EAJko zinegotziei erantzunez

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2021ko urr. 29a, 13:48

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak atzo Azpeitiko EAJko zinegotziek plazaratutako oharrari erantzunez idatzitako gutuna da hau.

Esklabetako eraikinaren birjabetzearen harira Azpeitiko EAJk atzo argitaratutako gutuna protagonismo bila egindako ariketa baldartzat baino ezin dezakegu ulertu. Izan ere, gaiarekiko duten axolagabekeriaren erakusle da birjabetzearen egilea zein den ere ezagutu ez izana (GKS oraindik ez zen existitzen duela hiru urte). Ikusi omen duten bideoan bertan ageri den moduan, gerora eraikina hainbat eragilek eta norbanakok erabiltzen duten arren, Krisiaren Seme-alabakek eskuratu zuen eraikina, gerora sortuko zen Kontseilu Sozialistaren aurrekaria zenak.

Baina atzo plazaratutako gutunaren idazleetaz asko esaten duen "anekdota" horretaz harago, "etxebizitza izateko eskubidea guztientzat dela berbera" bezalako ergelkeriak irakurri behar izan ditugu. Zergatik dituzte, bada, pertsona batzuek bi, bost edo hamar etxebizitza, beste batzuk txaboletan, garajetan edota kalean bizi direnean? Eskubideak dirua duenak soilik eros ditzake, antza. Eta eskubideak ordaindu ezin dituzten pertsona horiek etxetik botatzeaz, besteak beste, zuen alderdia arduratuko da. Etxe hutsak egoteak kezkatzen zaituzte, ez jendea etxerik gabe egoteak.

Ildo beretik, Udal Gobernuak, oposiziorik gabe, presio mekanismo moduan ura eta argia moztu eta gero, EAJkoak bizigarritasunaz lekzioak emateko gai ikusi dira. Baina gehiago esanda, zuek noiz jarri duzue irtenbideren bat jendea urik edo argirik gabe egon ez dadin? Jendea hotzez bizi ez dadin? Jendeak gosea pasa ez dezan? Horiek ez dira fenomeno naturalen ondorio, arduradun zuzenak dituzte, eta zuek, ezin duzue arazoaren parte zareten unetik bertatik, arazoaren konponbide izan.

Gure interesak azpeitiar guztien oinarrizko eskubideen gainetik jarri ditugula esan digute lotsagabeki, hain justu, abiatu ditugun proiektu guztiak, eskubiderik erosi ezin dutenekiko defentsara bideratutako militante/boluntario lanean oinarritzen direnean. Eta nork egin digu akusazio larri hori? Banketxe eta enpresari handien interesen defendatzaile sutsu den EAJk, langileak erreprimitzen dituztenek, diru publikoaren desbideraketaren maisu direnek, ustelkeriaren adibiderik garbienak direnek.

Akordioaren auzian sartuta, eztabaidagai izan diren alorrak guztiz teknikoak izan dira, eta begien bistakoa denez, horiek denak gaindituta daude (ondoko obrena kasu). Obrak egiteak ez du gure jarduna baldintzatzen, eta, gure jardunak ere ez ondoko obrena; beraz, ez dugu eraikinetik atera beharrik izan. Dena dela, egokiena hasieratik mahai gainean jarri genuen (eta egin dugun guztia bezala publikoa den) zesio forma sinatzea dela deritzogu, etorkizunean etor litezkeen arazoak prebenitzeko modurik egokiena delako. Ez gara ezer berria esaten ari, EH Bildu eta zuok, EAJko zinegotziok, ezkutuka hitz egindakoaren berririk ez dugu, baina guk guztia argitaratuta dugu eta edozeinentzat eskuragarri dago.

Azkenik, garbi utzi nahi dugu, ez garela hasi inori erronkarik jartzen, ez bada geure buruari berari. Izan ere, giza miseria eta esplotazioa erregaitzat duen gizarte honekin amaitu eta askatasun eta oparotasun unibertsalean oinarrituko den gizartea eraikitzeko alea jartzeko erronkari heldu diogu, eta horretarako aterpea izan da eta izango da Esklabetako Zentro Sozialista. Erronka honi heltzeko prest daudenekin bertan elkartuko gara!