Aitor Zulaika, Lagun Onaketik Sestaora

Uztarria.eus 2012ko eka. 19a, 13:19

Aitor Zulaika Sestao River taldeko bigarren entrenatzailea izango da datorren denboraldian. Jose Luis Riberak deitu zionean, "ilusioa piztu" zitzaiola esan du.

Aitor Zulaika Sestao River taldeko bigarren entrenatzailea izango da datorren denboraldian. Uztarria.com-ek Zulaikarekin hitz egin du eta hark esan dionez, "Jose Luis Riberaren bigarrena izateko noa".

Riberak deitu zionean, "ilusioa piztu" zitzaiola esan du. Hasieran, "zalantza ez, baino kezka izan nuen" gaineratu du: "Lagun Onak oraindik eraikitzen ari den kluba da, eta kezka sortzen dit horrek. Portuan dagoen itsasontzia da oraindik Lagun Onak". Ribera lehendik ere ezagutzen du Zulaikak, lehen bi urte aritu zen harekin lanean.

Lagun Onak ez du bat batean utziko Zulaikak. Hil bukaera arte han izango da bere postuan, kirol zuzendari lanean, eta abuztuan eta irailean laguntzen jarraituko du klubeko zuzendaritzak hala eskatuta. Irailetik aurrera Lagun Onaken egongo da, baina "iritzia ematen, ez laguntzen".