Lehen batzarra eginda, bazkideek eratu dute Ekindar kooperatibako Kontseilu Errektorea

Julene Frantzesena 2022ko urr. 27a, 10:05
Ekindarren aurreneko batzarrean hainbat herritar elkartu ziren.

528 bazkide erabiltzaileek kooperatibaren %70 osatuko dute, eta bazkide laguntzaileek, berriz, gainerako %30. Amaia de Castro, Jon Iñaki Arakistain, Mikel Bastida, Xabat Oregi eta Aitzol Iparragirre izango dira bazkide erabiltzaileen ordezkariak, eta Azpeitiko Udala eta Bertan merkatari elkartea bazkide laguntzaileenak.

Ekindar Azpeitiko energia kooperatibako bazkideek ezohiko batzar nagusia egin zuten atzo, asteazkena, Soreasu antzokian. 300 bat lagun elkartu ziren han, eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eman zien haiei ongietorria. Hain zuzen ere, eskerrak eman zizkien alkateak hara joandako guztiei, baita proiektua lagundu duten eragileei nahiz enpresei ere. Izan ere, hark aitortu zuenez, erronkari erantzuteko gai izango ote ziren kezka izan zuten Ekindar proiektuaren hastapenetan. Alkortaren esanetan, baina, azpeitiarrek duten herriarekiko konpromisoa "izugarria" da, eta horren erakusle izan zen, haren hitzetan, atzoko bilkuran "sentsibilitate, adin nahiz pentsaera desberdinetako" herritarrak elkartu izana.

Azpeitiko Udalak Energiaren Euskal Erakundearekin eta Mondragon Korporazioko Krean taldearekin eratu du Ekindar kooperatiba. Kreanek egikaritu du proiektua, udalarekin batera, eta hain zuzen ere, enpresa horretako kide Asier Etxabek, Hodei Arzakek eta Elene Santamariak eman zituzten batzarreko azalpen gehientsuenak. Lehenik proiektuaren ibilbidea azaldu zuten horiek, eta besteak beste, lurzoruaren inguruko izapideak izan zituzten hizpide. Kronograma ere aurkeztu zuten Kreaneko ordezkariek, eta Urrestillako lursail batean kokatuko den eguzki plaken parkearen eraikuntza lanak abenduan hastea espero dutela adierazi zuten; izan ere, eraikuntzarako lizentzia azaroan eskuratzea aurreikusten dute. Ekindarren eguzki plaken proiektua apirilean martxan jartzea espero dute, eta herritarrek ekainean sumatzea ekoizpenaren isla beren fakturetan.

Kreaneko kideak azalpenak ematen.

Ondoren, kooperatibaren antolaketari buruzko nondik norakoak jakinarazi zituzten: 528 bazkide erabiltzaileek kooperatibaren %70 osatuko dute, eta bazkide laguntzaileek –Azpeitiko Udala, Kulturaz kooperatiba, Bertan merkatari elkartea, Elikagunea eta herriko ikastetxeak–, berriz, gainerako %30. Zehazki, batzarreko beste puntuetako bat zen kooperatibaren Kontseilu Errektorea eratzea, eta herritarrek bilkurara sartzerako izan zuten hautagaiei boza emateko aukera. Orain arte Krean energia enpresako Amagoia Barandiaran izan da Ekindar kooperatibaren administratzaile bakarra; atzotik, baina, bost bazkide erabiltzailek eta bi bazkide laguntzailek osatuko dute Kontseilu Errektorea, bazkideek hala erabakita: Amaia de Castro, Jon Iñaki Arakistain, Mikel Bastida, Xabat Oregi eta Aitzol Iparragirre izango dira bazkide erabiltzaileen ordezkariak –ordezkoak, berriz, Olatz Unanue, Irati Labaka eta Ane Soraluze–; eta Azpeitiko Udala eta Bertan merkatari elkartea bazkide laguntzaileenak. Bost urtez ariko dira kooperatibako zeregin horretan.

Bazkide erabiltzaileek hitza hartu zuten bilkuraren bukaeran, eta horiek bat egin zuten proiektuari buruz hitz egitean. Proiektu "ederra" eta "aukera paregabea" dela uste dutela esan zuten, eta kooperatibako ordezkaritza lana ondo betetzen ahaleginduko direla ere bai.

Kontseilu Errektorea osatuko duten kideak eta erakundeetako ordezkariak.