Aitor Zulaika Real Unioneko entrenatzailea izango da datorren denboraldian

Uztarria.eus | Kirolak
2014ko eka. 10a, 11:29

Ibon Zoilo eta Manu Merino izango ditu laguntzaile Zulaikak, eta Bigarren B mailako taldea entrenatzea "erronka" dela adierazi du azpeitiarrak.

Aitor Zulaika Lagun Onakeko presidente Mikel Izurietarekin.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Aitor Zulaika Real Unioneko entrenatzailea izango da datorren denboraldian. Hala baieztatu dio Zulaikak Uztarria.com-i, eta aurkezpen prentsaurrekoa bihar, asteazkena, izango dela aurreratu du azpeitiarrak. Ibon Zoilo eta Manu Merino izango ditu laguntzaile Zulaikak, eta azpeitiarrak azaldu duenez "bakoitzak funtzio desberdinak" izango ditu talde txuri-beltzean.

Realak Real Unioni laguntzea erabaki duela eta, bere fitxaketa "Realaren bitartez" egin dela azaldu du Zulaikak. Bigarren B mailako taldea entrenatzea "erronka" dela esan du: "Duela hamar urte 3. mailako entrenatzaile aritu nintzen aurrenekoz eta, orain, 36 urterekin bigarren erronka iritsi zait. Lehenengo harekin antzekotasunak baditu, gainera". Erronkak "hartzekoak" direla azaldu du azpeitiar entrenatzaileak, eta "gustuko munduan arituko dela, eta ilusioz eta gogoz" dagoela aitortu du.

Lagun Onak taldeari estu lotuta egon da Zulaika hainbat urtean. Zazpi denboralditan entrenatu zuen Lagun Onak-eko lehen taldea (2003-2004ko denboraldian hasi zen). Gero, kirol zuzendari izatera pasa zen, eta duela bi denboraldi Sestao Riverren aritu zen bigarren entrenatzaile lanetan, Jose Luis Riveraren gidaritzapean. Pasa den denboraldian berriz ere Lagun Onakera itzuli zen, kirol zuzendari moduan aritzeko.

 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu