Piaspe proiektu eolikoa

Mendien askatasunaren alde, jendetza elkartu da lehen Sañu Egunean

Ihintza Elustondo 2023ko api. 23a, 16:22

Mendietan haize errotak jartzearen kontrako hainbat taldek deituta, lehen Sañu Eguna egin dute gaur, Sañoa gailurraren inguruan. Hamaiketakoaz gozatzeaz gain, adituen eskutik ibilaldia egiteko aukera izan dute bertaratutakoek. Bi borobil handi egin dituzte belardian, inguru horietan eraiki nahi dituzten haize errotek zer dimentsio izango duten jakin dezan jendeak. 

Mendietan haize errotak jartzearen kontrako hainbat taldek –Sañu Bizirik, Oletan ere ez, Anaitasuna mendi bazkuna, Lagun Onak mendi bazkuna, Agiro mendi kluba, Sokaitz eskalada taldea eta Txillarramendi auzo elkartea– lehendabiziko Sañu Eguna egin dute gaur, Sañoa gailurraren inguruetan. Eguraldi nahiko makurra egin badu ere, jende ugari elkartu da mendien askatasuna aldarrikatzeko.

Sañoara elkarrekin igotzeko hainbat hitzordu jarri dituzte. Azkoitiarrak 08:30ean Aizkibel librutegiaren parean elkartu dira autobusez Azpeitira joateko, eta 09:00etan, Azpeitiko plazatik oinez abiatu dira Sañoara azpeitiarrekin batera. Errezilen, 08:30etan udaletxe aurrean jarri dute lehen hitzordua; eta bigarrena, 09:30ean, Etumetako ganadutegiaren aurrean. Zestoan, berriz, Agiro mendi klubak bi ibilaldi antolatu ditu Sañoara joateko: bata, Etumetatik barrena; eta bestea, Lasaotik abiatuta. 09:00etan Gurutzean elkartu dira guztiak, eta handik autoz joan dira Lasaora edo Etumetara, gero Sañoara oinez igotzeko. 

11:00etarako denak Sañoan elkartu dira, eta han, Txillarramendi auzo elkarteak prestatutako hamaiketakoaz gozatzeko aukera izan dute bildutakoek. 12:00etan, paseotxo bat eman dute auzokide zein adituen eskutik bertako bionaiztasuna ezagutu ahal izateko. Jende andana bertaratu dela eta, bi talde osatu behar izan dituzte antolatzaileek; batzuek Aitziber Sarobek gidatuta egin dute ibilaldia, eta beste batzuek Aitor Leizak lagunduta.

Paellarik ez

Berez, 13:00tan bazkaria egitekoak ziren, baina euria tarteko, ezin izan dute paella prestatu antolatzaileek. Hori dela eta, bertan behera gelditu da otordua, baina ez dira falta izan pintxoak eta salda.

Bazen atentzioa ematen zuen elementu bat gaur Sañoa gailurraren inguruan. Sañu Egunaren antolatzaileek bi borobil handi egin dituzte belardian, Statkraft enpresak inguru horietan eraiki nahi dituen haize errotek zer dimentsio izango duten jakin dezan jendeak. Harridura eragin du horrek baten baino gehiagoren artean; izan ere, dimentsio ikaragarria hartzen dute haize errotek.