Grumaleko langileek mobilizazioak hasiko dituzte

Uztarria.eus 2013ko abe. 5a, 15:20
ELAko Josu Galarraga, Patxi Isasmendi eta Andone Arrieta Grumal lantegiaren atarian.

Grumaleko Enpresa Batzordeko ELA eta LABeko ordezkariek eta batzorde horretako presidenteak "enpresaren etorkizunaz duten informazio falta tarteko" agerraldia egin dute gaur, osteguna, lantegiaren aurrean. Datorren ostegunean, abenduak 12, hasiko dira mobilizazioekin.

Grumaleko Enpresa Batzordeko ELA eta LABeko ordezkariek eta batzorde horretako presidenteak "enpresaren etorkizunaz duten informazio falta tarteko" hainbat mobilizazio iragarri dituzte gaur, osteguna, lantegiaren aurrean egin duten agerraldian. 

Joan den ostegunean aurkeztu zuen Fagor Etxetresnakek Grumalentzat hartzekodunen konkurtsoa Donostiako Donostiako merkataritza arloko auzitegian, baina langileen ordezkariek azaldu dutenez, "langileak zain daude Donostiako merkataritza auzitegiak hartzekodunen konkurtsoa onartu eta administrariak enpresaren egoera zein den azaltzeko".  Izan ere, egun, martxan da Grumal enpresa, eta langileak "normal" ari dira lanean, nahiz eta, udako paga extra eta azaroko nomina ez dituzten jaso.

Informazio gutxi

Fagorretik informazio gutxi jaso dutela azaldu dute. "Jaso dugun berri bakarra Grumaleko 48 langilerentzat bideragarritasun plana izan da, eta ez digute argitu gainerako 100 langileekin zer gertatuko den".  Langileek ez dute proposamen hori onartuko, "nahiz eta Grumalek Fagorrekin duen 3,5 milioi euroko zorra barkatu". Gainera, plan hori "gidaritza emango duen inor gabe" proposatu dietela salatu dute, "beraiek Grumaletik at geratuko dira-eta". "Grumalen egun dauden 148 langileekin ahaztu egin dira", esan dute.

Enpresa Batzordeko kideek esan dutenez, jasotako tratua "ez dator Grumal Fagor kooperatibako zati bilakatzeko prozesuarekin bat, ez da saldu diguten kooperatibetako modelo demokratiko eta solidarioa izan, eta 2010ean itxi behar zuten". "Langileek izugarrizko esfortzua egin dute prozesu horretan; soldatak izoztu, soldatak jaitsi, birkokapena onartu, kobratu gabe ordu gehiago sartu... Gainerako kooperatibetako langileek adinako esfortzua egin dute, eta ez dugu horiek jaso duten tratua jaso bueltan".

Mobilizazioak datozen egunetan

Datorren ostegunean, abenduak 12, hasiko dituzte mobilizazioak, eta egun horretan elkarretaratzea egingo dute Fagor Etxetresnakek Arrasaten duen lantegian, eta gero oinez joango dira Mondragon Korporazioaren egoitzara. Hilaren 17an jarraituko dute protestekin eta Arrasateko udaletxearen azpian edo elizaren atarian itxialdia egingo dutela aurreratu dute. Itxialdi horri hilaren 20an emango diote bukaera, lantegian egingo duten grebarekin eta egun berean Arrasaten izango den manifestazioarekin. ELA eta LABeko ordezkariek esan dutenez, "mobilizazio horiek bukatutakoan ikusiko dugu zein den egoera, eta orduan erabakiko dugu zer egin".

Grumal enpresako langileek hainbat protesta eta mobilizazio egin dute azaro hasieraz geroztik. Besteak beste, azaroaren 15ean elkarretaratzea egin zuten Arrasaten, Mondragon korporazioaren egoitzaren aurrean, "lantegiaren etorkizunaren inguruan duten kezka adierazteko eta informazio eza salatzeko".