Udal eta foru hauteskundeak 2019

Oscar Murillo izango da PSE-EEren alkategaia datozen udal hauteskundeetan

Uztarria.eus 2019ko mar. 25a, 11:38
Murillo artxiboko irudi batean.

2015eko udal hauteskundeetan PSE-EEren Azpeitiko alkategaia izan zen. Murillo Azpeitian programa soziala garatzeko "ilusioarekin" agertu da, "herritarren benetako beharrei erantzungo dien programa egiteko" gogoarekin.

Orain lau urteko gisan, Oscar Murillo donostiarra izango da PSE-EEren Azpeitirako alkategaia datozen udal hauteskundeetan. Murillo Gipuzkoako Kirol Federazioen Elkarteko presidentea da, eta bi agintalditan zinegotzi izan da Legazpiko Udalean. Gainera, 2015eko udal hauteskundeetan PSE-EEren Azpeitiko alkategaia izan zen. Murillo Azpeitian programa soziala garatzeko "ilusioarekin" agertu da, "herritarren benetako beharrei erantzungo dien programa egiteko" gogoarekin.

PSE-EEren alkategaiak ohar bidez azaldu duenez, datorren agintaldiko helburua da lan munduan "politika aktiboak sustatzea", eskualdeko garapen agentziaren laguntzarekin. Murillok esan duenez, bere hautagaitzarekin "politika errealak eta eraginkorrak" garatu nahi ditu, "desberdintasun sozialen aurka" egiteko. Hark azaldu duenez, batez ere, haurtzaroan, adinekoetan eta emakumeetan jarriko du arreta. PSE-EEren alkategaiak adierazi du beraren nahiz alderdiaren ibilbideak Azpeitiaren "berrikuntza, dinamizazio soziala nahiz ekonomikoa" bermatzen dituela.