Datorren urteko udal tasa, zerga eta prezio publikoak %3 igotzea erabaki du udalak

Nerea Uranga 2023ko urr. 4a, 18:11

Atzoko udalbatzarra. (Argazkia: Azpeitiko Udala)

Aho batez hartu dute erabakia urriko ohiko udalbatzarrean. "Egungo egoera sozioekonomikoa eta udalaren egoera ekonomikoa" kontuan hartuta ebatzi dituzte 2024ko ordenantza fiskalak. Egun indarrean dauden hobari eta diru laguntzak mantendu egingo dituzte.

Urriko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo, eta besteak beste, 2024an tasak, zergak eta prezio publikoak %3 igotzea erabaki zuten. Aho batez onartu zituzten datorren urterako ordenantza fiskalak EH Bilduko eta EAJko zinegotziek. Egungo egoera sozioekonomikoa eta udalaren egoera ekonomikoa kontuan hartuta hartu dute erabakia, eta "zuhurtziaz" jokatu nahi izan dute, Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak azaldu zuenez udal osoko bilkuran.

"Bizi dugun egoera sozioekonomikoa kontuan izanda –hainbat krisi, prezioen igoera ikaragarria eta abar–, ziurgabetasun handi batean bizi gara, eta ez du ematen egoera asko aldatuko denik epe motzean", adierazi zuen Goenagak. Horrez gain, egoera ekonomikoak herritar guztiei ez diela "era berean" eragiten azaldu zuen. "Horrek zergen aplikazioa progresiboagoa eta justuagoa egitera bultzatzen gaitu. Ordenantza fiskalarekin lortu behar genuke karga fiskala ahalik eta berdinena izatea denontzat. Horretarako, egun indarrean dauden hobariak eta diru laguntzak mantendu egingo ditugu".

Udal tasa, zergak eta prezio publikoak %3 igotzea proposatzeko orduan, egungo kontsumo prezioaren indizea kontuan hartu dutela azaldu zuen Ogasun batzordeburuak. "Azkenengo urtea zer kopurutan itxi zen eta izan duen bilakaera ikusi dugu batetik, eta egun %2-3 dagoela hartu dugu erreferentzia. Gero, ez dakigu urtearen bukaerara zein kopurutan iritsiko den KPIa, baina ikusita zer datutan gabiltzan 2024an %3ko igoera ezartzea erabaki dugu".

Udalaren diru sarreren %37 osatzen dute zergek, tasek eta prezio publikoek. Datu hori emanda, Goenagak adierazi zuen, udalak "baduela ahalmen ekonomikoa gastu publikoa finantzatzen jarraitzeko", eta beren lehentasuna "kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen segitzea" dela.

EAJko zinegotziek ere aldeko botoa eman zuten datorren urteko ordenantza fiskalak erabakitzerakoan. "Aldeko botoa emango dugu kontziente garelako udalari kostuak igotzen zaizkion neurrian, sarrerak ere handitu behar ditugula", adierazi zuen Nerea Aldai EAJko zinegotziak. Dena den, aipatu zuen udalak eskaintzen dituen hainbat zerbitzu "nahiko defizitarioak" direla, eta horien kostua jaisteko edota sarrerak nondik igo ditzaketen aztertzeko lanketa bat egin beharko litzatekeela: "Batik bat, Udal Kirol Patronatuaren zerbitzuagatik eta zaborragatik hitz egiten dugu".

Hobariak zerga, tasa eta prezio publikoetan

Udalak eskaintzen dituen hobariak eta diru laguntzak mantendu egingo ditu datorren urtean ere. Hobarien artean, adibidez, eguzkitik datorren energia aprobetxatzeko sistema termikoak edo elektrikoak jartzen dituzten etxebizitza erabilerarako eraikinetan %50eko hobaria ezartzea da. Horrez gain, eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergan %95eko hobaria emango dute obra baimenetan.

Ibilgailu elektrikoei eta hibridoei dagokienez, trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergan, %90eko hobaria izango dute ibilgailu elektrikoek, eta %50ekoa hibridoek. 30 urtetik gorako auto historikoek, berriz, %100eko hobaria izango dute datorren urtean ere.

Familia ugariek ere izan ditzakete hobariak udal zerga, tasa eta prezio publikoetan, beren diru sarreraren arabera.

Ekonomia jardueren gaineko zergan, "enplegua sustatzeko edo errazteko helburuarekin", jarduera berri bat abian jartzen duten herritarrek %50eko hobaria izango dute. Kontratu mugagabeak sortzen dituzten jarduerek, berriz, %30eko hobaria izango dute, eta kooperatiba babestuek eta beste hainbat enpresa moldek, %50ekoa.

Udal kirol instalazioetako tarifei dagokienez, familia abonuetan diru sarreren arabera hobaria jasotzeko aukera izango dute familia ugariek. Erretiratuek, pentsiodunek, langabeek eta lanbide arteko oinarrizko soldata baino errenta baxuagoa duten herritarrentzako hobariak ere gaur egun bezala mantenduko ditu udalak 20214an.