta borroka egiten segituko dugula". Azpeitia-Urrestilla bidegorria "agendan mantentzea" nahi dute.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide