Urkulluk "barkamena" eskatu die Pasaiako segadan hildakoen senideei EHUren txostenaren harira

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 31a, 12:02

Senideak, Pasaiako segadaren 39. urteurreneko ekitaldian, Azoka Plazan, hilaren 25ean. (Julene Frantzesena)

1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian jazotakoan "epaiketarik gabeko exekuzio" zantzuak nabarmentzen dituen txosten hori familiei "lehenago eta aurrez aurre" ez emateagatik eskatu du barkamena lehendakariak gaur Legebiltzarrean, EH Bilduk kontrol saioan egindako galdera bati erantzunez.

Iñigo Urkullu lehendakariak "barkamena" eskatu die gaur Pasaiako segadan hildakoen senideei, Espainiako Poliziaren 1984ko martxoaren 22an Komando Autonomo Antikapitalisten kideen aurka egindako operazioan "epaiketarik gabeko exekuzio" zantzuak nabarmentzen dituen txostena "lehenago eta aurrez aurre" ez emateagatik, eta txosten hori ekitaldi publiko batean ez aurkezteagatik. "Autokritika ariketa" baten beharra onartu du Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak.

EHUren Unesco katedrak 2020ko otsailean egin zuen txosten hori, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren eskariz; hiru urte ondoren, joan den martxoaren 3an, jaso zuten txostena Pasaian hil zituzten Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarren eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarren senideek, Jaurlaritzako teknikariek osatutako batzorde batekin egin zuten bilera batean. Pasaiako segadaren 39. urteurrenean, ezagutu berri zuten txostenaren berri eman zuten senideek eta "minduta" eta "kezkatuta" agertu ziren: "Nola liteke txosten hau hiru urtez kaxoi batean gordeta izatea? Txostenean idatzita dauden ondorioak jakinda, nola liteke ezer ez egitea edota guri orain arte ez jakinaraztea?", galdetzen zuten. Galdera berak errepikatu eta Jaurlaritzari "konpromisoa eskatzeko garaia" dela aldarrikatu zuten aurtengo urteurreneko ekitaldi nagusian, hilaren 25ean.

Gaur, EH Bilduk Legebiltzarreko kontrol saioan Jaurlaritzak Pasaiako segadako biktimen familiekin izan duen jokabideaz galdetuta egin ditu adierazpenak Urkulluk. Unesco katedraren txostena familiei emateko hiru urte luzatzea deitoratu du Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak. Familia horiek "hirugarren mailako biktima" direla sentitzen jarraitzen dutela esan du Arzuagak, eta erakundeek erakutsitako jokabidea eta gero, haiekiko "konfiantza galdu" dutela.

Arzuagari erantzunez eskatu du barkamena Urkulluk, baina ukatu egin du Jaurlaritzak Unesco katedraren txostena "ezkutatu" izana, eragile politiko, sozial eta akademikoen artean txostena "erruz zabaldu" dutela esanda. Era berean, lehendakariak jakinarazi du atzo bertan bilera egin zutela Jaurlaritzak eta Pasaiako segadan hildakoen familien ordezkariek.