Pello Aizpuru: "Min izugarria egin digute, atzera bueltarik ez daukan mina da"

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 1a, 11:08

Pasaiako segadaren oroigarria, gertatu zen lekuan.

Iñigo Urkullu lehendakariaren atzoko hitzen haritik, EHUren Unesco katedraren txostenarekin gertatu dena Pasaiako segadan hildakoen senideentzat "kudeaketa negargarri baten azken atala, kudeaketa mingarri eta krudel baten azkenengo islada" izan dela adierazi du Dionisio Aizpuru Kurro zenaren anaiak. Erakundeei "konpromisoak" eskatzen dizkietela berretsi du.

Iñigo Urkullu lehendakariak "barkamena" eskatu zien atzo Pasaiako segadan hildako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarren eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarren senideei, EHUren Unesco katedrak 1984ko martxoaren 22ko gertaeren gainean 2020an egindako txostena "lehenago eta aurrez aurre" ez emateagatik, eta txosten hori ekitaldi publiko batean ez aurkezteagatik.

Sei minutuko audio baten bidez, Urkulluk esandakoen haritik, adierazpenak egin ditu Pello Aizpuruk, Espainiako Poliziak Pasaiako badian duela 39 hil zuen Dionisio Aizpuru Kurroren anaiak. "Lehendakari jaunari eta euskal gizarteari esan nahi diegu txostenarena izan dela kudeaketa negargarri baten azken atala, kudeaketa mingarri eta krudel baten azkenengo islada", esan du Aizpuruk. Eusko Jaurlaritzarekin izan dituzten harremanak zailak eta oztopoz beteak izan direla kontatu du Aizpuruk. Hasteko, "sei hilabete kostatu" zitzaien erakunde horrekin lehen bilera lotzea. Gero, Jaurlaritzaren ordezkariekin elkartzen hasi zirenean, "beti hitz onak, baina beti baina bat" egoten zela dio Kurroren anaiak: "Baina, baina, baina aurrera ezin egin".

2019an, Jonan Fernandezek "agian udazken hartan helduko ziotela kasuari eta, beharbada, Gabonetarako aitortza eginda egon zitekeela" esan zienean, ordea, lau familiei "zerua ireki" zitzaiela dio Aizpuruk. "Hainbeste urte horren atzetik, hainbeste borroka, hainbeste min, hainbeste sufrimendu... Egia ote da? Ba ote dator?". Baina aitortzarik ez zen iritsi, eta gainera, erabateko etena etorri zen jarraian: "Ez zigun ziurtatu, ez. Ume txiki bati bezala, karameloa ahoan ipini zigun, eta gero kendu. Oso krudela izan zen. Geroztik, lau urte hauetan, ezta dei txiki bat ere, ezta imintzio bat ere. Azalpen bat ere ez lau urtetan".

"Eta gurea, kaxoi batean"

Azken egunetan bestelakoak izan dira kontuak, familiek hiru urte eta gero Unesco katedraren txostenaren berri izan eta hori publiko egin dutenean. "Txostena teknikari batek eman zigun, eta hemeretzi egunetan inolako azalpenik gabe egon gara. Eusko Jaurlaritzatik ez digute ezer adierazi txostenari buruz. Txostenarena publiko egin denean, orduan hasi dira mugitzen. Tamalgarria izan da. Hiru urtetan lanean jarduteko aukera kendu digute".

Txostenarekin gertatu dena "arantzaz beteriko bidean" beste kolpe bat izan da Pasaian hildakoen senideentzat. Ama ekarri du gogora Aizpuruk: "Gure amak txostena irakurri du, eta txostena irakurtzerakoan, negarra ateratzen zitzaion, beso artean hartzen zuen... Ez da ebazpen ofiziala, ez da, baina katedradunena, bizi guztian espero zuena... Hiru urtez luzatu dute".

Bidegabekeria sentipena areagotu die Pasaiako segadako biktimen familiei beste kontu batek. "Gero jakin dugu beste familia batzuei, Naparraren kasuan, adibidez, data berarekin, eman zitzaiela zegokien txostena. Pandemia garaian, zailtasun haiekin, Lakuara joan ziren, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek hartu zituzten; Jon-Mirena Landa [EHUren Unesco katedraren kidea], argazkilariak... protokolo guztiarekin eman zitzaien txostena. Eta gurea, kaxoi batean".

Egun hauetan "ikaragarri sufritu" dutela dio Aizpuruk, osasunean igartzeraino. "Min izugarria egin digute, atzera bueltarik ez daukan mina da hori. Asko sufritu dugu, eta horrela azaldu behar izan dugu gizartearen aurrean".

Aurrera begira, hala ere

Azken egunetako zurrunbilo horren ondoren, "hedabideetatik aldendu" egingo dira senideak, baina "orain arte bezala duintasunez lanean" jarraituko dutela adierazi du Aizpuruk, eta "aurrera begira" ere jarri da

Beraiekin gertatu dena ez errepikatzea espero eta eskatzen dute senideek: "Balio beza esperientzia txar tamalgarri honek estatuaren biolentzia pairatu duten familiek horrelako traturik ez jasotzeko. Estatuaren biolentzia esan dut, baina biktima guztiok dugu tratu duina jasotzeko eskubidea, eta ez da gure kasua izan". Hori bermatzeko, Pasaiako segadaren 39. urteurreneko ekitaldian esandakoak berretsiz "konpromisoak" eskatu dizkie erakundeei Aizpuruk. "Hau ez lau familiaren kasua soilik, hau euskal gizartearen kasu bat da, egoera baten islada, estatuaren errepresioak Euskal Herrian eragin zituenena. Hau nazioartera eraman behar da, Espainiako Estatuak Euskal Herrian nola eragin zuen jakiteko". Familiak bide horretan "lan egiteko prest" daude, baina bidea urratu behar dutenak erakundeak direla nabarmendu du Aizpuruk. "Adierazi digute ez dela borondate txarrik egon kudeaketa honetan. Sinesten dugu, ez zen borondate txarrik egongo, baina okerrago egin zitekeenik ere ezin dugu sinestu. Aurrerantzean, lanean elkarrekin bagaude, ea konpontzeko bidea jartzen den".