Grumaleko langileak Mondragon Korporazioari erantzukizun eske

Uztarria.eus 2013ko aza. 15a, 17:22
Grumaleko langileak gaur, ostirala, Mondragon Korporazioaren aurrean egin duten protestan. (GOIENA.NET)

Elkarretaratzea egin dute gaur, ostirala, goizean Arrasaten, korporazioaren egoitzaren aurrean. Zuzeneko informazio eza salatu dute eta euren eskariekin gutuna utzi dute. Bidegarritasun plan bat zehazteko eskatu diote Mondragoni.

Grumal enpresako langileak Arrasaten izan dira gaur goizean. Fagor Etxetresnak kooperatiba da Azpeitiko enpresaren jabea, eta beharginek elkarretaratzea egin dute Mondragon Korporazioaren egoitza nagusiaren atarian, lantegiaren etorkizunaren inguruan duten kezka adierazteko eta informazio eza salatzeko. MCC-Fagor, zuen arduragabekeria gure miseria. Grumal 148 lanpostuen defentsan zioen pankartarekin, ordu erdiko bilkura egin dute Grumalekoek Arrasaten.

Fagor Etxetresnek hartzekodunen konkurtsora eraman zain daude Grumalen. Fagor Etxetresnen kooperatiba nagusia herenegun eraman zuten konkurtsora, eta Fagorrena den Basauriko Edesa lantegiaren konkurtsoa astelehenean aurkeztuko dutela iragarri dute. Grumalen txanda noiz izango den ez dute oraindik zehaztu.

Hain zuzen ere, zuzeneko informazio eza eta bilera eskaerei erantzunik ez ematea da Grumaleko langileen ordezkariek gaur Arrasaten salatu duten kontuetako bat. Azpeitiko lantegiarentzat ideragarritasun plan bat zehazteko ere eskatu diote Mondragon Korporazioari. Euren eskaera guztiak biltzen dituen gutuna utzi dute korporazioaren egoitzan.

Arrasateko protesta elkarretaratzearen informazio gehiago, Goiena.net-en eta Mondraberri.com-en.