Aitor Zulaika Reala Bko bigarren entrenatzailea izango da datorren denboraldian

Uztarria.eus 2016ko eka. 8a, 19:27
Aitor Zulaika, 2015ean Uztarriak egindako elkarrizketa baterako ateratako argazkian.

Azken bi denboraldietan Irungo Real Union taldea zuzendu ostean, Bigarren B Mailan jarraituko du azpeitiarrak, orain Imanol Alguacilen laguntzaile gisa.

Aitor Zulaika (Azpeitia, 2016) Reala B taldean ariko da datorren denboraldian. Donostiako futbol klubak gaur, asteazkena, jakinarazi duenez, Realaren bigarren taldeko bigarren entrenatzailea izango da azpeitiarra, Espainiako Bigarren B Mailan. Lagun Onak zuzentzen hasi zuen entrenatzaile ibilbidea Zulaikak, Hirugarren Mailan. Zazpi denboraldiz etxeko taldea zuzendu eta gero, Lagun Onaken kirol zuzendari izatera igaro zen. Hamar urtez Lagun Onaken ibili ondoren, Sestao Riverrera joan zen, Jose Luis Riberaren laguntzaile bezala. 2014an, berriz, Real Unionera iritsi zen eta Irungo taldearen entrenatzailea izan da azken bi denboraldietan, Bigarren B Mailan.

Imanol Alguacilen laguntzailea izango da Aitor Zulaika Reala Bn. Talde teknikoan beste azpeitiar batekin ariko da, Oier Agirrezabalaga prestatzaile fisikoarekin. Azpeitiko jokalari bat ere ari da Realaren bigarren taldean: Jon Guridi.

Real Unionen, berriz, Asier Santanak hartuko du Zulaikak utzitako tokia. Realaren lehen taldeko hirugarren entrenatzailea izan da orain arte Santana; eta, bere garaian, Zulaikaren laguntzailea izan zen Lagun Onaken. Santanak orain arte bete duen lana, berriz, beste azpeitiar batek egingo du, Mikel Labaka izango baita Realeko hirugarren entrenatzailea 2016-2017 denboraldian.