Udal eta foru hauteskundeak 2023

Bost hautagai zerrenda aurkeztu dituzte Azpeitian udal hauteskundeetarako

Nerea Uranga 2023ko api. 26a, 13:38
2019an hautesleku bat.

EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk, Elkarrekin Podemosen koalizioak eta PPk aurkeztu dute hautes zerrenda Azpeitian datozen maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako.

Gaur argitaratu dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean datorren maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetara alderdiek, koalizioek eta herri plataformek aurkeztu dituzten hautagai zerrendak. Azpeitian bost hautagai zerrenda dira oraingoan; 2019ko bozetan baino bi gehiago.

EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza-IU-Alianza Verde koalizioak eta PPk aurkeztu dituzte hautagai zerrendak Azpeitirako. Elkarrekin Podemos koalizioa aurreneko aldiz aurkeztu da Azpeitian udal bozetara. Alderdi Popularrak, berriz, azkenengo aldiz 2015eko hauteskundeetan aurkeztu zuen hautagaitza Azpeitian. PSE-EEri dagokionez, azken udal bozetan ere aurkeztu zen Azpeitiko Udalerako, baina ez zuen ordezkaritzarik lortu.

EH Bilduk Nagore Alkorta aurkeztu du alkategai eta hautagai zerrenda apirilaren 4an aurkeztu zuen. Gaur egun EH Bilduk du alkatetza, eta Alkorta bera da alkatea. Azken udal bozetan botoen %57,80 eskuratu zituen; 4.489 boto.

EAJk, berriz, Jabier Altuna aurkeztu du alkategai, eta bihar aurkeztuko du udal bozetarako hautagai zerrenda. 2019an Amaia Etxeberria aurkeztu zuen alkatetzarako alderdi jeltzaleak, eta botoen %38,95 eskuratu zituen; 3.025 boto.

PSE-EEk Azpeitian zerrendaburu Manuela Nerea Alustiza aurkeztu du, eibartarra da, eta Eusko Jaurlaritzan Herri Administrazioetako Hizkuntza Normalizaziorako arduradun izandakoa 2012 eta 2013 urteen artean. Orain dela lau urteko udal bozetan, Oscar Murillo donostiarra aurkeztu zuen alderdi sozialistak alkategai, eta botoen %3,24 eskuratu zituen; 252 boto.

Elkarrekin Podemosen koalizioak maiatzaren 28rako aurkeztu duen Azpeitiko zerrendaburua Jose Carlos Garcia Rodrigo da.

PPk, berriz, Alvaro Farras aurkeztu du zerrendaburu Azpeitirako.