Pasaiako segadan hildakoen senideek "konpromisoa" eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

Julene Frantzesena 2023ko mar. 25a, 20:31

Pasaiako segadaren 39. urteurreneko ekitaldia egin dute gaur Azoka Plazan, eta han izan dira lau hildakoen senideak. Kurroren anaiak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzarekin harreman "gazi-gozoak" izan dituzte azken urteetan, eta erakunde horri "konpromisoa eskatzeko garaia" dela uste du. Izan ere, aitortzarik ez dutela jaso salatu du. Halaber, EHUren Unesco katedrak segadaz egindako txostena hiru urtez "kaxoi batean gorde" izanaren erantzukizuna norena den zehaztea eskatu du.

Pasaiako segada gertatu zela 39 urte igaro badira ere, kasuak argitzeke jarraitzen du, eta 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian hil zituzten Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideen senideek eta hainbat herritarrek ekitaldia egin dute gaur iluntzean Azoka Plazan.

Ekitaldian izan dira, hain zuzen ere, Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarren eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarren familietako kideak. Txalaparta jotzaileen, Eire musika taldearen eta ikus-entzunezkoen ondotik iritsi dira hitzartzeak. Laxaro Azkunek gidatu du ekitaldia, eta Iñaki Egaña historialari eta Euskal Memoria fundazioko kideak herbestea izan du hizketagai, eta hamarkadetan herbesterako bidea hartu zuten 26 azpeitiarrak aipatu ditu.

Ondoren, Pelitxo zenaren arreba Arantxa Isartek eta Kurro zenaren anaia Pello Aizpuruk hartu dute hitza. Isartek anaiaren ibilbidea eta haren bizipenak kontatu ditu, eta Aizpuruk, berriz, azken egunetan bizi izan duten "zurrunbiloa" izan du hizpide. Eusko Jaurlaritzak berriki eman dien EHUren Unesco katedrak egindako txostenaz baino, erakunde horrek izan duen jarreraz aritu da solasean. Aizpuruk adierazi duenez, orain arteko bidea "arantzaz betea" izan bada ere, aurrera begiratu behar dute, eta orain bi egiteko dituztela esan du: Eusko Legebiltzarrera jo alderdi politikoek gaiarekiko zer posizio hartzen duten ikusteko; eta Eusko Jaurlaritzara jo, konpromisoa exijitzera eta epeak eskatzera. "Txostenarekin gertatu dena publiko egin denean, bilera egitea eskatu digu Jaurlaritzak. Atzo, ostiralez, nahi zuten bilera egitea; presa dute nonbait. Barregarri gelditu dira, eta...".

Harreman "gazi-gozoa"

Jaurlaritzarekin izan dituzten harremanak "gazi-gozoak" izan dira Aizpururen arabera, baina hark zehaztu duenez, "gazitik gehiago izan dute gozotik baino". Izan ere, erakunde horretako ordezkariekin lehen bilera lortzeko zailtasunak izan zituztela esan du. "Sei hilabete ibili ginen haien atzetik. Gero, biltzen ginen aldiro, hitz onak izaten zituzten guretzat, gure kasua ikaragarria zela esaten ziguten, baina beti zegoen zeraren bat: ez zela unea, legea onartzear zela, legea errekurrituta zegoela...".

Zehazki, 2019ko udan, Jonan Fernandez orduko Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Kooperazioaren idazkariarekin eta Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen institutuko zuzendariarekin bildu zirela azaldu du Aizpuruk, eta bilera hartatik pozarren atera zirela gogoratu du. "Udazkenerako kasuari helduko ziotela agian, eta beharbada, Gabonetarako emaitza egongo zela esan ziguten. Hainbeste urte eta gero, zerua ireki zitzaigula pentsatzen genuen. 'Egia ote? Egia ote?', esaten genion geure buruari. Gaur arte, orea; karameloa ahoan jarri ziguten, ume txiki bati bezalaxe".

Eusko Jaurlaritzak jarritako azken hitzordua duela hilabete izan zuten Pasaiako segadan hildakoen senideek, Aizpuruk azaldu duenez. Bilkura hura "gazi-gozoa" izan zela zehaztu du, kasua judizialki zabalik egonda, aitortzarako aukerarik ez zela egongo esan zietelako. Dena den, balorazio batzordean "oso eroso" egon zirela esan du, "oso ondo" hartu zituztelako. "Ondo tratatzen gaituztenean eskertu eta publikoki esaten dugu".

"Txostena kaxoian gordeta"

Hain zuzen ere, duela hilabete egindako bilera hartan jaso zuten senideek Pasaiako segadari buruz EHUren Unesco katedrak duela hiru urte egindako txostena. Hiru urtez txostena ez dutela jaso salatu du Aizpuruk gaurko ekitaldian ere. "Eusko Jaurlaritzako norbaitek erabaki zuen txostena kaxoian gordetzea. Asaldatu egin ginen, berotu; izan ere, minduta sentitzen ginen. Hiru urtean txosten horren gainean lan egiteko aukera lapurtu digute, eta ez guri bakarrik; balorazio batzordeari ere gurekin batera eman zioten-eta txostena".

Pasaiako segada gertatu zenetik 39 urte igaro direla eta "nekatuta" daudela ere esan du Kurroren anaiak. Hala ere, "tinko eta duintasunez" jarraitzen dutela esan du. "Urte hauetan Pelitxoren, Txapasen eta Peluren guraso denak hil dira, eta gure ama da bizirik dagoen bakarra. 88 urte ditu, eta pena batekin bizi da: aitortzarik jaso ez izana. Eusko Jaurlaritzari esan behar diogu gure gurasoek merezi dutela aitortza, behar zutela eta ukatu egin dietela".

Unesco katedraren txostena eskuetan zuela hitz egin du Aizpuruk, eta zehaztu du esku artean zuen idazkiak laugarren zenbakia zuela. Horri lotuta, aurreko hiru txostenak bukatu eta Jaurlaritzak zegozkien pertsonen familiei eman zizkiela adierazi du. "Perturrena zen aurrena, Ipar Euskal Herrian hil zituzten hiru galiziarrena bigarrena eta Naparrarena hirugarrena, eta denek jaso zuten aitortza publikoa". Atzo Naparraren anaia Enekorekin hitz egin zuela esan du ondoren, eta hark datu bat eman ziola jakinarazi du. "Hark esan zidan beraiek duten txostenak eta gureak data berbera dutela: 2020ko martxokoak direla eta biak batera entrenatu zituztela. Pasaiako sarraskiarena, ordea, kaxoi batean gordetzea erabaki zuen norbaitek". Horren erantzukizuna norena den, horixe galdetu du hark: "Eusko Jaurlaritzako nork erabaki du txostena kaxoi batean sartzea? Azalduko al digute nor izan den? Hauek al dira giza eskubideen defendatzaileak? Hauek al dira biktima guztiak berdin tratatzen dituztenak? Hori gezurra da, hori ez da horrela".

Hitzartzea astearterako deia eginez bukatu du Aizpuruk. Izan ere, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Pasaiako segadaren auzia, eta auzitegi horrek asteartean identifikazio saio batera deitu ditu 1984ko martxoaren 22an Pasaian izan zen operazioan parte hartu zuten zazpi polizia, baita Joseba Merino ere –segadatik bizirik atera zen kide bakarra– lau militanteen ustezko hiltzaileetako batzuk identifika al ditzakeen ikusteko. Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak elkarretaratzea deitu du epaitegiaren atarian, 10:00etarako, eta herritarrei hara joateko deia egin die. "Zuekin gaudenean ez gaude ez gazi eta ez gozo; goxo egoten gara, eta zuen babesa behar dugu. Behar zaituztegu".