Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria egiteko diru partidarik ez du sartu Aldundiak 2016ko aurrekontuetan

Uztarria.eus 2016ko urt. 12a, 14:16
Bidegorria Azpeitia eta Urrestilla arteko errepide ertzetik joango litzateke tarte askotan, Zapatariko zuzengunean kasu.

Aldundiak Urola Kostako Hitza-ri azaldu dionez, erabakia "beste lehentasun batzuk" tarteko hartu dute. Aldundiko Bide eta Azpiegitura sailak adierazi duenez, beraien helburua bidegorria egitea da; "ahalik eta azkarren egitea".

Urola Kostako Hitza-k jakinarazi duenez, Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria egiteko diru-partida ez du sartu Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016ko aurrekontuetan. 

Aldundiko Bide eta Azpiegitura sailak adierazi duenez, beraien helburua bidegorria egitea da, eta "ahalik eta azkarren egitea". Halere, haien arabera, "beste lehentasun batzuk tarteko", ez dute aukera izan 2016ko aurrekontuarekin lan horiek ordaintzeko.

Albiste osoa, Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Udalak bere zatia egingo du

Azpeitia eta Urrestilla lotuko zituen bidegorria egitea joan den udaberrian hitzartu zuten aurreko foru gobernuak eta Azpeitiko Udalak. Bi erakundeek adostutakoaren arabera, lanak 2015a bukatu baino lehen hasiko ziren eta aurrekontuaren zati nagusiena (%75) Aldundiak ordainduko zuen. Bidegorriaren ibilbidea ere zehaztu zuen Diputazioak, maiatzean.

Iazko urte amaieran, ordea, ez zen bidegorrirako lanik hasi. Foru gobernu berriak abenduaren 23an onartu zituen 2016rako aurrekontuak eta, egun batzuk lehenago Uztarriak bidegorriaren proiektuaz galdetuta, Mugikortasun saileko arduradunek adierazi zuten Diputazioaren aurrekontu proposamenean aurreikusita zegoela Urrestillarako bidegorriaren proiektua, eta aurrekontuak onartzeko bilkuran ikusiko zela horri buruzko azken erabakia. Foru Aldundiko iturriek esandakoaren aurrean, aldiz, 2016rako aurrekontuen zirriborroan Aldundiak Urrestillako bidegorrirako dirurik ez zuela jarri baieztatu zuen Azpeitiko Udalak.

Bidegorriaren asmoa kolokan ikusita, Urrestillako bizilagun batzuk proiektua udaberrian adostu bezala egiteko eskatuz idatzia prestatu eta Aldundian aurkeztu zuten, bi egunetan jasotako 900dik gora sinaduraren babesarekin.

Orain, Gipuzkoako Foru Aldundiak baieztatu egin du 2016an Urrestillarako bidegorria egitea ez duela aurreikusten. Azpeitiko Udalak, ordea, udaberrian hitzartutakotik dagokion zatia -Landetatik Atxubiagako biribilguneraino doana, hain zuzen- egingo duela berretsi zuen 2016rako udal aurrekontuak onartzerakoan. "Aldundiarena ez da serioa, ez dira hitza betetzen ari", esan zuen orduan Eneko Etxeberria alkateak.