Alex Txikonek eta taldeak bertan behera utzi dute Manasluko espedizioa

Julene Frantzesena 2022ko ots. 10a, 11:58
IƱaki Alvarez, Oswald Rodrigo Pereira, Simone Moro y Alex Txikon espedizioaren bukaera iragartzen. (Simone Moro)

Himalaiako tontor hori neguan igotzeko bigarren saiakera egin dute, baina elur kopurua, elur jausi arriskua eta muturreko haizea tarteko helburua baztertu egin behar izan dute.

Alex Txikonek eta haren taldeak bertan behera utzi dute abenduan hasi zuten Manasluko (8.156 metro) espedizioa, eta datozen egunetan itzuliko dira etxera. Atzo jakinarazi zuten erabakia bideo bidez, eta beraz, abenduaren 21ean hasi zuen espedizioa bukatu da mendigoizaleentzat. 

Azpeitian bizi den lemoaztarrak, Simone Morok, Oswalf Rodrigo Pereirak eta Iñaki Alvarezek Himalaiako tontor hori neguan igotzeko bigarren saiakera egin dute, baina elur kopurua, elur jausi arriskua eta muturreko haizea tarteko helburua baztertu egin behar izan dute, sherpekin hala adostuta.

Iazko otsailean ere egin zuten munduko zortzigarren mendi garaienaren tontorra neguan zapaltzeko ahalegina, baina orduko hartan ere bertan behera utzi behar izan zuten espedizioa. Orain arte, inork ez du lortu Manasluko gailurra neguan zapaltzea.