900 sinadura inguru jaso dituzte Urrestillarako bidegorria egiteko eskatuz

Uztarria.eus 2015ko abe. 22a, 19:55
Bidegorriaren aldeko sinadurak jasotzen atzo, Santo Tomas eguna, Azpeitian.

Igandean Urrestillan eta atzo Azpeitian, bi egunetan egin dute bilketa urrestildarrek. Gipuzkoako Foru Aldundian bihar, abenduak 23, aurkeztuko dituzte sinadurak, bidegorria egitearen garrantzia azpimarratuz egin duten idatziarekin batera.

Bi egunetan 900 sinadura jaso dituzte urrestildarrek, Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria maiatzean Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzartu bezala egitea eskatuz.

Aurreko astean, ustez lanak hastear izan behar zen bidegorriaren proiektua airean egon daitekeela jakin zuten urrestildarrek. Asteazkenean, 2016ko udal aurrekontuen gaineko bilera izan zuten Urrestillan, Azpeitiko Udalaren ordezkariekin. Han azaldu zitzaien bi egun ondoren Udalak publiko egin zuen adierazpenean esandakoa: Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016ko aurrekontuen zirriborroan ez duela bidegorrirako dirurik jarri. Udalak, bere aldetik, ostegunean Uztarriak Diputazioan jasotako informazioaren harira egin zuen adierazpena; Batzar Nagusietan aurkeztuko duen kontuen proposamenean bidegorriaren proiektua aurreikusita dagoela dio Diputazioak eta bihar, abenduak 23, erabakiko dela Batzar Nagusiek proposamen hori onartzen duten ala ez.

Egoera ikusita, joan den astean bertan idatzi bat prestatu zuten Urrestillako herritar batzuk eta, igandean Urrestillan eta atzo Azpeitian, "proiektu honen lehentasuna eta garrantzia zalantzan ez jartzeko eskaria" babesteko sinadura bilketa egin zuten. Hain zuzen ere bihar, abenduak 23, aurkeztuko dituzte bidegorriaren aldeko idatzia eta sinadurak Foru Aldundian, Batzar Nagusietan 2016rako foru aurrekontuak landuko dituzten egun berean.

Idatzia

Hau da, osorik, Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztuko duten idatzia:

"Foru Aldundiari,

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016. urteko aurrekontuen zirriborroa abenduaren 23an bozkatuko duen momentu honetan, Urrestillako herritarrak gure eguneroko bizitzaren kalitatea hobetzeko jada onartua zegoen proiektu bat aurrekontuetan zalantzan dagoela jakin dugu. Urrestilla eta Azpeitia lotuko dituen bidegorriaz ari gara, hain zuzen ere. Informazio batzuen arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak bozkatuko duen aurrekontuen zirriborroan aurreikusia dago, beste informazio iturri batzuen arabera ez. Egoera honetan, eta Urrestillako herritar gisa, proiektu honen lehentasuna eta garrantzia zalantzan ez jartzeko eskaria helarazten dizuegu.

Maiatzaren 5ean Azpeitiko Udalak aho batez onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena. Maiatzaren 21ean ikusi genuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean albistea:

'Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria eraikiko dute Alduandiak eta Azpeitiko Udalak. Aldundiak proiektuaren %75 finantzatuko du eta Udalak gainerakoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak Azpeitiko erdigunetik Urrestilla arteko bidegorria eraikitzeko hitzarmena egin dute eta aurten hasiko dira lanak. Azpeitiko Udalak interes handia erakutsi du Urrestillarainoko bidegorria egiteko eta horregatik, Udalak enpresa bati eskatu zion bidegorria egiteko proiektua idazteko. Aldundiak ere proiektua interesgarritzat jo du eta Udala prest dagoenez bidegorriaren kostuaren zati bat bere egiteko, bi erakundeen artean erabaki da bidegorria eraikitzea.

Bidegorria egiteko aurrekontua 1.107.953 euro da (%21eko BEZa barne), eta behin lanak hasita, eraikitzeko epea bederatzi hilabetekoa da. Lanak 2015ean hasi eta 2016an amaituko direla aurreikusi da. Azpeitiko Udalak bidegorria egitearen kostuaren %25a bere gain hartuko du eta gainerako %75 Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontura izango da.

Proiektua Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planeko 5. ibilbidean (Urolako bailara) sartuta dago. Bidea 1.550 metro luze eta 3 metro zabal izango da, eta zatirik handienean GI-2135 errepidearen ertzean egingo da; errepidea behin gurutzatuko du, eta Ibaieder erreka, berriz, bitan.

Bidegorri berriaren ibilbideari dagokionez, Arretxe baserriaren aurrean hasiko da, gaur egun espaloia amaitzen den gunean. Bizikleta bidea ahalik eta zabalena izatea lortzeko, GI-2635 errepidearen marrak apur bat aldatuko dira tarte honetan. Hala ere, lehenengo 90 metrotan, 3 metro baino estuago izango da, errekaren eremuak errespetatu behar izan baitira. Ondoren, bizikleta eta oinezkoentzako bideak aurrera jarraituko du errepidearen ondotik, Kimubat enpresaren aparkalekuan barrena, eta Malkorra etxebizitzara iristeko bidea gurutzatu eta gero, 230 metrotan bidegorria errepidearen ondotik joango da. Azken tarte hau, lubeta baten gainean eraikiko da. Tarte hori amaitu ondoren, trazatuak 19,50 metro luzeko egurrezko pasabidearen bitartez Ibaieder erreka gurutzatuko du. Ondoren, bizikleta eta oinezkoentzako bideak aurrera jarraituko du Ibaieder ibaiaren eskuinaldetik orografia lau samarra duen belazetik. Bidegorria Larrañaga industrialde ingurura helduko da eta, trazatuak, gaur egun hartxintxarrez osaturiko aparkalekutik jarraituko du bere bidea. Jai-Alaien inguru horretan GI-2635 errepidea gurutzatuko du bizikleta bideak. Semaforo bitartez erregulatutako pasabidetik aurrera, trazatuak Larrañaga industrialdeko aparkalekuaren eremutik jarraituko du, Ibaieder erreka berriro gurutzatzen duen gunera iritsi arte. Erreka gainditzeko pasabide bat eraikiko da aurrefabrikatutako hormigoizko habeen bidez. 18,5 metroko pasabide hori GI-2635 errepidearen igarobideari itsatsita ezarriko da.. Puntu honetatik aurrera, bizikleta eta oinezkoentzako bidearen trazatuak GI-2635 errepidearen eskuinaldetik (Urrestillako noranzkoan) jarraituko du Urrestillako herri gune sarrerarekin bat egin arte'.

Azpeitiko Udalak momentu hartan esan zuen bezala: 'Urrestilla herrigunea oso garrantzitsua da eta herritar ugari bizi da bertan. Bidegorria ez da aisialdirako bidegorria soilik; Urrestilla eta Azpeitia arteko behar-beharrezko konexioa da eta, gainera, industriagune oso garrantzitsuarekin lotura izango du'.

Maiatzean prentsan titular hauek irakurri genituen:

  • Diputacion de Gipuzkoa y Ayuntamiento de Azpeitia construiran un carril ciclista entre Azpeitia y Urrestilla. 20 minutos.
  • Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorriaren lanak urte amaieran hasiko dituzte. Uztarria.
  • Via libre para el bidegorri de Azpeitia a Urrestilla. Noticias de Gipuzkoa.
  • Herritik Urrestillara arteko bidegorria egiten hasiko dira urtea amaitzerako. Urola Kostako Hitza.

Jakin badakigu Gipuzkoa osoko ikuspuntuarekin lan egiten duela Foru Aldundiak, eta guk, herritarrok ikuspuntu murritzagoa izan dezakegula. Baina onargaitza iruditzen zaigu, jada boletinean publikatu eta onartutako proiektu bat, bertan beheran geratzeko aurkera.

  • Azpeitiko erdigunea eta Urrestillako nukleoaren arteko lotura ezinbestekoa da. Gaur egun ez dago oinez edo bizikletaz joateko aukera segururik. Urrestillako herriak ez du oinez ibiltzeko beste aurerarik eskaintzen, bide ertzetik ez bada.
  • Oinarrizko osasun arreta, jubilatuen gunea eta haur eskola bezalako zerbitzuak bertan ditugu. Baina gainontzeko zerbitzu publiko guztiak Azpeitian daude.
  • Urrestillako eta Azpeitiko bi industriagune garrantzitsu bi herriguneetara lotuta geldituko lirateke, langileen erabilera aukera eskainiz, aisialdiko erabileraz gain.

Oraindik aurrekontuak zirriborroan daudela eta proiektu honen garrantzia kontuan izango delakoan, Urrestillako herritarrek idatzi hau helarazi nahi izan dizuegu, urrestildarren sinadurez babestua. Gure eskaria kontuan hartuko delakoan. Erantzun baten zain gelditzen gara.

Urrestillako herritarrak".