Manasluko espedizioa amaitutzat eman du Alex Txikonek

Ihintza Elustondo 2021ko ots. 28a, 13:21
Alex Txikon, Manasluko espedizioko une batean. (Txikon)

Azpeitiko bizilagunak bi hilabete eman ditu tontorra zapaltzeko ahaleginean, baina espedizioa bertan behera uztea erabaki du. "Pena izugarria ematen digu tontorrera iritsi ez izanak, baina oso gustura gaude egindako lanarekin", adierazi du.

Alex Txikonek bertan behera utzi du Manasluko (8.156) gailurra neguan zapaltzeko ahalegina. Azpeitiko bizilagunak sare sozialetan azaldu duenez, "iritsi da dena batzeko eguna"; horrenbestez, amaitutzat eman dute espedizioa. "Pena izugarria ematen digu tontorrera iritsi ez izanak, baina oso gustura gaude egindako lanarekin eta izan dugun bizikidetzarekin. Eskerrik asko nire talde guztiari, zuek gabe ezinezkoa izango zen hau guztia. Eta zuei guztiei ere eskerrak, eman diguzuen babesagatik", adierazi du. 

Txikonek 2020ko abenduaren 31n abiatu zuen espedizioa, Simone Moro alpinista italiarrarekin eta Iñaki Alvarez zumarragarrarekin batera. Alpinistek bi hilabete eman dituzte Manasluko gailurra zapaltzeko saiakeran, baina mendian aurkitu dituzten baldintzek ez diete utzi tontorrera iristen. "Oso gertu izan dugu gailurra, baina azkenean ezin izan dugu helburua  lortu. Eguraldiak ez du hobera egingo gutxienez hamar egun igaro arte, eta gero ez dakigu nola jarraituko duen. Beraz, oso arriskutsua da baimena luzatzea”, ziurtatu du Txikonek. Taldeak Samagaunen igaroko du gaurko gaua.

Duela denbora batetik, Azpeitian bizi da Txikon, eta espedizioan zehar, keinu egin nahi izan zion Lagun Onak mendi bazkunari, haren 75. urteurrenaren harira.