Azpeitiko Udalak 12,5 milioi euro jasoko ditu udalen foru funtsetik, iaz baino %5,1 gehiago

Onintza Lete Arrieta 2023ko urr. 17a, 12:05

Azpeitiko udaletxea.

Zehazki, Azpeitiko Udalak 12.511.244 euro jasoko ditu Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik, iazko urtearen bukaeran aurreikusitakoa baino 28.386 euro gehiago, eta iaz jasotakoa baino %5,1 gehiago. Datorren urtean, berriz, 13.360.416 euro jasoko lituzke Azpeitiko Udalak, aurten baino %6,79 gehiago, aldundiaren aurreikuspenen arabera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, Azpeitiko Udalak 12.511.244 euro jasoko ditu Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik (UFFF), iazko urtearen bukaeran aurreikusitakoa baino 28.386 euro gehiago, eta iaz jasotakoa baino %5,1 gehiago. Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak atzo arratsaldean Gipuzkoako Finantza Kontseiluan jakitera eman zuenez, foru funtsak 610 milioi euroko zuzkidura izango du 2023. urtean, aurreikusitakoa baino 1,4 milioi euro gehiago; alegia, diru kopuru hori gehiago jasoko dute Gipuzkoako udalek aurten. Izan ere, zerga bilketan uste baino diru gehiago bildu du aldundiak.

Datorren urtean, berriz, 651 milioi euro izango ditu UFFFk. "Bai aurtengoa, bai datorren urterako aurreikuspen berria, inoizko foru funtsik handienak dira. Gainera, 2024an, funtsaren zuzkidura lehenengo aldiz izango da 650 milioi eurotik gorakoa", jakinarazi zuen aldundiak. "Horrela, udalek baliabide gehiago izango dituzte egoera ekonomikoari aurre egiten jarrai dezaten", nabarmendu zuen Peronak. Hori horrela, aldundiaren aurreikuspenen arabera, datorren urtean 13.360.416 euro jasoko lituzke Azpeitiko Udalak, aurten baino %6,79 gehiago.

Azpeitiko Udalak bakarrik ez, Urola Kostako eta Gipuzkoako gainontzeko udal guztiek ere aurreikusitakoa baino diru gehiago jasoko dute aurten. Beizamak izango du igoera txikiena, iaz baino %0,61 gehiago jasoko du, baina bestalde, eskualdean berak jasotzen du diru gehien biztanleko (1.482 euro). Igoera handiena, berriz, Azpeitiak eta Aizarnazabalek izango dute, %5,11 eta %5,37, hurrenez hurren. Gainerako udalek %3,5 eta %4 inguru gehiago jasoko dute, Errezilek izan ezik (%2,68koa izango da igoera han).

Aldundiak datu gehiago ere eman ditu herriz herri: besteak beste, 2022ko likidazioa zenbatekoa izan zen, eta biztanleko zenbat euro jasotzen duen herri bakoitzak. Beheko taulan daude ikusgai zenbakiok.

Udala Likidazioa
2022
Aurrekontua
2023
Itxiera aurreikus. Betetze maila Aldakuntza
2023/2022
Biztanleko euroak 2024rako aurreikuspena
Aia 1.606.040 1.657.605 1.661.374 %100,23 %3,45 793 1.830.182 (+%10,16)
Aizarnazabal 657.353 691.081 692.653  %100,23 %5,37 895 718.780 (+%3,77)
Azkoitia 9.196.811 9.562.930 9.584.677 %100,23 %4,22 825 10.206.851 (+%6,49)
Azpeitia 11.903.486 12.482.858  12.511.244 %100,23 %5,11 826 13.360.416 (+%6,79)
Beizama 200.365  201.129 201.586 %100,23 %0,61 1.482 202.816 (+%0,61)
Errezil 516.465  529.078 530.281 %100,23 %2,68 939 553.849 (+%4,44)
Getaria 2.197.838  2.279.866 2.285.050 %100,23 %3,97 809

2.465.235 (+%7,89)

Orio 4.781.071 4.966.069 4.977.362 %100,23 %4,11 821 5.289. 177 (+%7,89)
Zarautz 18.283.418 18.884.335 18.927.279 %100,23 %3,52 819 20.121.888 (+%6,31)
Zestoa 2.992.455 3.091.846 3.098.877 %100,23 %3,56 826 3.298.853 (+%6,45)
Zumaia 7.902.679 8.226.708  8.245.416 %100,23 %4,34 812 8.927.720 (+%8,27)

*Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia.