Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorriaren lanak urte amaieran hasiko dituzte

Uztarria.eus 2015ko mai. 6a, 16:44

Obraren lanak 2015 urte amaieran hasiko dira. Kostua: 1.107.953,49 eurotakoa izango da, Azpeitiko Udalak: %25 ordainduko du gehienez 276.988,37 euro. (2015ean 33.750 € eta 243.238,37 euro).

Atzo, asteartea, egindako maiatzeko udalbatzarrean aho batez onartu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena, Azpeitia eta Urrestilla artean bizikleta eta oinezkoentzako bidea egitea. 2015aren bukaeran hasiko dituzte bidegorria egiteko lanak eta, guztira, 1.107.953,49 euroko kostua izango du. Azpeitiko Udalak, gehienez, lanen %25 ordainduko du, hau da, 276.988,37 euro. Zenbateko horren zati bat, 33.750 euro, 2015ean ordaindu beharko ditu Udalak, eta gainerakoa, 243.238,37 euro, aurrerago. Gainerakoa, lanen kostuaren %75, Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainduko du.

Lanen kostuari expropiazioak edo beharrezko indemnizazioak gehitu behar bazaizkio Aldundia egingo da horien erantzule, eta obraren zuzendaritza ere erakunde horrek izango du.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu duenez, "hitzarmen honekin bidegorria egiteko eta finantzatzeko konpromisoa hartzen dugu. Hau da, proiektua errealitate egingo da dirua jartzen dugulako". Haren ustez "garrantzi handiko hitzarmena da": "Urrestillara doan bidegorria ez da edozein modutako bidegorria. Urrestilla herrigunea oso garrantzitsua da eta herritar ugari bizi da bertan. Bide gorria ez da aisialdirako bidegorria soilik; Urrestilla eta Azpeitiaren arteko behar-beharrezko konexioa da eta, gainera, industrigune oso garrantzitsuarekin lotura izango du".

Azpeitiko Udalak 2015eko aurrekontuetan sartu zuen proiektuetako bat izan zen Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria. Udalak jakinarazi duenez, "aurrekontuak ez ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu, nahiz eta guk bidegorri horren garrantzia aho batez azpimarratu. Badakigu beste hainbat herritako bideek zutela lehentasuna, horregatik, Foru Aldundiari eskerrak eman nahi dizkiogu".