EHUren Unesco katedraren txosten baten arabera, Pasaiako segadaren auzian ez zen "ikerketa judizial eraginkorrik" egon

Nerea Uranga 2023ko mar. 22a, 08:45
Pasaiako segadan hildakoen oroimenezko monolitoa, Enparan Dorretxearen atzean.

Txostena 2020ko otsailekoa da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Unesco giza eskubideen eta botere publikoen katedrak egin zuen. Pasaian hildakoen senideek orain gutxi izan dute txosten horren berri, eta minduta daude: "Nola liteke txostena hiru urtez kaxoi batean gordeta egon izana?".

Gaur 39 urte, 1984ko martxoaren 22an, Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituzten Pasaiako badian. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak izan ziren gertaera horretan hil zituzten lau kideak. 113 bala zulo zituzten lau gorpuek. Segadaren 39. urteurrenaren bueltan, "nobedade gazi-gozoak" dituzte Pasaian hil zituztenen senideek, hala azaldu du Pello Aizpuru Dionisio Aizpuru zenaren anaiak.

Hilaren hasieran, martxoaren 3an, Pasaiako segadako biktimen senideek bilera izan zuten Jaurlaritzako teknikariek osatutako batzorde batekin, eta batzarraren bukaeran, txosten bat eman zieten senideei. Txosten hori EHUko Unesco giza eskubideen eta botere publikoen katedrak egindakoa da 2020ko otsailean, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak eskatuta. Txostena aztertuta eta bertan azaltzen diren ondorioak irakurrita, "harrituta" eta "minduta" sentitu dira senideak: "Nola liteke txosten hau hiru urtez kaxoi batean gordeta izatea? Txostenean idatzita dauden ondorioak jakinda, nola liteke ezer ez egitea edota guri orain arte ez jakinaraztea?". Txostenaren arabera, besteak beste, Pasaiako segadaren auzian ez zen "ikerketa judizial eraginkorrik" egon, eta zantzu ugarik seinalatzen dute "epaiketarik gabeko" hipotesia. Senideek zapatuan, 19:00etan hasita, Azpeitiko Azoka Plazan egingo duten ekitaldiak txostenaren inguruko beren balorazioa azalduko dutela nabarmendu du Aizpuruk.

Hildakoen senideek gertatutakoa argitzeko hainbat auzi bide hartu dituzte gertaeren egunetik, baina ez dute lortu auzia ikertzerik. Datorren asteartean martxoaren 28an, baina, Gipuzkoako Auzitegi Nagusira deituta daude 1984ko martxoaren 22an Pasaian izan zen polizia operazioan parte hartu zuten zazpi polizia; Joseba Merino –segadatik bizirik atera zen kide bakarra– deitu du aurrez aurreko identifikazio proba batera. Egun horretan bertan, gertaerak ikertzeko eta argitzeko eskatuz kontzentraziora deitu du Pasaiako Sarraskia Argituk, Donostian Gipuzkoako Auzitegi Nagusiaren aurrean. 10:00etan hasiko dute protesta, Pasaiako sarraskia ikertu eta argitu! lelo hartuta. Halaber, Pasaiako segadako kideek eta lagunek beste deialdi bat egin dute: 09:00etarako jarri dute hitzordua, epaitegiaren aurrean.

Gaur, asteazkena, gertaeraren 39. urteurrena gogoan, lore eskaintza egingo dute, 19:00etan, Enparan dorretxearen atzeko monolitoan.

"Uler dezaket senideak gogaituta egotea"

Txostenaren kontuan Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza sailburuordeak ETBn hitz egin du, eta han adierazi du uler dezakeela Pasaiako badian hildakoen senideak "gogaituta egotea". Dena den, txostena publiko egin zela esan du.

Hitzez hitz honakoa adierazi du sailburuordeak: "Gobernuak giza eskubideen urraketak direla-eta zenbait txosten egiteko enkargatu izan du, besteak beste, Pasaiako badiakoa. Txosten hori publiko egin zen aurreko Bakerako eta Elkarbizitzarako Idazkari Nagusiak egin zituen hamar tomotako bilduman. Egia da familiari espreski ez zitzaiola entregatu. Gero, guri iruditu zitzaigun, dagoeneko publiko egin zen txosten hori giza eskubideen urraketak jasan dituztenen balorazio batzordean entregatzea zela onena, hori zelako markorik egokiena. Unea iritsi denean, txosten hori balorazio batzordeari eta familiari entregatu zaio. Aurretik, baina, txostena publikoa zen".