Aitor Zulaikak ez du Sestaon jarraituko

Uztarria.eus 2013ko eka. 21a, 13:20

Denboraldi bat egin dute Zulaikak eta Jose Luis Riverak Sestaon, baina datorrenean ez dute taldean jarraituko. Zulaika Lagun Onak futbol taldeko zuzendaritzako kidea da, eta lan horretan jarraituko du, Jose Angel Peñarekin batera lehenengo eta bigarrengo taldea zein jubenilena koordinatzen.

Aitor Zulaikak urtebete egin du Sestao River taldeko bigarren entrenatzaile lanetan, Jose Luis Riveraren gidaritzapean, baina hurrengo denboraldian ez du jarraituko bizkaiko taldean. Zulaikak jakinarazi duenez, "oso gustura egon naiz Sestaon, eta gauza asko ikasi ditut lehen ezagutzen ez nuen mundu batean". Riverarekin "harreman ona" izan duela ere esan dio Uztarria.com-i: "Sestaon egiten genuenaren parte sentiarazi nau Riverak eta erakutsi dit nik esandako gauzak ere kontuan hartzen zituela".

Urtebete egin dute Sestaon, baina datorren denboraldian ez dute taldean jarraituko ez Zulaikak eta ez Riverak: "Esperantza txiki bat bagenuen jarraitzeko, baina ez da hala izango". Zulaika Lagun Onak futbol taldeko zuzendaritzako kidea da, eta lan horretan jarraituko du, Jose Angel Peñarekin batera lehenengo eta bigarrengo taldea zein jubenilena koordinatzen.

Sestao Riverrek Bigarren B mailako sailkapenaren erdian bukatu du denboraldia. Hamabigarren postuan 43 punturekin, hain zuzen ere.