Udal eta foru hauteskundeak 2023

EH Bilduk osatu du udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda

Ihintza Elustondo 2023ko api. 4a, 09:22
EH Bilduk datozen udal hauteskundeetarako aurkeztuko duen taldea. (EH Bildu)

Nagore Alkorta egungo alkatea buru duen EH Bilduren proposamenak "esperientzia eta freskotasuna" ditu oinarri. Azken urteetan udalean lanean jardun duten hautetsiak daude zerrendan, baita lehen aldiz pausoa eman duten herritarrak ere. EH Bilduk jakinarazi duenez, koalizioak azken urteetan herrian eginiko lanarekin jarraituko du. Duela lau urteko herri programan jasotako egitasmoen %93 abian jarri dituztela nabarmendu dute.

EH Bilduren oinarriek maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako zerrenda onartu zuten atzo, astelehena, egindako batzarrean. Koalizioaren arabera,  proposamenak "esperientzia eta freskotasuna" ditu oinarri. "Batetik, azken urteetan udalean lanean jardun duten hautetsiak daude, alkatea bera barne. Bestetik, lehen aldiz pausoa eman duten herritarrak, orain artean arloz arlo eta herritik beren ekarpena egin dutenak: kulturgintzan, hezkuntzan, kirol arloan, euskalgintzan, gizarte gaietan nahiz euskal presoen eskubideen alde".

Duela hamabi urte iritsi zen EH Bildu Udal Gobernura, eta koalizioak nabarmendu duenez, "Azpeitia hobea, justuagoa, duinagoa eta bizigarriagoa egiten laguntzea" izan du helburu ordutik. "Baita herri mugimenduek urtetan egindako lanari bultzada ematea ere. Haiekin batera aritu da ordutik herrigintzan EH Bildu; udaletik lanean talde bat, eta herrian beste hainbat lagun. Pausoak eman dira, eta herria aldatzen ari da. Baina bidea ez da amaitu. Horretan jarraitu nahi dugu, elkar zaintzen duten azpeitiarrez osatutako herria egiten", adierazi du koalizioak. "EH Bilduren ikuspegia partekatzen duten" hogei herritarrekin osatu dute zerrenda: "Haiekin osatu dugu denontzako Azpeitia eraikitzen segitzeko udaletik lan egiteko ilusioa duen taldea".

Honako hau da osatu duten hautagaien zerrenda:

1. Nagore Alkorta Elorza
2. Leire Goenaga Uzkudun
3. Joanes Amenabar Altuna
4. Ander Larrañaga Zinkunegi
5. Leire Sarasua Odriozola
6. Mikel Odriozola Arakistain
7. Idurre Zabaleta Salegi
8. Ion Oteiza Gereta
9. Aitor Larrañaga Larrañaga
10. Miren Arrieta Artola
11. Amaia San Vicente Roncal
12. Iñigo Unanue Aranguren
13. Irune Boo Lerones
14. Ioritz Aizpuru Goitia
15. Mikel Belar Imaz
16. Ane Iturriza Unanue
17. Julian Armendariz Saralegi
18. Axun Esnaola Biain
19. Eneritz Albizu Lizaso
20. Imanol Agirre Odriozola

Aurkeztu berri duten taldea, EH Bilduko hauteskunde lantaldea eta oinarriak lanean ari direla nabarmendu du koalizioak, herriko eragileekin nahiz norbanakoekin, arloz arlo, datozen lau urteetarako erronkak eta herri programa fintzeko. Otsailean hasi zuten prozesua, herritarren beharrak ezagutzeko galdetegiekin. Ondoren, herri batzarra egin zuten martxoan, eta arloz arloko lanketarekin ari dira orain.

"Programan jasotako egitasmoen %93, beteta"

EH Bilduk jakinarazi duenez, koalizioak azken urteetan herrian eginiko lanarekin jarraituko du. "Duela lau urteko programari erreparatuz gero, ia osorik bete dira han jasotako helburuak zein proiektuak, nahiz eta inondik inora espero ez genuen pandemia bat sartu zitzaigun erdiz erdi. Duela lau urteko herri programan jasotako egitasmoen %93 abian jarri ditu Udal Gobernuak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Horiez gain, unean uneko beste hamaika erronkari erantzun zaio azken lau urteetan", nabarmendu du EH Bilduk.

Era berean, koalizioak adierazi du "erronkaz betetako agintaldia" izan dela 2019-2023koa. "Hasieratik garbi izan dugu zein diren gure lehentasunak; herritarrak babestea eta haien kezkei eta beharrei erantzutea. Lehentasun horiek nabarmendu egin ziren COVID-19aren pandemiarekin. Ziurgabetasunaren aurrean, erabakiak hartu ditugu. Herri bezala aurrera egin dugu, inor atzean gera ez dadin. Filosofia horrek markatu du agintaldi hau eta lan egiteko modua".

Azken lau urteotako lanetan eta proiektuetan, zenbait arlok "pisu handia" izan dutela azpimarratu du EH Bilduk: "Herritarren beharrei erantzunez, gizarte beharrek, ekonomiaren sustapenak eta etxebizitza eskubideari erantzuteak". Industria sustatzeko "aurrerapausoak" eman direla ere azaldu du koalizioak, baita "herriko hainbat eremu berreskuratzeko" ere. "Udal azpiegiturei zein kaleko lan txikiei dagokienez, etengabeko lanak egin dira, herritarren bizimoduak errazteko ez ezik, baita eragileen jarduna zein aisialdia osatzeko ere. Herri eragileekin harremana etengabekoa izan da, eta proiektu ugari landu dira elkarlanean. Gobernantza partekatuaren eredua abian da hainbat arlotan, eta eredu horretan sakontzea izan da eta izango da EH Bilduren helburua datozen urteei begira", gaineratu du EH Bilduk.

Berdintasunean ere jarri du arreta koalizioak: "Berdintasunaren balioak proiektu guztien ardatz izan dira. Azpeitia parekidea, euskalduna, ingurumenarekin konprometitua eta parte hartzailea ikusten dugu arlo, egitasmo eta helburu guztietan. Horrela soilik eraiki dezakegu herri bat denontzat. Horrela ulertzen dugu bide hau, 2019-2023 agintaldian ez ezik, baita 2023-2027koan ere".