Grumalen hartzekodunen konkurtsoa onartu du Donostiako auzitegiak

Uztarria.eus 2013ko abe. 9a, 12:08

Donostiako merkataritza arloko auzitegiak gaur jakinarazi du Fagor Etxetresna Elektrikoakek Grumal Azpeitiko enpresarentzako eta Proiek Habitat Arteakoarentzako aurkeztutako hartzekodunen konkurtsoa onartu duela. 

Donostiako merkataritza arloko auzitegiko epaile Pedro Jose Malagonek gaur goizean igorri duen autoa jakinarazi du Fagor Etxetresna Elektrikoakek Grumal Azpeitiko enpresarentzako eta Proiek Habitat Arteakoarentzako aurkeztutako hartzekodunen konkurtsoa onartu duela. Hori dela-eta, Fagor eta Edesa bezala, Grumal eta Proiek ere AIEk administratuko ditu. Eve Administración Concursal, Horwath PLM Auditores eta Consultores Sayma-k osatzen dute elkarte hori.

Ostegunean egindako autoak Grumal eta Proiek enpresak hartzekodunen konkurtsoan daudela adierazten du, eta konkurtsoa eskatzeko enpresa horien gaineko memoria ekonomikoa bidali eta kaudimengabe daudela argudiatu du Fagor Etxetresnakek. Horren aurrean, epaileak dio Grumalen datuak bere horretan direla kaudimen ezaren seinale. Irailean 12,5 milioi euroko pasiboa zuen, aktiboa 2,6 milioikoa zen eta esku dirutan soilik 36.000 euro zituen. Proiek-en kasuan egoera "hobea" dela dio epaileak, baina bere datuek ere agerian uzten dutela ez duela horrek kaudimenik. Epaileak gaur emandako autoan Grumalek dituen hondasun higiezinak ere aipatzen dira: Azpeitiko Gerraundi 1ean pabiloi industrial bat eta biltegi bat, Pinton (Madril) biltegi bat eta Azpeitiko Landetan bulego bat.

Grumalen tramitazioa Gipuzkoan egingo zela zalantzarik ez zegoen, Azpeitian duelako egoitza (Gipuzkoa). Proiek, berriz, Artean dago (Bizkaia). Epaileak, baina, ebatzi du Fagor dela horren jabe %99,02arekin, eta horrek Arrasaten duenez egoitza, hori ere Gipuzkoan tramitatzea erabaki du

Urriaren 28an eskatu zuen Fagor Etxetresna Elektrikoakek Grumal eta Proiek enpresentzako hartzekodunen konkurtsoa, Donostiako auzitegian. Orain, posible da Gipuzkoako Auzitegian hartzekodunen konkurtsoa onartzearen aurkako helegitea jartzea.

Gaur egun Grumaleko Azpeitiko lantokian 95 langile ari dira lanean, bi errelebotara. Baina Grumaleko beste 53 langile hainbat kooperatibatan birkokatuta daude aldi baterako bazkide bezala, eta Edesaren bidez. Grumalek sukaldeko altzairuak egiten ditu 1979tik. 2005ean egin zen Fagor bere jabe, Mongragonek AEBetako multunazional Masco Corporationekin hitzarmena egin ondoren. Ordura arte Grumalek 225 langile zituen.

Grumal enpresako langileek hainbat protesta eta mobilizazio egin dute azaro hasieraz geroztik. Besteak beste, azaroaren 15ean elkarretaratzea egin zuten Arrasaten, Mondragon korporazioaren egoitzaren aurrean, "lantegiaren etorkizunaren inguruan duten kezka adierazteko eta informazio eza salatzeko". Joan den ostegunean, berriz, asteotan egingo dituzten mobilizazioen berri eman zuten langileen ordezkari sindikalek, lantegi aurrean egindako agerraldian.