Gaurtik martxan da Ekindar kooperatibako bazkidetza kanpaina

Julene Frantzesena 2022ko mar. 17a, 12:09
Hodei Arzak Kreaneko kidea eta Josu Labaka alkateordea atzoko batzarrean azalpenak ematen.

Aurreinskripzioa eginda dutenek dagoeneko eska dezakete bazkidetza gastuen kalkulua, eta hain zuzen ere, aurrez izena eman duten herritarrek izango dute bazkide egiteko lehentasuna. Astelehenean zabalduko dute Ekindarren bulegoa Goiko kalean, bazkidetza kanpaina sustatzeko. Azpeitian erroldatutako 462 kontsumitzaile inguruk izango dute kooperatibako bazkide egiteko aukera.

Ekindar kooperatibaren abiapuntu batzarra izan zen atzo iluntzean Soreasu antzokian. Gaiaren bueltan egin den bigarren bilkura izan zen atzokoa, eta lehenengoan bezalaxe, ikusmina sortu zuen egitasmoak. Izan ere, ia leporaino bete zen antzokia.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak hasi zuen batzarra, eskerrak emanez proiektuaren bidelagunei, hala nola Krean kooperatibari, Energiaren Euskal Erakundeari nahiz Ekiolari eta Azpeitiko eragile sustatzaileei –ikastetxeak, Elikagunea, Bertan merkatari elkartea eta Kulturaz kooperatiba–. Gainera, proiektuarekiko interesa agertu duten herritarrentzat ere esker hitzak izan zituen, "aurreikuspen guztiak gainditu" dituztela esanda. Hark azaldu zuenez, gaur egungo energiaren bueltako eredua ez da jasangarria, eta horren aurrean, bi aukera daude: ekitea edo itxoitea. "Azpeitian erabaki dugu alternatiba lantzen hastea".

Sarrerako hitzartzea eginda, Josu Labaka alkateordeak eta proiektua garatu duen Krean kooperatibako Hodei Arzakek eman zituzten kooperatibaren nahiz proiektuaren inguruko azalpenak eta xehetasun ekonomikoak, baita bazkidetzaren gainekoak ere. Ekindar eredu publiko-kooperatibo-komunitariodun irabazi asmorik gabeko kooperatiba da, eta martxan jarriko duen lehen proiektua eguzki plaken parkea izango da. Labakaren esanetan, zero kilometro filosofiari erantzungo dio proiektuak. "Gauzak beste modu batean egitea da xedea, eta herritarrek kontsumoaren araberako inbertsioa egin beharko dute; izan ere, gaur baino gutxiago kontsumitu beharko genuke bihar".

Hain zuzen ere, eguzki plakak Urrestillako hektarea bateko lursail batean kokatuko dituzte, eta plaka horien bidez 1,256 MWp sortuko dituzte. Gainera, plakez gain, eremu horretan bertan erletegia eta haztegia ere kokatuko dituztela aurreratu zuen Labakak. Ekindar kooperatibak, baina, proiektu hori martxan jartzeaz gain, beste egiteko batzuk ere izango dituela aurreratu zuen proiektuaren sustatzaileek; besteak beste, gaiaren sentsibilizazioan, energiaren demokratizazioan eta trantsizio energetikoan eragitea du xede. 

Bazkidetza kanpaina

Dagoeneko sortuta dago kooperatiba, eta Arzakek azaldu zuenez, proiektua egikaritzeko behar diren baimenak-eta lortzen ari dira azken urte eta erdian. Gainera, eguzki plaken proiektua martxan jartzerako egin beharreko urratsen kronograma ere azaldu zuen hark atzokoan. Aurreinskripzioa eginda duten herritarrek dagoeneko eska dezakete bazkidetzaren kostuaren kalkulua Ekindar.eus webgunean, eta astelehenean ekingo diote bazkidetza prozesuari; bazkide egiteko lehentasuna aurrez izena eman dutenek izango dute.

Dena den, gaur jakinarazi du udalak eskaera kopurua tarteko, aplikazioan gainkargak hainbat arazo sortu dituela. Konponketa lanetan ari direla ere esan du erakundeak, baina aplikazioarekin arazoak dituzten herritarrek info@azpeitia-ekindar.ekiola.eus helbide elektronikora faktura, NA zenbakia eta kontaturako datuak emateko aukera dutela ere adierazi du.

Era berean, astelehenean zabalduko dute Ekindarren bulegoa, Goiko kaleko 2. zenbakian, udaletxearen ondoan eta lehen farmazia zegoen lekuan, eta herritarrek hara ere jo ahal izango dute informazioa eskatzera nahiz bazkidetza gauzatzera. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da irekita bulegoa.

Proiektua garatzeko egin dituzten estimazioen arabera, 462 kontsumitzaile inguruk izango dute kooperatibako bazkide egiteko aukera. Azpeitian erroldatuta dauden herritar guztiak egin daitezke bazkide, baita norbere konturako langileek, enpresa txikiek edo elkarteek ere, egoitza soziala edo lantokia Azpeitian kokatuta baldin badute. Hori bai, bazkide bakoitzaren gehienezko urteko kontsumoak ezingo ditu 12.000 kW gainditu.

Bazkidetza kanpaina maiatzean bukatuko dute, eta ekaina baliatuko dute bazkideen zerrenda errepasatzeko nahiz erreserban gelditzen diren herritarrei erantzuna emateko. Ondoren, ekainean edo uztailean, egingo dute Ekindarren batzar nagusia, eta han, besteak beste, Errektore Kontseilua aukeratu beharko dute, kooperatiba bidea egiten has dadin. Hurrengo hilabeteetan proiektu berrien inguruko lanketari ere ekingo dio kooperatibak, eta Ekindarrek sortutako energia herritarren etxeetara abenduan iristea espero dutela ere aurreratu zuten Labakak eta Arzakek.

Laguntza hainbat

Sektore elektrikoa "oso erregulatuta" dagoela eta erabateko burujabetza lortzea "oso zaila" dela adierazi zuen Krean kooperatibako ordezkariak. Horren harira, Ekindarren xedea energia kostu prezioan eskaintzea dela gaineratu zuen. "Norbere energia kontsumoa %100 bermatzea da helburua".

Bazkide egiten den norbanako edo familia bakoitzak egin beharreko diru ekarpenaren gaineko xehetasunak ere eman zituzten, baita zenbateko horiek baxuagoak izan daitezen eskainiko dituzten laguntzen berri eman ere. Izan ere, Azpeitiko Udalak 250.000 euro bideratuko ditu Ekindar proiektura, bazkideei laguntzak eskaintzera. Horrez gain, Gipuzkoako Ogasunak %15eko kenkaria aplikatuko die bazkide egiten diren herritar guztiei.

Halaber, Laboral Kutxarekin hitzarmena ixteko daudela ere adierazi zuten batzarrean; kreditu pertsonala eskatu ahal izango dute hala nahi duten bazkideek banku horretan, Ekindarrek bermea emanda. Gainera, Europako Funtsei lotutako Next Generation programako beste dirulaguntza bat ere eskatu du Azpeitiko Udalak proiektua sustatzeko, eta Gipuzkoako Foru Aldundian ere eskatuko duela aurreratu dute. "Ez dakigu dirulaguntza horiek jasoko al ditugun; beraz, horiek kontuan hartu gabe egin ditugu orain arteko kalkuluak", azaldu zuen Labakak.

Erlazionatuak

Ekindarren abiapuntu batzarra, bideoan

Ihintza Elustondo 2022 mar 18 Azpeitia