2024ko udal aurrekontuei gure ekarpena

EAJren udal taldeak 2024ko aurrekontuei egin dizkion ekarpenak eta ideiak azaldu ditu. Hausnarketa sakonaren beharra aldarrikatu du EAJk. 24 milioiko aurrekontuan diru gutxiago dago inbertsiorako, gastu korronteak jan duelako zati handiena.

2024ko aurrekontuak onartuko ditugu datorren asteartean egingo dugun abenduko udalbatzarrean, eta gure ekarpenak eta ideiak azaldu nahi ditugu.

Hasteko, hausnarketa sakon bat egin behar dugula iruditzen zaigu. 24 milioiko aurrekontuan diru gutxiago dago inbertsiorako, gastu korronteak jan duelako zati handiena. Zer kudeaketa eredu daukagu, inbertsiorako ia aukerarik ematen ez duena?

Hauek dira EAJk aurkeztu dituen eskaera garrantzitsuenak.

Etxebizitza eta hirigintza

  • Urrestillan Txorietxeko lurrak erosi, beharrezkoa bada, etorkizunean, babes ofizialeko etxeak eraikitzeko, bitartean duen izaera mantenduz.
  • Hainbat eremu biziberritzeko gestioak hasi:  Urrestilla, Errebala...
  • Urrestillako frontoian irisgarritasuna ziurtatu.
  • Esklabateko ezkerrreko hegalean alokairuko etxeak egin.
  • Sanjuandegin komun publikoa eraiki.
  • Aurrekontuekin zerikusi zuzenik izan gabe, merkataritza lokalak etxebizitza bihurtzeko eman behar diren pausoak aztertzen hasi behar dugu.

Energia

  • Udalarenak diren eraikin publikoetako teilatuetan eguzki energia panelak jarri behar dira.
  • Energia-komunitateak sortu behar dira herritarrekin eta enpresekin.

Onartzen dugu Udal Gobernu talde berriak denbora gutxi izan duela proiektu horiek garatzeko, baina, egia esan, pixka bat harritu egiten gaitu aurretik proiekturik ez izateak. Nolanahi ere, datorren urteetan pauso garrantzitsuak eskatuko ditugu alor honetan.

Kirolak

  • Kanpoko igerilekuaren berdegunea handitu, eta egutegia ekainaren 1etik irailaren 30era luzatu.

Hezkuntza

  • Alde batetik, egoera zaurgarrian dauden ikasleei laguntzeko proiektu bat gauzatzea, jubilatutako irakasleen laguntzarekin edota beste sistemaren bat erabiliz.
  • Sari bat eman ikastetxe bakoitzeko ikasketa-espediente onena ateratzen duen ikasleari.
  • Laguntza bat eman, bere espedienteagatik, atzerrian ikasketak luzatzeko beste bekaren bat lortu duen ikasleari. Hori arautzeko araudia adostu beharko genuke aurretik.

Zerbitzu publikoak indartu

  • Kaleak garbi mantendu. Sistema berrantolatu badaiteke, berrantolatu (zergatik ez dute orain arte egin?) edo langile gehiago kontratatu, baina kale garbiak nahi ditugu. Igande goizero kaleak urez garbitu behar dira.
  • Udaltzaingoan, gutxieneko zerbitzu egoki bat emateko, aldiko lau udaltzain egotea beharrezkoa ikusten dugu. Horretarako, udaltzain berriak kontratatzea proposatzen dugu. Lanpostu horiek udaleko lanpostuen zerrendan kontsolidatu behar dira.