GKSko kideek Esklabetan jarraituko duten edo ez argitzeko eskatu dute EAJko zinegotziek

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2021ko urr. 28a, 08:07

Azpeitiko gazteen etxebizitzaren eta aisialdiaren arazoari irtenbide bateratua bilatzeko prest gaudela berresten dugu, baina azpeitiar guztien oinarrizko eskubideak errespetatuz.

GKS (Gazte Koordinadora Sozialista) Esklabetan sartu zela hirugarren urteurrena dela eta, Uztarrian bideo bat zabaldu da eraikina okupatu zutela eta "Esklabetako Zentro Sozialista" bihurtu dutela esanez. Guzti hori, Azpeitiko Udal Gobernuarekin 2019ko erdialdean lortutako hitzezko akordio bati esker.

Bideo horretan, udal jabetzako eraikinean egin dituzten berrikuntzen berri eman dute antolatzaileek. Berrikuntzak zer baimenekin egin dituzten jakin nahiko genuke. Non eskatuta? Legez dagokion bezala, Udaleko sarreran ez behintzat. Bizigarritasunik ez duen udal eraikin batean, urik eta argirik gabe daude. Zeinen ardurapean?

EH Bilduk EAJko zinegotziei emandako informazioaren arabera, akordio bat zegoen, non antolaketa politiko horrek Esklabetako hegaletako bat erabil zezakeen, Eusko Jaurlaritza kokapen horretan aurreikusitako alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzen hasi arte. Eusko Jaurlaritza pasa den udan hasi zen eraikitzen, baina GKSk ez du eraikina utzi, eta, bideoa ikusita, ez du horretarako inolako asmorik erakusten.

Egoera honen aurrean, EAJko zinegotziok uste dugu Udal Gobernuak GKSk EH Bilduri jarritako erronkari erantzun bat eman behar diola.

EAJko zinegotziak jakitun gara Azpeitiko gazteek etxebizitza duin bat lortzeko duten arazoez, eta, horren aurrean, konponbide bat lortzeko prest gaudela berresten dugu. Era berean, gogorarazi nahi dugu etxebizitza izateko eskubidea guztientzat dela berbera; beraz, onartezina deritzogu erakunde politiko jakin baten interesak azpeitiar guztien oinarrizko eskubideen gainetik jartzea.