Piaspe proiektu eolikoa

Lehendabiziko Sañu Egunaren balorazio "oso ona" egin dute antolatzaileek

Aitziber Arzallus 2023ko api. 25a, 18:15
Herritar ugari elkartu zen Sañoa gainean. (Ihintza Elustondo)

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, eguraldi iluna ez zen oztopo izan herritarrentzat, eta jendetza bertaratu zen Sañoara. Eguerdiarte dotorea igaro zutela adierazi dute, eta eskerrak eman dizkiete egunaren antolakuntzan aritutako guztiei zein egunean bertan Sañoan izandakoei. 

Lehendabiziko Sañu Egunaren antolatzaileak –Anaitasuna mendi bazkuna, Lagun Onak mendi bazkuna, Agiro mendi kluba, Sokaitz eskalada taldea, Sañu Bizirik, Oletan ere ez eta Txillarramendi auzo elkartea– gustura daude egunak eman zuenarekin. "Ederra izan da" esanez hasi dute balorazioa. Eguraldi iluna ez zela oztopo izan nabarmendu dute, eta jendetza bildu zela Sañoa mendiaren inguruetan. "Zestoa, Aizarna, Errezil, Azpeitia eta Azkoitiaz gain, beste hainbat herrietatik ere bertaratu zen jendetza, bejondeizuela!". 

Herritarrak Sañoara bertaratu ahala, Txillarramendi auzo elkarteak nahiz Lagun Onak mendi bazkunak "salda goxo-goxoa eta pintxo zein sagardo bikainarekin harrera dotorea" egin zietela azaldu dute. "Herri guztietako jendea elkartu eta mokadutxoa egin eta gero, Aitziber Sarobe, Aitor Leitza zein auzo elkarteko kideek bertako inguruen balioz jardun zuten eta bertan egin nahi dituzten proiektuen inguruko hainbat azalpen eman zituzten". Trikiti doinurik ere ez zela falta izan azaldu dute antolatzaileek; "beraien doinu politekin alaitu zuten goiza, dantza eginez gozatu zuten hainbat lagun inguruan zituztela".

Eguraldi goibela zegoenez, iragarritako paella jakin ez zuten egiterik izan, baina eguerdi arte bikaina pasatu zutela adierazi dute antolatzaileek.  "Lehen Sañu eguna izateko ezin ederragoa! Zorionak bertaratu zineten guztioi eta nola ez azken asteotan egun eder hau aurrera ateratzeko lanean aritu zareten guztioi; bejondeizuela bihotz-bihotzez!"