Urriaren 16an estreinatuko dute 'Hil-kanpaiak' filma zinema aretoetan

Erabiltzailearen aurpegia da hau Di-da! | Kultura
2020ko api. 23a, 12:27

Miren Gorrotxategi azpeitiarraren '33 ezkil' liburuan oinarrituta dago Imanol Rayo zuzendariaren 'Hil-kanpaiak'filma, eta urriaren 16an estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.

Hil-kanpaiak filma urriaren 16an estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan, Comscore Movies Spain atariak adierazi duenez. Miren Gorrotxategi azpeitiarraren 33 ezkil liburuan oinarritutako filma da, eta Imanol Rayok zuzendu du. Joan zen urrian egin zituzten filmaren grabaketak Gipuzkoan eta Nafarroan. Hainbat euskal aktore ezagunek parte hartzen dute filmean; besteak beste, Itziar Ituñok, Eneko Sagardoik eta Yon Gonzalezek.

33 ezkil nobela fikziozko lana da, baina errealitatea du oinarri. Aitzurrean dabil Fermin baserrian eta garezur bat topatuko du lurpean. Hortik abiatzen da azpeitiarraren lana, baita Hil-kanpaiak filma ere. Gorrotxategik 2016ko udazkenean aurkeztu zuen 33 ezkil eta "liburua argitaratu eta laster" jarri zen berarekin harremanetan Joanes Urkixo gidoilaria, "gustatu zitzaiola" eta "interesa bazuela" esateko: "Urkixok ekoiztetxea-eta buruan zeuzkan ordurako". Haiekin elkartzea izan zen hurrengo pausoa eta orduan, 2017an, jarri zuten martxan orain gorpuzten ari diren filma. Azpeitiarra "oso gustura" agertu zen hark orain arte egindako lan bakarra pantaila handira eramateko aukeratu zutelako.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu