Ekiteko beste modu bat

Julene Frantzesena 2022ko api. 24a, 17:33
Eguzki plakak. Horiekin osatutako baratzearen hasiko du bidea Ekindar kooperatibak.

Ekindar kooperatiba jarri dute martxan, eta lehen proiektuari ekitear dira: eguzki plaken parke bat eraikiko dute Urrestillan. Kooperatibako bazkidetza kanpaina egin dute, eta ehunka herritarrek egitasmoarekin bat egin dute. Energia komunitatea berritzailea izango da, baita hori kudeatzeko sortu duten tresna ere. 2022ko apirileko Uztarria aldizkariko erreportaje honetan jasota daude proiektuaren xehetasunak eta kooperatiban izena eman duten herritar batzuen iritziak.

"Badago argindarra sortzeko eta kontsumitzeko beste modu bat", dio Ekindar kooperatibaren aurkezpen bideoaren off ahotsak. Eta hain zuzen ere, helburu horrexekin sortu dute proiektua, egungo energia sistemaren "alternatiba" eraikitzeko asmoz. Azpeitiko Udalak Energiaren Euskal Erakundearekin eta Mondragon Korporazioko Krean taldearekin lankidetzan eratu du energiaren autokontsumorako kooperatiba, eta hainbat dira bazkide laguntzaileak, hala nola Azoka Plazan kokatuta dagoen Elikagunea saltokia, Bertan merkatari elkartea, herriko ikastetxeak nahiz Kulturaz kooperatiba. Gainera, aurreikuspenen arabera, 462 kontsumitzailek edo familiak izango dute kooperatibako bazkide egiteko aukera. Dena den, kontsumoaren arabera, gehiago eta gutxiago izan daitezke horiek. Dagoeneko martxan da bazkidetza kanpaina, eta erantzuna "ezin hobea" izan dela adierazi du udalak. Izan ere, ehunka herritarrek parte hartu dute erakundeak informazioa emateko antolatutako batzarretan, eta ehunka lagunek egin dute dagoeneko kooperatibako bazkide egiteko urratsa.

Ekindarrek martxan jarriko duen lehen proiektua eguzki plakena izango da. Urrestillan eraikiko dute parkea, Altunako bidegurutzetik Nuarberako errepidearen azpialdean kokatutako hektarea bateko lursailean. 25 urtez argindarra sortzeko beharrezko instalazioa eraikiko dute han; 1,256 MWp sortuko dituzte eremu horretan. Proiektuaren sustatzaileek azaldu dutenez, kanpoko energia iturriekiko "menpekotasuna gutxitzeko" balioko du egitasmoak, eta ingurumenarentzat "egokiena" den energia berdea sortuko du. Hain zuzen ere, eguzki plaken bidez sortutako energia argindarraren sare nagusira lotuko dute, eta aurreikuspenen arabera, abendutik aurrera iritsiko da energia hori herritarren etxeetara. Gainera, plakez gain, eremu horretan bertan erlategia eta haztegia ere kokatuko dituzte, baina aurrerago emango dituzte horien gaineko azalpenak.

Martxoaren 17an ekin zion Ekindar energia kooperatibak bazkidetza kanpainari, eta bi asteko epean "aurreikuspen guztiak hautsita", apirilaren 8an itxi zuten kanpainarako irekitako bulegoa. Azpeitian erroldatuta dauden herritar guztiek izan dute bazkide egiteko aukera, baita norbere konturako langileek, enpresa txikiek edo elkarteek ere, egoitza soziala edo lantokia Azpeitian kokatuta baldin badute. Hori bai, bazkide bakoitzaren gehienezko urteko kontsumoak ezingo ditu 12.000 kW gainditu. Aurrez izena eman zuten herritarrek izango dute bazkide egiteko lehentasuna, baina halakorik egin ez duten herritarrek ere izan dute horretarako aukera. Goiko kaleko bigarren zenbakian irekita izan duten bulegoan zein Ekindar. eus webgunean.

Bazkidetza kanpaina bukatuta, ekaina baliatuko dute bazkideen zerrenda errepasatzeko nahiz erreserban gelditzen diren herritarrei erantzuna emateko. Ondoren, ekainean edo uztailean, egingo dute Ekindarren batzar nagusia, eta han, besteak beste, kooperatibako Errektore Kontseilua aukeratuko dute. Proiektu berrien inguruko lanketari ere ekingo dio kooperatibak hurrengo hilabeteetan.

Urrestillan eraikiko dute eguzki plaken parkea, hektarea bateko eremuan. (Mailo Oiarzabal)

Zero kilometro filosofia

"Gaur egungo gizarte eredua eta haren funtzionatzeko modua ez dira jasangarriak". Gaiaren larritasunaz garbi hitz egin du Josu Labaka Azpeitiko alkateordeak. Hark azaldu duenez, gauzak egiteko moduak "aldatu" beharra dago. "Garbi dago energia berriztagarrien aldeko apustua egin behar dela. Bestalde, ikustekoa da gaur egun zenbat ari garen ordaintzen argindarra. Oinarri-oinarrizko behar bat pribatizatuta dago; gutxi batzuek diru asko irabazteko erabiltzen dute argindarra, eta herritarrok urrearen prezioan ari gara ordaintzen oinarrizko behar bat. Energia demokratizatzeko beharra dago".

Energiaren demokratizazioaz haratago, beste bi oinarri ere baditu, baina, Ekindarrek. Hala azaldu du Labakak. "Sentsibilizazioan eragin eta energia trantsizioa egia bihurtu nahi dugu. Egungo errelitateari erantzuteko bide berri bat proposatzen da, beraz". Mundua hobetzeko bidean, haren ustez, Azpeitiak ere "pauso handiak" ditu emateko, eta helburu horren barruan kokatu du proiektua. "Denbora da Azpeitiko Udalak ingurumenaren gaia lehen lerroan jarri zuela; izan ere, udalak eredu izan behar du, eta erakundea ari da horretarako urratsak egiten –kaleko argiteria LED sistemara aldatu da, igerilekuan sistema geotermikoa ezarri da, auto elektrikoen kargagailuak jarri dira, eraikin publikoetan eguzki plakak muntatu dira...–. Udaletik haratago, baina, zer egingo dugu?", galdetu du alkateordeak. Galdera horri erantzunez, bi adibide eman ditu: "Ikastetxeak 50/50 programa ari dira garatzen, sentsibilizazioa eta ahalduntzea lantzeko; bestalde, Sustapen Ekonomikoko dirulaguntzen barruan bada energia inber tsioak laguntzeko lerro bat, eta azken hilabeteetan, gero eta enpresa gehiago ari dira halako proiektuak aurkezten".

Ekindarren proiektuari garrantzirik kendu gabe, tresnan jarri du arreta alkateordeak. Izan ere, Urrestillan kokatuko duten eguzki plaken proiektuaz haratago, kooperatiba sortzeak duen garrantzia azpimarratu du hark. "Antolaketa eredua inportantea da, herritarren kooperatiba izango delako Ekindar". Gainera, oinarrian jarri dituzten helburuak sustatzeko eta etorkizunean etor daitezkeen proiektuak garatzeko tresna "eraginkorra" izango dela uste du. Bide horretan lehena izango da eguzki plakena, baina proiektu hori martxan jartzeaz gain, egitasmo berriak ere azter tuko ditu kooperatibak.

Euskal Herriko beste herri batzuetan ere ari dira energiaren bueltako herritarren komunitateak sortzen, baina Ekiola sozietatetik jaio den eta errealitatea den proiektu "aitzindaria" Azpeitikoa izango da. "Proiektua anbiziotsua da, eredua eta egiteko modua berriak direlako; herritarren, erakunde publikoen eta eragile sozialen elkarlanetik sor tu da herritarren eskura dagoen, herritarren onurarako egin den eta herritarren ikuspegia duen proiektua".

Ehunka herritar izan ziren martxoaren 16an Soreasu antzokian egindako Ekindarren abiapuntu batzarrean. (Julene Frantzesena)

Abiapuntua ere "oso indartsua" dela esan du Labakak, eta herritarren erantzunarekin "oso-oso eskertuta" daudela ere adierazi du. "Ikusten da herritarrek badutela gauzak beste modu batean egiteko gogoa eta nahia. Bidea ezin izaten da bakarrik egin, indarrak batu behar izaten dira aurrera egiteko; izan ere, bide berri bat irekitzea ez da gauza sinplea izaten. Gainera, askotan bide bakarra dagoela erakusten digute, eta besterik ez dagoela sinestera iristen gara, baina gauzak beste modu batean egitea posible da. Proiektu honek, hain zuzen ere, horixe erakusten du, eta horrek beste hainbat arlotara heda daitekeen balio izugarria dauka".

Haren aburuz, gauzak beste modu batera egitearen par te izateak ere badu balioa, eta ez nolanahikoa. "Garrantzitsua da zero kilometro energia kontsumitzen duzula jakitea, adibidez. Uzten ari zaren aztarna hori, txikia izanagatik, garrantzitsua dela jakitea inportantea da. Zerbaitek merezi duen edo ez ekonomiaren ikuspegi soiletik esaten da askotan, baina argi genuen proiektuak ekonomikoki bideragarriaz gain, erakargarria izan behar zuela. Proiektu soziala da, herritarrekin eta herritarren beharrei erantzuteko sortua".

Ekindarren proiektuak energiaren mendekotasunari ere aterabidea emango diola uste du Labakak. Izan ere, Urrestillako eguzki plaketan sortzen den energiaren prezioa berbera izango da proiektua martxan jarri eta hurrengo 25 urteetan. "Merkatuarekiko mendekotasun izugarria dugu Euskal Herrian, eta ziurgabetasun garaiotan, argindarraren prezio justua eskainiko du Ekindarrek". Energia burujabetzara bidean urrats bat gehiago izango da, beraz, Ekindar, baina zinegotziak argi du aferak bi buru dituela: "Garrantzisua da energia sortzea, baina baita kontsumitzen dugun energia aurreztea ere, eta horretan ere sakondu beharko dugu".

Sustatzaileak hainbat

Herriko eragile izanda, Bertanek ezin zuen hutsik egin gisa honetako egitasmo batean". Hala azaldu du Xabier Aldalur (Azpeitia, 1990) Azpeitiko merkatari elkarteko teknikariak. Ekindarren hastapenetatik izan da Bertan Ekindarreko kide, elkarteak "beharrezkotzat" jo zuelako proiektua eta proiektuaren barruan "ahotsa" izan nahi zuelako.

Eragile sustatzaileek Azpeitiko Udalak aurrez emandako pausoak berresten eta aurrera begira egin beharreko urratsak definitzen lagundu dutela azaldu du Aldalurrek. "Halako dimentsioak dituen egitasmo batek eskatzen du herritarrekin kontrastea egiteko beharra; gure kasuan, merkatariekin egin dugu hori". Halaber, proiektua ezagutarazten ere lagundu dutela esan du teknikariak. "Merkatariei informazioa helarazi diegu, eta behar zutenei, aurreinskripzioa egiten lagundu ere bai. Gainera, merkatariei zuzendutako informazio jardunaldi bat ere egin zen, udalaren eta Kreanen laguntzarekin".

Herritar bat Ekindarren bulegoan, hura ireki zuten egunean. (Julene Frantzesena)

Bertakotasunaren ikuspegitik, Ekindar proiektua Bertanek defendatzen dituen ideiekin "bat" datorrela azaldu du Aldalurrek. "Gurea, gertukoa, kontsumitzea da egitasmoaren oinarria". Gainera, ekonomiaren ikuspegitik, egungo merkatuaren "ziurgabetasunari" aurre egiteko eta "ondo bidean" epe ertainera kostuetan aurrezteko bide eman dezake proiektuan parte hartzeak. "Ondorioz, merkataritza sektoreak bizi duen egoera medio, saltoki txikien errentagarritasunean lagungarri izan daiteke Ekindar".

Merkatarientzat poiektua erakargarri "energia burujabetzak berarekin duen ziurtasunak" egiten duela esan du hark. "Egun, merkatuko energiaren prezio aldaketek aurreikusi gabeko kostu igoerak eragin dituzte, ezustean kostu gehigarriak sortuz. Horrek negozio askoren jarduna baldintzatzen du, eta energia komunitate bat sortzeak nolabaiteko egonkortasuna eman diezaioke dendarien energia kontsumoari".

Azoka Plazako Elikagunea kudeatzen duen Artxara kooperatiba txikia da Ekindar proiektuko beste eragile sustatzaileetako bat, eta hango bazkidea da Ioritz Aizpuru (Azpeitia, 1983). Elikadura burujabetza da Artxarako kideen jardunaren oinarria; "landa eremu bizi bat" dute xede, eta "ingurumenarekin konprometituta" daude. Ekindar energia berriztagarriei lotutako proiektura batzeko badela "nahikoa arrazoi" uste du, kooperatiba horrek herritarren komunitatea sortzeaz gain, energia burujabetza duelako oinarri. "Gainera, erabiliko diren lurrei erabilera hirukoitza emango zaie, eguzki plakez gain, eztiaren eta bertako landareen ekoizpena ere egingo direlako bertan".

Orain arte emandako pauso guztiak eragile sustatzaileen artean adostuta gauzatu dituztela eta ekarpenak egiteko aukera ere izan dutela esan du hark. "Guk, batez ere, landa lurrei eman diezazkiekegun askotariko erabileren inguruko ekarpenak egin ditugu". Bestalde, Ekindarren gaineko informazioa beren komunitatean zabaltzeaz ere arduratu direla jakinarazi du.

Ekindarrek Artxararen oinarriekin "bat" egiten duela uste du Aizpuruk, eta proiektuaren parte izatea "garrantzitsutzat" jo du. Izan ere, komunitatea sendotzeaz gain, elkarlanerako ate berriak ireki daitezkeela azaldu du. Herrian komunitateak sortzeak duen garrantzian ere egin du azpimarra hark, herria "bizirik eta antolatuta" dagoen seinale delako hori. "Energia burujabetza oinarri duen proiektua da, eta gure helburuekin bete-betean egiten du bat".

Udaleko, Energiaren Euskal Erakundeko nahiz Krean kooperatibako kideak Ekindarren bulegoaren atarian. (Julene Frantzesena)

Herritarren iritziak

Usoa Etxeberria

""Kooperatibetan sinesten dudalako eta energiaren arloan transparentzia falta eta zikinkeria asko dagoelako egingo naiz bazkide. Mundua hankaz gora dago, eta bakoitzak ahal duen konpromisoa hartuz, aldatzeko garaia da. Aldaketa hori gauzatzeko erantzun ezin hobea iruditzen zait Ekindar. Herriko ekonomia sustatzeko eta etorkizunean mundu hobe bat izateko, honako hauek dira faktoreak: elkarlana, kooperazioa, jasangarritasuna, herria eta gardentasuna. Ekindarrek onura horiek guztiak dituelakoan nago".

Iker Amenabar

"Argindar enpresa handiak adarra jotzen ari zaizkigun sentipena daukat, eta beraz, garrantzitsua iruditzen zait herrian energia burujabetzan eragingo duen kooperatiba bat eratzea. Bestalde, Ekindarrek energiaren demokratizazioa ekarriko duela uste dut, norbere poltsikoan ere sumatuko dugulako aldea. Arlo ekonomikoa alde batera utzita, urrats garrantzitsua da halako proiektu bat martxan jartzea, denon esku dagoelako gauzak eta egiteko moduak aldatzea".

Aitor Epelde

"Proiektu kooperatiboa delako batu naiz Ekindarrera, energia iturri berriztagarria eta garbia delako, baita ekonomikoki interesgarria izan daitekeelako ere. Ingurumena zaintzeko kontzientzia sortzeko balio dezake proiektuak; ingurumena zaintzea gure burua zaintzea da. Energia burujabetzara bidean urrats bat da Ekindar, nahiz eta urrats txikia izan. Egun, baliabide naturalak gehiegi ustiatzen ditugu, eta kontsumoa gutxitzea aurrerapauso handia litzateke".

Arantxa Aldalur

"Proiektua asko gustatu zitzaidan, interesgarria iruditzen zaidalako energia burujabetza izatea. Oso garbi eta garden azaldu dute zein den proiektuaren helburua, eta hori eskertzekoa da. Gaur egungo egoera ikusita, Ekindar bide egokia dela uste dut; energia krisiari, prezioen garestitzeari, enpresa elektriko handien funtzionamenduari nahiz ingurumenari erreparatuta erabaki dut proiektura batzea. Gero eta garrantzi handiagoa eman behar diogu zero kilometro kontsumoari".

Maria Olaizola

"Hainbat arrazoigatik egin naiz Ekindarreko bazkide; batetik, energia berriztagarriek duten garrantziagatik, eta bestetik, ekonomikoki eskaintza interesgarria delako. Energia herrian sortuko da, eta horrela, mendekotasun gutxiago izango dugu. Gainera, kooperatiba izanik, kontsumitzaileok izango dugu erabakitzeko eskumena. Urrats txikia bada ere, aurrerapausoa da Ekindar, eta etorkizunean proiektu gehiago garatzen ere lagundu dezake".

Ander Kerejeta

"Proiektu oso interesgarria iruditzen zait, herrian sortutako energia berdea kontsumitzeko aukera emango duelako. Izan duen harrera ikusi besterik ez dago; izan ere, guztioi interesatzen zaigu energia garbia, zero kilometrokoa, kontsumitzea. Horrez gain, onura ekonomikoa ere aipatuko nuke; kontsumituko dugun energia merkeagoa izango delako. Urrats handia da Ekindar sortzea, energia baliabideak herritarrok kudeatzea oso interesgarria iruditzen zaidalako".