Mobilizazioak hasi dituzte Grumaleko langileek

Uztarria.eus 2013ko aza. 5a, 13:38
Artzubiko biribilgunean egin dute elkarretaratzea Grumaleko langileek.

Elkarretaratzea egin dute gaur, asteartea, Grumaleko langileek, Laboral Kutxa eta Lagun Aroren buelgoaren aurrean, eta enpresaren 148 langileen egoera salatu dute.

Grumal SL enpresako langileek beren egoera gizarteratzeko eta duten informazio falta salatzeko mobilizazioak hasi dituzte, eta elkarretaratzea egin dute gaur, asteartea, Artzubiko biribilgunean, Laboral Kutxa eta Lagun Aroren bulegoaren aurrean. "Grumalen akzionista eta kudeatzaile bakarra Fagor Etxetresnak da, 148 langile ditu, eta horietatik 53, Edesaren bidez, Fagorreko beste hainbat kooperatibetan daude birkokatuta. 53 langile horiei abenduaren 31n bukatzen zaie birkokatutako enpresetako kontratua, eta Grumalera itzuli beharko dute, baina ez dakigu zein izango den enpresaren egoera orduan", azaldu dute Grumaleko Enpresa Batzordeko ELA eta LABeko Josu Galarraga eta Andone Arrieta ordezkariek.

Azpeitiko lantegiaren etorkizunaz langileei ezer gutxi argitu dietela ere salatu dute Grumalekoek, "gaurkoa da aurreneko elkarretaratzea, eta Azpeitian Fagor Etxetresnaken esku dagoen enpresa bat badela gizarteratzeko eta oso gaizki pasatzen ari garela erakusteko bildu gara hemen. Horrez gain, informazio falta salatu nahi dugu; Grumaleko zuzendaritzatik, Fagor Etxetresnak-eko zuzendaritzaren aldetik eta MCCtik daukagun informazio falta".

"Grumal ez da kooperatiba. Bertako langileak ez gara kooperatibistak, baina Grumal Fagorren esku dagoenetik aurkeztu dizkiguten bideragarritasun plan bakoitzeko langileak ahaleginak egin dituzte: soldata jaitsierak, lanordu gehiago eta lanorduak doan egin dituzte. Kooperatibistak adinako ahaleginak egin dituzte Grumaleko langileek, hala izan gabe", gaineratu dute Enpresa Batzordeko ELA eta LABeko ordezkariek. "148 langile eta familia daude Grumalen, egoera langileok kezkaz eta urduritasun handiarekin bizi dugu, zalantza asko ditugulako eta egindako galderei erantzunik ez digutelako ematen”.

Fagorrek behar duen finantziazioa ez badu lortzen, Grumalekin zer gertatuko den ere ez dakitela diote Azpeitiko langileek, "zein kategoriatan sartuko gara langileak? Korporazioan lanean jarraitzeko aukerarik izango al dugu? Eta aldi baterako bazkide bezala lanean ari diren Grumaleko langileekin zer gertatuko da?".

Datozen egunetan mobilizazio gehiago egingo dituzte Grumaleko langileek, baina oraindik "zehaztu gabe" dituztela azaldu dute.