Aitor Zulaika: "Tituluak lortzea oso zaila da, eta kopakoak are zailago"

Uztarria.eus 2015ko api. 22a, 21:10
Aitor Zulaika.

Real Unionekin Federazio Kopa irabazi zuen azpeitiar entrenatzaileak orain astebete, "globalki zein pertsonalki oso positiboa" izan den lorpena. Baina 2. B mailako ligan ere ez dabil makal Irungo taldea; lau partidaren faltan, 2. A mailara igotzeko lehian sartzeko aukera asko dituzte. Denboraldi hasieratik bezala, "egunean egunekoa" buruan lanean jarraitzea da Zulaikaren erronka.

Lagun Onaken eta Sestao River-en aritu ondoren, Aitor Zulaika (Azpeitia, 1976) joan den uztailean iritsi zen Real Unionera, Irungo talde nagusiaren ardura hartu eta 2. B mailan lehen entrenatzaile gisa aurreneko esperientziari aurre egiteko prest. Bederatzi hilabete pasatu dira eta ezin esan gauzak gaizki dihoazkionik. Gaur astebete, Espainiako Federazio Kopa irabazi zuen Real Unionek bere zelaian, Galen, itzulerako neurketan Castello 3-0 mendean hartuta (joanekoa 0-1 irabazi zuten irundarrek). Ligan, berriz, igoerako play-off-ak jokatzeko aukera asko ditu Zulaikaren taldeak. Azpeitiar prestatzailearekin hitz egin du Uztarria.eus-ek. Eta Real Unionekin une gozoak bizitzen ari den honetan, Lagun Onakek "jokalariekin zein teknikoekin egiten duen lana" ekarri nahi izan du gogora: "Esker oneko hitzak esan nahi nituzke, Lagun Onakek egiten duen lanari aitortza bat. Orain hemen, Real Unionen, disfrutatzen ari den azpeitiar bat naiz, eta hori Lagun Onaki ere zor diot. Dena eman dit niri Lagun Onakek".

2. B mailan eta Real Unionen lehen urtea, eta lehen titulua patrikan.

Egia da. Entrenatzaile laguntzaile moduan ezagutzen nuen maila, Sestao River-en Jose Luis Riberarekin egon nintzelako, baina hau dut 2. Bko talde batean lehen entrenatzaile bezala aurreneko esperientzia. Uztailean, iritsi ginenean, nahiko egoera konplikatuan hasi ginen lanean, kirol mailan zein maila sozialean egoera zaila zen klubean. Gainera, Real Unionen mendeurrena ospatzen ari gara aurten... Beraz, globalki zein pertsonalki oso positiboa izan da Federazio Kopa irabaztea. Tituluek markatzen dute klub baten ibilbidea, eta norbanakoena ere bai.

Irabazi duzun titulurik garrantzitsuena izango da, ezta?

Lagun Onakekin Hirugarren Mailako titulua irabazi genuen eta hura ere oso garrantzitsua izan zen. Riberarekin Preferentetik Hirugarren Mailara igo ginenekoa ere halaxe izan, orduan ni prestatzaile fisikoa izanda ere. Tituluak lortzea oso zaila da, eta kopakoak are zailago, gureen mailako taldeek ez dute-eta beti halakoak jokatzeko aukerarik izaten. Eta etxean irabazteak, zure zelaian eta zaletuen aurrean, orain astebete bezala, oraindik eta bereziago egiten du.

Real Unionek 100 urte bete ditu eta historia handia duen kluba da. Zer suposatu du klubarentzat azken titulu horrek?

Historikoa da, bai, eta bi zentzutan, Espainiako Ligaren sortzaileetako bat izan zelako batetik, eta Espainiako Kopa bera lau alditan irabazitakoa delako, bestetik. Oso klub gutxi daude ehun urtera ailegatu direnak. Azken urteetan, ordea, albiste txarrak gehiago izan dira klubaren bueltan, onak baino. Kirol mailan, iaz Hirugarren mailara jaisteko zorian egon zen taldea; eta ekonomikoki eta zuzendaritza mailan ere arazo asko izan dira.

Koparena sari extra bat izan daiteke, baina zuen erronka ligan dago. Igoera fasea gertu ikusten al duzue?

Kopa jokatzea ligari begira ere suerte bat izan dela esango nuke, 22 jokalariek minutuak izateko aukera eman digulako, eta horrela denak egon dira taldearekiko inplikatuago eta entxufatuta, kirol arloan eta kirol arlotik haratago ere bai. Lau partida geratzen zaizkigu ligaren fase erregularra bukatzeko eta pozik gaude, sailkapenaren bigarren tokian. Aurreneko lau taldeentzat izango dira play-off-ak jokatzeko txartelak eta hor sartu nahian gabiltza, borrokan. Ondo bideratuta gaude, baina ezer ez dago erabakita. Eta igandean partida garrantzitsua jokatuko dugu, Rayo Vallecanoren zelaian.

Play-off-ak jokatzea al zen denboraldi hasierako helburua?

Historikoki, 2. B mailan beti ondo ibili izan den taldea da Real Union. Baina azken urteetan, aipatu ditudan arazoak tarteko, gorabehera gehiago izan ditu. Lanean hasi ginenean, talde lehiakorra osatzea izan zen gure lehen egitekoa. Hori eginda, egunean egunekoa egitea izan dugu eta dugu, erronka, kluba ekonomikoki oso larri dagoelako. Epe luzerako helburuek ez zuten balio. Helburuez ez genuen hitz egin aldagelan, eta zuzendaritzak ere ez zigun halakorik aipatu. Aspaldiko aurrekontu baxuena du aurten Real Unionek. Baina aurrekontu txikiekin ere gauzak ondo egin daitezke. Eibarren adibidea garbia da, alde horretatik.

Joan den asteburuan Real Madrid Castillari irabazi zenioten Galen. Eta aldameneko aulkian eserita izan zenuen Zinedine Zidane.

Niretzat igandean notizia izan zen Real Unionek Real Madrili irabazi ziola, ez Zinedine Zidane. Egia da ikusmin handia sortu zela, Real Madril zelako eta, batik bat, Zidane zetorrelako. Galen 4.000 lagun sartu ziren, Iparraldeko jende asko etorri zen, baita Frantziakoak ere; neuk ere inoiz baino sarrera eskaera gehiago izan nuen. Baina pertsonalki ez nuen ezer berezirik sentitu, ez zen lehia pertsonal bat eta. Prestigioa, Real Unionek Real Madrili irabazteak ematen du.