Hasi dituzte Urrestillan Ekindarren plaka fotovoltaikoak jartzeko lanak

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 2a, 16:14
Ekindar kooperatibaren lehen eguzki plaken instalazioa jartzeko lanak gaur hasi dituzte. (Ihintza Elustondo)

Azpeitiko energia kooperatibaren lehen eguzki instalazioa izango da. Sei hilabete barru martxan izatea aurreikusi dute.

Gaur hasi dituzte Ekindarren eguzki plaken lehen baratzea eraikitzeko lanak; Urrestillan eraikiko dute Azpeitiko energia kooperatibaren lehen azpiegitura, Nuarberako errepidearen ondoko Kaminazpi eremuan. Kooperatibaren aurreikuspenak betetzen badira, sei hilabete barru lanak bukatu eta instalazio fotovoltaikoa martxan jarriko dute.

2021eko maiatzean aurkeztu zuten prentsaurrean Ekindar, Ekiola sozietatearen barruan eratuko zen autokontsumorako lehen energia kooperatiba. Aurkezpen hartan, Azpeitiko 400 bat familia hornitzeko asmoaren berri eman zuten. Epeak betez gero eguzki plaken baratzea eraikitzeari 2022 hasieran ekingo ziotela ere esan dute, baina urtebetez atzeratu dira azkenean asmoak; besteak beste, eguzki plaken baratzea eraikitzen hasi diren hektarea bateko lursailaren kalifikazioa aldatzeko Plan Bereziaren onarpenak ekarri du atzerapena, eta eztabaida ere bai udalean. Ekindarren jendaurreko aurkezpena 2021eko abendu erdian egin zuten, eta bazkidetza kanpaina etorri zen ondoren. Hasieran, 450 bazkiderentzako lekua aurreikusi zuten, baina gehiago izango dira azkenean bazkide erabiltzaileak, 528; joan den urrian egin zuten bazkideen lehen batzarra, eta han eratu zuten kooperatibaren Kontseilu Errektorea.

Ekindarren proiektuaz erreportaje hau argitaratu zuen Uztarriak 2022ko apirileko aldizkarian.