Jon Alberdi, Promozio mailako buruz burukoan txapeldun

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 21a, 19:54
Jon Alberdi txapelarekin eta garaikurrarekin, gaurko finalaren osteko sari banaketa ekitaldian.

22 eta 11 irabazi dio azpeitiarrak Iker Salaberriari Iruñeko Labriten jokatutako finala. Sei partida jokatu ditu txapelketan, eta seirak irabazita jantzi du txapela. Iaz binakakoa irabazi zuen Alberdik Salaverri errioxarrarekin.

Jon Alberdik txapela jantziz borobildu du Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketa. Hobetzen zaila da aurrelari azpeitiarrak txapelketa horretan osatu duen bidea: bi aurrekanporaketa jokatu behar izan zituen koadro nagusian sartu ahal izateko, sei partida jokatu ditu –beste lehiakide guztiek baino gehiago– eta alerik ez du galdu. Txapelketa apartaren barruan, gainera, Unai anaiari irabazi behar izan zion finalera iristeko.

Gaur, Iruñeko Labrit pilotalekuan, 22 eta 11 irabazi dio Alberdik Iker Salaberria goizuetarrari. Azpeitiarrak hasieratik hartu du partidaren lema. 7 eta 0 aurreratu da. Hiru tanto egin ditu segidan Salaberriak, baina aurki eten du aurkariaren goralditxoa Alberdik, hamahirugarren tantoraino ihes eginda. 15 eta 5etik, 15 eta 9ra gerturatu zaio nafarra gero, eta tarte horixe izan da deserosoena azpeitiarrarentzat. Izan ere, 21.eraino iritsi da hurrengo tanto sailarekin; eta Salaberriak hamargarrena egitea lortu duen arren, hortxe gelditu da.

Gaurkoarekin, Promozio mailako txapelketa guztietako finalak jokatu ditu Alberdi anaietan zaharrenak, baita bigarren txapela irabazi ere, duela urtebete Ruben Salaverrirekin jantzi zuen binakakoaren ondoren. Promozio mailako buruz burukoak datorren urtean Buruz Buruko Txapelketa Nagusia jokatzeko atea irekiko dio azpeitiarrari.