24,2 milioi euroko aurrekontua izango du Azpeitiak 2024an, aurten baino %6 gehiago

Ane Olaizola 2023ko abe. 13a, 13:01
Azpeitiko Udalbatza, atzo, abenduko osoko bilkuran. (Ane Olaizola)

Udalak atzo onartu zituen datorren urteko aurrekontuak, EAJren abstentzioarekin. EH Bilduren udal gobernuaren arabera, "pertsonak erdigunean" izan dituzte aurrekontuak osatzerakoan, eta gizarte babesa eta ekonomia sustatzea izan dituzte lehentasun. Gizarte Zerbitzuen sailak izango du igoerarik handiena: %14 igoko dute haren aurrekontua.

Azpeitiko Udalbatzak datorren urteko aurrekontua onartu zuen atzo, asteartez, abenduko ohiko osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Horrenbestez, udalak 24.216.971 euroko aurrekontua izango du 2024an; aurtengoa baino %6 handiagoa, beraz. Udal gobernuaren arabera, bi arrazoi nagusik eragin dute udalaren diru sarrerak handitzea: batetik, 12.511.244 euro jasoko ditu erakundeak Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik –iaz jasotakoa baino %5,1 gehiago–; eta bestetik, ordenantza fiskalak %3 igoko dituzte datorren urtean. Horrela, bi iturri horietatik datorren urtean 1.400.000 euro baino gehiago izatea aurreikusi dute. Nagore Alkorta alkatearen hitzetan, "azpeitiarren beharretara" egokitutako aurrekontuak dira onartu berri dituztenak.

Alkatearen arabera, gizartean "ziurgabetasun egoera" egonagatik, udalaren egoera ekonomikoa "ona" da. Haren arabera, udalaren azken urteetako "kudeaketa arduratsu eta egokiaren" ondorio da hori. Agintaldiko aurreneko aurrekontuak izanik, atzo onartutakoak datozen lau urteetarako "norabidean" jartzen du udala, alkateak azpimarratu duenez. "Helburua da herri bizigarriagoa, aktiboagoa eta duinagoa da, eta premisa horri erantzuteko asmoz egin ditugu aurrekontuak". Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak, bere aldetik, azaldu du "testuinguru aldakorrean" trazatu dituztela datorren urteko aurrekontuak, eta inflazioaren aurrean "zuhurtzia handiz" egin dituztela gastuen aurreikuspenak. "Pertsonak erdigunean" izan dituztela azaldu du batzordeburuak: "Azpeitiar guztiak hartu ditugu kontuan, inor bazterrean utzi gabe. Gehiago behar dutenei erantzunez, herri justuago eta orekatuago batean jarriz gure indarrak eta azpeitiarren egunerokoa hobetuko duten zerbitzuak indartuz eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuz. Finean, azpeitiarren ongizatea hobetzeko helburua du udalak, zenbaki hotzen atzean pertsonak daudelako".

Horrez gain, Udal Gobernuaren "izaeraren isla" dira aurrekontuak, alkatearen hitzetan. Gizarte babesa eta ekonomia sustatzea izan dituzte lehentasun, eta horregatik, Gizarte Zerbitzuek eta Parekidetasun sailak izango dituzte igoerarik handiena. Pertsona zaurgarriak babesteko xedez, Gizarte Zerbitzuen sailak %14ko igoera izango du 2024an —aurten %15eko igoera izan du 2022ko aurrekontuarekiko—, egungo zerbitzuak "indartu" egingo dituztelako eta beste berri batzuk martxan jarriko dituztelako, batez ere ongizate emozionalera bideratuta. Guztira, 3,2 milioi euroko aurrekontua izango du sail horrek. "Biztanleen zahartzea eta adinekoen zaintza erdigunean" jarrita, etxez etxeko laguntza eskaintzen jarraitzeko 826.000 euro bideratuko dituzte horretara hasieran, baina eskaera gehiago baldin badago, partida igoko dutela agindu dute: "Inori ez diogu ezetz esango".  Horrez gain, Elizkaleko hamabi etxebizitza tutelatuak datorren urte hasieran jarriko dituzte martxan, 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta. Erabiltzaileek alokairurako kuota bat ordainduko dute diru sarreraren arabera, baina bestelako gastuak ordaintzeko, ia 70.000 euro bideratu ditu udalak, "kalitatezko zahartzaro duina bermatzeko". Ildo horretako prestazioak ematen jarraituko dute, eta orotara, 550.000 euro erabiliko dituzte horretarako. Ongizate emozionalaren arloan, berriz, "inbertsio handia" egingo duela aurreratu du udalak; adin nagusiko herritar guztientzako psikologo zerbitzua martxan dute erakundeak eta Osakidetzak. Gaztelekuan, berriz, zerbitzu bera jarri nahi dute martxan nerabeentzako, eta gurasoentzako orientazio zerbitzua ere abiatu nahi dute.

Tokiko ekonomiaren garapena eta energia trantsizioa dira udalaren "erronka handiak" eta hori aurrekontuetan islatuko dela azaldu du Goenagak. Batetik, Iraurgi Berritzen garapen agentziari 414.330 euroko ekarpena egingo dio Azpeitiko Udalak, bailarako ekonomia, enplegua eta turismoa sustatzeko helburuarekin. Bestalde, sustapen ekonomikorako diru laguntzak ematen jarraituko dute, eta 400.000 euro banatuko dituzte datorren urtean, "momentuko beharren arabera, baliabideak aztertuta". Goenagak jakinarazi du aurten 115 eskaera egon direla diru laguntza horietarako. Lehen sektoreari dagokionez, Azoka Plaza "erreferente" bilakatu dela azaldu du Goenagak, eta hura dinamizatzen duen Artxara kooperatibarekin duen hitzarmenari jarraipena emango dio udalak.

Energia trantsizioa datozen urteetan izango duten "erronka eta arazo handia" dela plazaratu du Ogasun batzordeburuak, eta zehaztuta duten energia planaren bide orria jarraituko dutela aurreratu du: "Oinarri sendoak jartzen ari gara Azpeitian, Ekindar energia komunitatearekin. Eraikin publiko ia guztietan eguzki plakak jartzen segituko dugu, eta etxebizitzetan zein lantokietan horiek jarri nahi dituztenei diru laguntzak ematen jarraituko dugu". Hain zuzen, efizientzia energetikorako diru laguntzak banatzen jarraituko du udalak, norbanakoei zein etxebizitza komunitateei zuzenduta.

Inbertsioak

Azpiegiturei eta inbertsioei dagokienez, zerbitzu orokorrerako aurrekontua %11 igoko dute. "Kaleen mantentze lanei, garbiketari, lorezaintzari eta argiteriari indar berezia eman nahi diegu, eguneroko espazioak txukun mantentzeko". Gainera , zerbitzu orokorretarako erabiltzen diren lau ibilgailu berri erosiko ditu udalak. Udal langileen atalak ere %5,5eko igoera izango du, bi faktorek eraginda: langileei %2,5 igoko dizkiete soldatak, eta lantaldea handitzen jarraituko dute. Aurrekontu osoaren %30a hartzen du sail horrek.

Inbertsioetarako, berriz, 2.600.000 euro bideratuko dituzte. Arlo horretan, kirol azpiegiturak "hobetzen" jarraituko dute, eta padel zein tenis pistak estaltzeko proiektua exekutatzeko 450.000 euroko partida bat sortuko dute. Bestalde, musika eskola Soreasura lekualdatzeko egokitzapena hurrengo urtean amaitzea aurreikusten dute. Horrez gain, herri "irisgarri, seguru eta erosoa" izan dadin, beharrezkotzat jo dute "azpiegitura egokiak" edukitzea, eta horretarako urbanizazio lanak egiten jarraituko dute. Hain zuzen, Urrestillako lanak hiru fasetan egingo dituzte, eta lehenengoa datorren urtean hasiko da, 200.000 euroko aurrekontuarekin. Etxe Alaiko urbanizazio lanak ere martxan jarriko dituzte.

Herri ekipamenduetarako, berriz, 300.000 euro bideratuko dituzte, besteak beste, hiru haur parke eraberritzeko. Hezkuntzaren arloan, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairako partida bat ere sortu dute, Euskal Herriako eraikinean barrualdean ataria estaltzeko eta Perdillegiko eraikineko jolasgunea eraberritzeko.

Aurrekontuei ez ezik, horiek zehazteko egin duten bideari ere "garrantzia" eman nahi izan dio Alkortak, parte hartze prozesu baten ondorio izan direlako: "Auzoetako eta herriguneko bilerak egin ditugu, sail ezberdinetako batzordeekin eta teknikariekin bildu gara. Eskerrak eman nahi dizkiegu ekarpenak egin dituzten herritarrei ere". 

Udalaren aurrekontuaz gain, bestalde, Kirol Patronatuak 1.740.980 euroko aurrekontua izango du; Azpeitia Berritzenek 1.290.351 eurokoa; eta Euskara Patronatuak, 889.213 eurokoa. Azpeitiko Udalaren aurrekontu kontsolidatua, horrenbestez, 26.654.322 eurokoa izango da.

EAJ, abstentziora

EAJk abstentziora jo zuen udalbatzarrean, eta Nerea Aldaik azaldu zuen gastuak kontrolatzeko garaia duela udalak, "goraka" doazelako. "Urte batean gastu bezala sortzen direnak hurrengoan egiturazko bihurtzen dira, eta gastuen eraginkortasuna, arrazoiak eta hori saihesteko zer egin daitekeen aztertzeko unea iristen da".

Jeltzaleek hainbat ekarpen egin dituzte aurrekontuetan: besteak beste, Urrestillan Txorietxeko lurrak erosi babes ofizialeko etxeak eraikitzea; Urrestillan eta herrigunean Alde Zaharra eraberritzea; Esklabateko ezkerreko hegalean alokairuko etxeak egitea; eraikin publikoetako teilatuetan eguzki energia panelak jartzea; energia-komunitate pribatu-publikoak sortzea; kirol arloan kanpoko igerilekuaren berdegunea handitzea; hezkuntzan, egoera zaurgarrian dauden ikasleei laguntzeko proiektu bat gauzatzea; eta zerbitzu publikoak indartzeko brigada eta udaltzain gehiago kontratatzea. "Horietako batzuk aztertzeko borondatea azaldu duzue, eta beste batzuetan bestelako ideia batzuk dituzuela esan duzue", adierazi zion Aldaik udal gobernuari.

Horrez gain, datorren urteko martxoan aurtengo aurrekontuek izango duten exekuzio maila aztertuko dutela gaineratu zuen zinegotzi jeltzaleak.