Grumal likidatu, eta 148 langile kalean geratuko dira urtarrilean

Berria.info, Uztarria.com 2013ko abe. 20a, 16:29
Grumaleko langileek manifestazioa egin dute goizean Arrasaten. (Goiena.net)

Hala jakinarazi diote langile batzordeari enpresaren konkurtsoaren administratzaileek. Gaur, ostirala, goizean Arrasaten manifestazioa eginda amaitu dute beharginek asteartetik han egin duten itxialdia. Gaur bertan, arratsaldean, Azpeitian ere kontzentrazioa egin dute.

Fagor Etxetresnen lantegi eta enpresa bakoitzaren geroa datozen hilabeteetan ezagutuko da, administratzaileek bere erabakiak hartu ahala. Grumalena ezaguna da jadanik, ordea. Patxi Isasmendi langile batzordeko presidenteak jakitera eman duenez, Grumal likidaziora eramango dute urtarrilean. Hala erabaki dute administratzaile judizialek. Hala, hilaren lehen egunetan enpresako 148 langileentzako erregulazio dosierra aurkeztuko dute, lantegia ixteko bidean. Azaro bukaeratik hartzekodunen konkurtsoan dago Grumal eta langileek behin eta berriz salatu dute lantegiaren etorkizunaren inguruko informazio falta.

Fagorrek 2005ean erosi zuen Grumal, sukalde altzarien adarrean ere bere ekoizpen zentro popioa edukitzeko. Azpeitiko plantako beharginek diote Fagorrek konpromisoa hartu zuela orduan, langileak kooperatibaren bazkide bihur zitezen. Prozesu hori ez da gertatu, ordea, eta Fagor Etxetresnen erortzearekin batera Grumal amildegian gelditu da.

Hainbat egun egin dituzte enpresako ordezkari sindikalek Arrasateko itxialdian, Mondragon taldearen egoitzaren aurrean, eta gaur, enpresako langile guztiak gehitu zaizkie manifestazioa egiteko, greba egunaren deialdia lagun. Bertan jakinarazi dute gaur bertan beste manifestazio bat egingo dutela, Azpeitian, 18:00etan hasita; plazan elkarretaratzea egin dute, azkenean. "Kezka eta larritasuna" ikus daitezen egin dute manifestazioa Arrasaten Grumaleko langileek. Eguberri tristeak pasatuko dituzte inondik ere; urtarrilaren 2rako langileen batzarra deitu dute, eta han "beharbada" greba mugagabeari ekiteko erabakia har dezakete. Arrasateko goizeko mobilizazioaren berri zabalagoa dator Goiena.net-eko albiste honetan.

Grumaleko beharginak haserre daude; administratzaileek emandako informazio batek sumindu egin ditu. Haiek aurkitu duten dokumentazio baten arabera, Grumal salgai zuten 2011tik. "Adarra jo digute", esan du Isasmendik. Fagorreko gainontzeko langile eta bazkideen adinako ahaleginak egin dituztela adierazi du Grumaleko langileen bozeramaileak, baina Grumalekoei ez dietela beste lanposturik eskaintzen Mondragon taldearen barruan. "Argi dugu ez diegula Grumal hondoratzen utziko. Gure lanpostuak defendatuko ditugu". Arantza Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuari ere mezu bat igorri dio Isasmendik; Grumalekoak kooperatibista ez izatea "galarazi dutenei" errieta egiteko esan dio.