Manaslu neguan igotzea lortu du Alex Txikonek, "historian lehen aldiz"

Ihintza Elustondo 2023ko urt. 6a, 09:19
Alex Txikon eta kideak, espedizioan. (Alex Txikon)

Manaslu mendia (8.163 metro) neguan eta oxigeno gehigarririk gabe igo du Alex Txikonek. Hirugarren saiakeran erdietsi du Azpeitiko bizilagunak helburua. Araudi berriaren arabera, Manaslura neguan egiten den lehen igoera litzateke Txikonena. "Negusko espedizio batean, historian lehen aldiz" igo dela Manaslura adierazi du mendizaleak.

Manaslu mendia (8.163 metro) neguan igotzea lortu du Alex Txikonek. Hirugarren saiakeran erdietsi du Azpeitiko bizilagunak helburua. Gaur goizean sare sozialetan jakinarazi du tontorra zapaldu duela; Nepalen 09:30 zirenean gauzatu du lorpen historikoa. Munduko zortzigarren mendirik garaiena da Manaslu, eta oxigeno gehigarririk gabe eta negu betean igo du Txikonek. "Hirugarrenean lortu dugu. Oso nekatuta gaude, baina guztiz hunkituta. Hala ere, benetako gailurra denok onik behera itzultzen garenean lortuko dugu", azaldu du mendizaleak. Arratsalderako espero dute kanpalekura iristea.

Sei eskalatzaile nepaldarrekin batera zapaldu du gailurra Txikonek: Pasang Nurbu Sherpa, Chhapel Sherpa, Gelu Sherpa, Maila Sherpa, Mantere Lama Sherpa eta Gamje Babu Sherpa. Espedizioaren lehen saiakeran lortu dute tontorrera igotzea. Egokitzeko hilabete behar izan dutela azpimarratu du mendizaleak, eta eguraldi onak lagunduta lortu dutela gailurra zapaltzea.

Txikon abenduaren 26an iritsi zen Manasluko oinarrizko kanpalekura –5.000 metroko altueran–, eta gailurrera igotzeko aukeraren zain egon da ordutik. Eguraldiaren iragarpenak aztertuta, egiaztatu zuten urteko azken egunetan haizeak gogor joko zuela, baina pixkanaka eguraldia egonkortzen hasiko zela. Urtarrilaren 4an motxila eta beharrezko materiala hartu eta zuzenean igo ziren bigarren kanpalekura; 6.400 metrotan ezarri zuten bigarren kanpalekua. Han atseden hartu ostean, urtarrilaren 5ean igo ziren hirugarren kanpalekura –7.000 metrotik behera–, eta han igaro zuten gaua, jarraitu beharreko estrategia aztertuz. Hala, Errege egunez lortu dute gailurra zapaltzea; horixe zen duela hiru urtetik espero zuten aukera.

Neguko lehen igoera, Txikonena

Orain arte 1984an bakarrik zapaldu zuten Manaslu neguan: Maciej Berbeka eta Ryszard Gajewski poloniarrak 1984ko urtarrilaren 14an igo ziren gailurrera, oxigenoarekin. Dena den, araudi berriaren arabera, gaur-gaurkoz igoera hori ez da neguan egindakotzat hartzen, eta beraz, Txikonen gaurko igoera litzateke Manaslura neguan egindako lehena. Izan ere, orain arte, igoera bat neguan egin dela esateko, igotzeko lanak abenduan 1ean hastea nahikoa zen –Berbeka eta Gajewski abenduaren 2an hasi ziren Manaslura igotzen–. Orain, ordea, aldatu egin dute araudia: negua Himalaian abenduaren 21etik otsailaren 28ra dela dio araudi berriak; Nepalgo Gobernuak egun horien arteko igoerak soilik izendatzen ditu orain negukotzat.

Iaz saiatu zen azkenekoz Txikon Manaslura neguan igotzen, baina eguraldi txarragatik ez zuen helburua lortu. 2021ean ere saiatu zen; Iñaki Alvarez zumarragarrarekin eta Simone Moro italiarrarekin abiatu zen Nepalera. Espedizioak zazpi aste iraun zuen, eta bi aldiz lortu zuten 7.000 metro ingurura igotzea, baina ezin izan zuten gorago heldu.

Hemen irakur daiteke Uztarriak 2021eko urtarrileko aldizkarirako Txikoni egindako elkarrizketa.

Manasluren gailurra. (Alex Txikon)