Miren Gorrotxategi: "Sakrifizioa eta gozamena izan da; amets bat egi bihurtu zait"

Urola Kostako Hitza 2016ko urr. 27a, 14:15
Miren Gorrotxategi. (Julene Frantzesena)

Atzo aurkeztu zuen azpeitiarrak Agustin Zubikarai bekari esker argitaratu duen eleberria Donostiako Elkar aretoan. Fikziozko liburua "misterioz betea" dela azaldu du.

Agustin Zubikarai beka jaso zuen iazko urriaren bukaeran, eta ordutik 33 ezkil liburua idazten aritu da buru-belarri Miren Gorrotxategi (Azpeitia, 1981). Atzo aurkeztu zuen eleberria Donostian.

Zeren ingurukoa da eleberria?

Asko kontatzerik ere ez dago, informazioa oso dosifikatuta dagoelako liburu osoan. Istorioa hasten da Ferminek aitzurrean ari dela burezur bat aurkitzen duenean. Aurkikuntza horren ostean, gorpu gehiago agertzen eta hezur batzuk desagertzen dira… Misterioa ziurtatuta dago.

Errealitatetik badu zerbait?

Istorioak ez du ezer errealitatetik, baina Azpeitiko Oñatz auzoko gertaera batean du oinarria. Izan ere, gure osabak, duela urte batzuk, burezur bat aurkitu zuen Oñatzen. Aranzadira deitu zuen, eta Pako Etxeberria etorri zen hezurrak ateratzera. Nik 15 bat urte nituen orduan, eta izugarria izan zen guretzat. Hezurrak aztertu ostean esan ziguten XV-XVI. mendeko gizon batenak zirela. Pentsatu nuen gertaera horrek bazuela misteriozko eleberri bat egiteko adina mami, eta hortik abiatu nintzen. Bestalde, liburua fikziozkoa bada ere, pertsonaiak arruntak eta erraz identifikatzekoak dira, eta baita haiek dituzten harremanak ere. Hori bai, egoera arraro edo ezohiko baten aurrean aurkitzen dira.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.