Hasi dira Miren Gorrotxategiren '33 ezkil' nobelan oinarritzen den 'Hil kanpaiak' filma grabatzen

Uztarria.eus 2019ko urr. 3a, 14:26

Hasi dira Miren Gorrotxategi azpeitiarraren 33 ezkil eleberrian oinarritzen den Hil kanpaiak filma grabatzen. Oraingoz, Nafarroako eta Gipuzkoako zenbait lekutan aritu dira grabaketa lanetan. Imanol Rayo da Hil kanpaiaken zuzendaria, eta egiten duen bigarre filma da. Aurrekoa ere, Bi anai, liburu batean oinarrituta egin zuen, Bernardo Atxagarena, kasu horretan. Eneko Sagardoi, Itziar Ituño eta Yon Gonzalez dira idazle azpeitiarraren lanean oinarrituko den pelikulan parte hartuko duten aktore nagusiak; haiekin batera lanean ariko dira Kandiko Uranga, Josean Bengoetxea, Itsaso Arana, Asier Hernandez eta Iñigo Aranburu.

33 ezkil nobela fikziozko lana da, baina errealitatea du oinarri. Aitzurrean dabil Fermin baserrian eta garezur bat topatuko du lurpean. Hortik abiatzen da azpeitiarraren lana, baita Hil kanpaiak filma ere. Gorrotxategik 2016ko udazkenean aurkeztu zuen 33 ezkil eta "liburua argitaratu eta laster" jarri zen berarekin harremanetan Joanes Urkixo gidoilaria, "gustatu zitzaiola eta interesa bazuela" esateko. "Urkixok ekoiztetxea-eta buruan zeuzkan ordurako". Haiekin elkartzea izan zen hurrengo pausoa eta orduan, 2017an, jarri zuten martxan orain gorpuzten ari diren filma. Azpeitiarra "oso gustura" agertu zen hark orain arte egindako lan bakarra pantaila handira eramateko aukeratu zutelako. 

Orain, beste proiektu bat du esku artean Gorrotxategik. Aurten (H)ilbeltza beka jaso du, eta bere bigarren eleberria izango denari forma ematen dabil. Hori ere misteriozkoa izango da.