Elkarrizketa

Alex Txikon: "Geroz eta fanatikoago bihurtzen ari naiz"

Elena Marguello 2021ko urt. 1a, 10:00
Alex Txikon. (Alex Berasategi)

Azpeitiko bizilaguna da duela urte batzuetatik Alex Txikon (Lemoa, Bizkaia, 1981). Hemezortzi urte daramatza goi mendietan zein munduko hainbat txokotan espedizioak egiten, eta azken urteetan neguko espedizioak antolatzen ari da buru-belarri. 2020ko abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutakoa da elkarrizketa hau.

Zein da zure ogibidea?

Eraikuntzan egin nuen lan hamalau bat urtez, eta 2013. urtean urratsa egin nuen. Nire bizitza ezegonkorra eta oso aldakorra zen. Urtean, gutxi gorabehera, bi hilabetez Al filo de lo imposible taldekoekin egiten nuen lan. Mendira joaten nintzen, baina handik bueltan lanera itzuli behar izaten nuen. Orain, alpinista naiz ogibidez.

Noiz eta nola hasi zinen alpinismoaren munduan murgiltzen?

Lemoan, Lagun Onak Mendi Bazkuna bezalako elkarte bat dago: Ganzabal Mendi Taldea. Talde horrek umeei bideratutako askotariko ekintzak antolatzen zituen: Zuhaitz Eguna, Erreka Eguna eta elurretara irteerak, besteak beste. Oroitzen naiz elurretara egin genuen irteera batean sekulako hotza pasatu nuela; aldatzeko arropak etxean ahaztuta joan nintzen. Autobus zahar batean egin genuen Lunadako [Burgos, Espainia] eski estaziora joan-etorria. Luze egin zitzaidan autobus horretan etxera itzultzea, eta mendira ez nuela gehiagotan joan nahi pentsatu nuen, sufrimenduarekin lotzen nuelako. Sei bat urte pasatu nituen mendiarekiko lotura galduta.

Eta nola berreskuratu zenuen harreman hori?

Ganzabal Mendi Taldeak antolatutako emanaldietan Alberto Iñurrategik, Juanito Oiarzabalek eta beste hainbat mendizalek parte hartzen zuten. 1994. urtean, Kike de Pablok, Juan Tomasek, Alberto Iñurrategik eta Juanito Oiarzabalek K2 mendiaren tontorra egin zuten; espedizio hari buruzko ikus-entzunezkoa ikusi nuen, eta harrigarria iruditu zitzaidan. 20 urterekin egin nuen lehendabiziko espedizioa, Xabier Ormazabalekin, Iñaki Albarezekin eta Jon Marotorekin. Ordutik, hemezortzi urte daramatzagu goi mendietan, eta munduko beste hainbat txoko ere ezagutu ditugu: 25 aldiz egon naiz Nepalen, hamahiru aldiz Pakistanen, Afrikan eta Hego Ameriketan beste dozena bat aldiz, eta Hego Poloan, Ipar Poloan nahiz Groenlandian ere izan naiz. Lehenengo espedizio hartatik ez gara gelditu. Geroz eta ilusio handiagoarekin eta maitasun gehiagorekin gabiltza, geroz eta motibazio gehiago daukagu. Adinean gora egin ahala, geroz eta fanatikoago bihurtzen ari naiz. Eta ederra da fanatismo eta motibazio puntu hori sentitzea.

Espedizioz espedizio zabiltza, beraz; bai udan, baita neguan ere.

Oso gaztea nintzela egin nuen nire lehenengo 8.000 metroko mendia: Broad Peak, 21 urterekin. Ordutik, esperientzia handia hartu dut. 2011. urtetik gaur arte, neguko espedizioetan gabiltza, eta gailur horietan eroriz gero, akabo mundu honetako zure existentzia. Konpromisoa oso handia da; horrelako espedizioak antolatzen ibiltzeak asko exijitzen du arlo pertsonalean, eta arlo psikologikoan eta fisikoan higadura handiak izaten dira.

Baldintza gogorretan ibiltzen zarete.

Gure gorputzak ez daude altuera horietan egoteko eginak, eta 7.000 metroko altueratik gora, asko jaisten da presioa: globulu gorriz betetzen da gure gorputza eta odola purea bezain lodia bihurtzen da. Tokatu izan zaigu neguko espedizioetan 8.000 metrora, zero azpitik 56 graduko tenperaturan eta 70 kilometro orduko haizearekin egotea. Ziurrenik, muturreko egoeretako baldintza gogorrenak neguko espedizioetan egon ohi dira.

Zer ematen dizu mendiak?

Ase egiten nau. Mendiak asko eman dit eta asko ematen dit oraindik ere. Kupoa beteta daukat, eta nahiz eta oso motibatuta nagoen, ez daukat zertan berriro 8.000 metroko mendietara joan. Baina nire ogibidea da, eta gustura nago. Hala ere, soldatatxo batekin konformatzen naiz, eta nire energia eta ezagutza guztiak besteei laguntzeko erabiliko nituzke.

Mendiak zer egiten du gehiago, eman ala kendu?

Niri gehiago ematen dit, nahiz eta bidean lagun asko galdu ditudan. Mendiak zerbait kentzen digunean, bizitza kentzen digu. Oso gogorra da arropak, lo egiteko zakuak, kamerak, pasaporteak, ordenagailuak edota disko gogorrak aurkitzea. Hildakoen senideek objektuak hartzeko edota plater batean hildakoen izen-abizenak grabatzea eskatzen digute. Kuriosoa da.

Txikon, K2ra egindako espedizio batean. (Alex Txikon)

Zergatik kateatzen du horrenbeste himalaismoak?

Niri naturak, mendiak eta eskaladak sorrarazten didate kateamendu hori. Himalaismoari dagokionez, nire ustez, okerreko interpretazio bat dago. Ezagutu nuen Himalaia ez da gaur egun ezagutzen dudan bera. Orain, mendiak jendez beteta daude. Hala ere, Everesten ikusten diren ilara horiek garai zehatz batean bakarrik gertatzen dira; bestela, Everesten ez da inor ibiltzen. Himalaiako mendi gehienak hutsik egoten dira urtean hamar edo 11 hilabetez, eta gauza bera gertatzen da bide zailagoetatik igo nahi bada gailurrera. Gaur egun, sarean informazio asko dago, eta kranpoiak jartzen ere ez dakien jendea joaten da Himalaiara.

Nanga Parbateko igoeraren inguruko liburua eta dokumentala aurkeztu berri dituzu.

Liburua idaztea kostatu egin zait; ez naiz nire bihotza asko zabaltzeko gai. Pixka bat izotzezkoak izan ohi gara alpinistok, egiten ditugun gauzek hotzak eta kalkulatzaileak izatea eskatzen baitigute. Martxoaren 5ean iritsi ginen Euskal Herrira, eta segituan konfinatu gintuzten. Sasoi hartan, txakurra ateratzen nuen paseatzera, baina, gainontzean, egun osoa ordenagailuaren edota koadernoaren aurrean pasatzen nuen. Orain dela pare bat urte askotariko istorioak kontatzen zituen liburu biografiko bat idazten hasi nintzen. Gero, Nanga Parbateko filma egitea bururatu zitzaidan, egun batetik bestera.

Mendi hori neguan igo duen historiako lehen alpinista zara. Zer ondorio ekarri dizkizu lorpen horrek?

Nanga Parbateko espedizioak ikaragarrizko garapen pertsonala eman zigun, heldutasun puntu bat lortu genuen. Bestalde, nire izena munduan ezagutarazteko ateak ireki dizkit igoerak. Askotan, etxean baino maitatuago sentitzen gara kanpoan; guri askoz ere harrera hobea egin digute kanpoan Euskal Herrian baino. Onena da, ordea, nik gauzak niretzako egiten ditudala, ez besteentzako. Berdin zaizkit kritikak. Egiten dudan guztia ilusio handiarekin egiten dut, eta jendeak horrekin gozatzen badu, poz ematen dit. Espedizio hori amaitu nuenean sentitu nuena eta Izarraizko harrobian Dartakan bidea amaitu nuenean sentitu nuena gauza bera dira. Erronka desberdinak jartzen dizkiot nire buruari, eta horiek lortzen ditudanean eta mendiko gailurretan gauza bera sentitzen dut.

Neguko espedizioez ari zarela... K2ra itzultzeko asmorik bai?

K2ra edota Everestera itzuli nahi dut, besteak beste. Oraindik gogotsu nago, eta geroz eta indartsuago sentitzen naiz. Aurten K2ra itzultzeko asmoa dugu. Baina esan bezala, asebeteta nago jada.

2019ko K2ko espedizioan igluak egin zenituzten behe kanpalekuetan. Nondik sortu zen ideia hori?

Jakintsuek badakite igluak historiaurretik existitzen direla. Guk historiaurreko teknikak baliatuz baldintza oso gogorretan erabili ditugu igluak, eta oso onuragarriak izan dira. Izan ere, igluei esker, zero azpitik 30 gradutara egon beharrean, tenperatura zero azpitik hiru gradutara igotzea lortzen genuen. Gainera, gure oxigeno kopurua desberdina izaten da kanpin denda barruan edota iglu barruan, baita bihotz taupadak ere. Guk ez dugu ezer asmatu, baina etorkizuna eraiki ahal izateko, atzera begiratzea ezinbestekoa da.

Gailurra oxigeno bonbonekin egiteaz zer iritzi duzu?

Gai horri dagokionez, ez naiz taliban bat; bakoitzak mendia bere erara egiten du. Iñaki Otxoa Olzak behin zera esan zuen: mendia oxigenoarekin edo oxigenorik gabe igotzearen arteko aldea Frantziako Tourra bizikletaz edo motoz egitearen bera dela. Sekulako aldea dago. Mendi horietara oxigenoarekin igo nahi duenak, egin dezala.

Menditik erretiratzeko adin mugarik ba al dago?

Ez dakit. Datorren negurako K2ra antolatzen ari garen espedizioan 60 urteko pertsonek parte hartuko dute, adibidez. Bizitza honetako etapa bakoitza behar bezala bizi behar da. Nik ez diot jarri nire buruari mugarik; urtez urte hobeto sentitzen naiz. Hala ere, gauzak beste modu batera atera balira, honezkero utzita izango nukeen mendia. Gauzak etortzen diren bezala hartu behar ditugu. Ikusiko dugu zer dakarren etorkizunak.

Everesten. (Alex Txikon)

Egin dituzun espedizioetatik, zein duzu kutunena?

Momentuak dira. Guztietan daude momentu onak eta txarrak.

Mendizale izateak zer eskatzen du ekonomikoki?

Hilero ordainketa asko izatea, aholkularitzak, aseguruak, autonomoen kuotak... Nire ustez, pertsona orok pasatu behar luke etapa horretatik lanpostu finko bat izan aurretik. Oso interesgarria da ikasten den guztia. Oso aberasgarria da, baina lan asko egin behar da alpinismotik bizimodua atera ahal izateko.

Alpinista bat aipatzekotan, zein?

Manu Badiola etortzen zait burura, 1991. urtean hil zen gipuzkoarra. Ez naiz jendea miresten duen pertsona horietakoa, baina Badiolak Makalu mendiaren mendebaldeko pilarea –munduko bosgarren mendirik altuena– igo zuen Carles Valles katalanarekin batera. Zoritxarrez, jaitsierako bidean, Badiola labaindu egin zen, eta 2.000 metroko altueratik erori zen. Behin, Nepalen nengoela, Badiolak beti joaten zen hotelera bidalitako azken eskutitza topatu nuen. Asko markatu ninduen detailea izan zen.

Azkenaldian, nabaria da mendizaletasuna gora egiten ari dela. Zer esango zenieke mundu horretan murgiltzen hasten ari direnei?

Gozatzeko tokia da mendia, baina kontuz ibili beharrekoa ere bai. Nahiz eta informazio asko dagoen, toki askotan kontuz ibili behar da. Gauza bakoitzak bere momentua du, eta mendian presaka dabilena gaizki dabil, tenpo guztiak errespetatu behar dira.

Azpeitian bizi zara duela urte batzuetatik. Hemen inguruko zein txoko duzu gustuko entrenatzeko?

Izarraitzera eta Herniora igotzen naiz. Eskalatzera, berriz, Aizarnara edo harrobira joaten naiz. Natura asko gustatzen zait, eta bidaiatzea atsegin dut. Horregatik, gutxi ibiltzen naiz ni Azpeitian [barrez].